2026ko irailaren 20an - 08:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

New Directors saileko Body of glass (Beirazko gorputza) drama. Sail honetako film askoren antzera, elkarrizketa labur eta isilunez jositako lana da, ikusleari esfortzu pixka bat eskatzen diona. Hori, alde batetik, ona da, interpretazioari eta gogoetari lekua ematen baitio. Baina, beste aldetik, mezua zuzenean ez transmititzeko erabakia hartzen du; apur bat koldarra. Kasu honetan, ordea, beharrezkoa zen.

Body of glass-en Tian protagonista (Soma Pysall) eta Felix (Manuel Severi), bere bikotea, ezagutu ditugu, eta bien arteko erlazio bortitza, gizonak emakumeari tratu txarrak ematen baitizkio. Lehen eszena hipnotikoan, autoa gelditu eta Felixek bide bazterrean utzi du Tian, eta pixka bat geroago jaso, ezer gertatu izan ez balitz legez; argi geratu da bortizkeria eta mendekotasun erlazioa. Zuzendariak, gai horren inguruan gehiago esploratu ostean, Tianek Felix etxean harrapatu eta bahitzea lortu du, ohean lotuta. Jarraian, Tianek ospitalean ezezagun batzuk ikusi ditu: lagun eta anaia zuten pertsona bat galdu berri dute istripu batean, eta protagonista beraiengana hurbildu da, arraro, eta hildakoaren neska laguna zela esan die.

Ez dut xehetasun gehiago eman nahi; laburpen horrekin ikus daiteke protagonistaren izaera berezia dela, abusu erlazioaren eta jokabide arraroaren artean, ikuslea berari etiketa bat jarri nahian hasiko da: ona al da Tian? Felixek eragindako traumaren ondorioz jokatzen ari al da horrela? Nola bukatuko da guztia? Galdera horiei erantzuna eman baino gehiago, botere harremanen konplexutasuna eta grisak aztertzen ditu pelikulak. Filmeko beste pertsonaien jokabidea ere ez du askorik argitu zuzendariak: berriro, spoilerrik egin gabe, ezin ondo azaldu, baina isiltasunen lekuan elkarrizketa zuzenagoak ondo leudeke, nire iritziz.

Soinu-banda berezia eta desberdina iruditu zait. Hasieratik nolabaiteko ezinegona sortu digu ikusleoi, eta, filma aurrera zihoan heinean, musika are hobeto uztartu da testuinguruan, eta indar handia eman dio guztiari. Filma, izugarria ez baderitzot ere, amaierako solasaldiaren laguntzaz, ez da gaizki egon; eman du zer pentsatua.


Zinemaldia 2026 kanalean gehiago
2026ko irailaren 27
Azken agurra
Umore bisuala

2026ko irailaren 27
Josephine
Egoera latzari aurre

2026ko irailaren 25
The debut
Magikoa eta zoroa

2026ko irailaren 25
Bloques erráticos
Ez du nondik heldu

2026ko irailaren 24
Tender loving care
Zaintzaren ikuspegi desberdinak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.