Migratzaileak hiru tiro jaso zituen ostegunean: bi bizkarrean eta bat masailean. Hiritarron Harrera Sareak salatu du hilabete gutxian Donostian gertatutako gisa horretako bigarren erasoa dela.
Hiritarron Harrera Sarearen esanetan, eraso arrazista Donostiako Mandasko Dukearen pasealekuan gertatu zen, Egia auzoan, eguerdian. Kalean eserita zegoen etorkin bat aire konprimituko arma batekin tirokatu zuten, aurrean zuen eraikinaren balkoi batetik. Zaurien ondorioz osasun arreta jaso behar izan zuela adierazi dute.
Hiritarron Harrera Sareak gaitzetsi du Donostian "migratzaileekiko gorrotoa urrutiegi" iristen ari dela: "Ezin ditugu eraso hauek normalizatu. Are gutxiago, beste alde batera begiratu". Izan ere, udan Alde Zaharreko balkoi batetik tiro egin zioten beste etorkin bati.