1902ko maiatzaren 20an Kubako Errepublika aldarrikatu zen, eta Espainiak uhartearen gaineko kontrol koloniala amaitu zuen. Hala ere, trantsizio hura ez zen benetako burujabetza osoaren hasiera izan. Ameriketako Estatu Batuek, Monroe doktrina (“Amerika amerikarrentzat”) jarraituz, kontrol politiko, ekonomiko eta militar handia ezarri zuten Elihu Rootek diseinatutako Platt Zuzenketaren bidez. Horren ondorioz, Washingtonek Kuban militarki esku hartzeko eskubidea bereganatu zuen, eta uhartearen subiranotasuna muga juridiko eta politiko zorrotzen menpe geratu zen.
Urteurren hori baliatuta, Marco Rubiok adierazpen polemikoak egin ditu, Kuba AEBentzat mehatxu moduan aurkeztu du eta AEBetako kontakizun hegemonikoa berriz ere indartu du.
Zenbait kontu argitzea beharrezkoa da. Lehenik eta behin, 1902ko maiatzaren 20a ez zen Kubaren benetako independentziaren unea izan, AEBen menpe jaiotako errepublika baten hasiera baizik. Burujabetza osoaren aldeko haustura politikoa ez zen 1959ra arte iritsiko, Fidel Castrok 1953ko uztailaren 26an abiaturiko iraultzaren garaipenarekin batera.
Bestalde, Rubiok Kubako egungo egoera ekonomikoa gobernuari eta GAESA bezalako egitura instituzionalei egozten die. Baina egoera oso bestelakoa da. Kubaren aurkako lehen neurri ekonomiko gogorrak 1959ko iraultzaren ondoren hasi ziren, eta 1962an erabateko blokeoa ezarri zuten John F. Kennedyren administrazioak, Cochinos badiako inbasio saiakeraren porrotaren ostean.
Kuba inperialismoaren aurkako erresistentziaren ikur bihurtu da azken hamarkadetan, eta ziur naiz ez dela oraingoan ere makurtuko
Gaur egun ere, blokeoak eragin zuzena du Kubako ekonomian. 2024ko martxotik 2025eko otsailera bitartean, 7.556,1 milioi dolarreko galerak eragin zituen, batez ere esportazioen beherakadagatik eta nazioarteko finantza-transakzioetan ezarritako oztopoengatik. Egoera are gehiago okertu da azken hilabeteetan, Venezuelari Kubara petrolioa esportatzeko ezarritako debekuen ondorioz.
Kubaren egoera ekonomikoa, beraz, ezin da ulertu blokeoaren eragina kontuan hartu gabe. Hala eta guztiz ere, kubatarrek erresilientzia handia erakutsi dute hainbat arlotan. COVID-19aren pandemian, Kubak txerto propioak garatu zituen –Abdala eta Soberana 02, besteak beste–, munduko herrialde gutxik lortu zutena, gainera blokeopean egonda. Aldi berean, osasun sistema unibertsala mantendu du, eta mediku brigadak bidali ditu munduko hainbat herrialdetara, elkartasun internazionalistaren adierazgarri. Horrez gain, alfabetatze maila ia erabatekoa eta hezkuntza publiko sendoa mantentzea lortu du, baliabide oso mugatuak izan arren.
Rubioren diskurtsoak, ordea, testuinguru historiko hori guztia ezkutatu egiten du, Kubako egoera soilik barne faktoreen ondorio balitz bezala aurkeztuta. Baina Kubaren aurkako presio ekonomiko eta politikoa ez da gaur hasi: hamarkadetan luzatutako estrategia inperialaren jarraipena baino ez da. Trumpek Iranen egin zuen saiakera ekartzen dit gogora, herrialdea barrutik desegonkortzen saiatzea, alegia.
Argi dago Venezuelarekin egin zuten bezala, inperialismoa bere hurrengo erasoa zilegitzeko kontakizuna eraikitzen hasi dela. Gainera, Iranen aurkako porrotaren ostean, badirudi Trumpen gobernua garaipen baten bila dabilela. Hala ere, Kuba inperialismoaren aurkako erresistentziaren ikur bihurtu da azken hamarkadetan, eta ziur naiz ez dela oraingoan ere makurtuko.
Inperialismoa Kubatik at!
Markel Elortza
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.