Asteazkenetik aurrera, ETB3 "ETB1 ON" bihurtuko da, eta ETB4, berriz, "ETB2 ON". ETB1 eta ETB1 ON eta ETB2 eta ETB2 ON ez dira gauza bera izango: albisteei eta aktualitateari loturiko edukiak aldi berean emango dituzte ON kateetan, baina EITB taldeak hitzeman du proposamen eta eduki "bereziagoak" izango dituztela kate berriek. Aurrez grabaturiko edukiak biltzen ditu ON-ek.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
Erabakia astelehen goizean eman du jakitera EITB taldeak. Zortzi paragrafoko artikuluan, azken aurrekora arte ez du aipatu ere egin ETB3 eta ETB4 kateak itxi egingo dituztela. Ez dute arrazoirik zehaztu. Esan dute ETB3ren partez, zenbaki berean, ETB1 ON-en emisioa izango dela, eta ETB4ren partez, berriz, ETB2 ON. Lehena euskarazkoa eta bigarrena gaztelerazkoa, alegia.
Albistegi eta gaurkotasun gaiak ematen direnean ETB1 eta ETB2 kate konbentzionaletan, horiek bikoiztu egingo dira ETB1 ON eta ETB2 ON kateetan. Baina gainontzeko tarteetan "proposamen eta eduki berezi eta osagarriak" eskainiko dituzte, EITB taldearen esanetan. Hainbatetan azpimarratu dute "proposamen desberdinak" izango direla, nahiz ez duten ezer definitu. Besteak beste, ETB3ren ordezko ETB1 ON-en, eduki hauexek izango direla esan dute: "Euskarazko haur programazio zabala, euskal gizarte eta kulturarentzat erreferenteak diren ekitaldi eta zuzenekoekin batera". Ordu tarterik eta programaziorik ez dute zehaztu.
Epe laburrean, ETB1 ON katea baliatuko du EITBk ostegun honetan hasiko den Korrikaren zuzeneko emanaldia "ordutegi zabalean" emateko.
Haurrei zuzendutako kate propiorik ez
Haur eta gaztetxoei propio zuzenduriko telebista lineala da, edo izan da, ETB3 katea, aspaldiko urtetan audientzia datu benetan kaskarrak lortu dituena. Iaz %0,1eko kuota erdietsi zuen Hego Euskal Herrian, Berria egunkariko Urtzi Urkizuk argitaratu moduan. Kritika ugari pilatu dituzte urteotan, ez dutelako haur eta gaztetxoentzako eduki interesgarririk eskaini. Ziurrenik horrexegatik, EITBk Makusi plataforma digitala sortu zuen haurrei zuzenduriko edukiarekin, noiznahi eta nahieran ikusteko aukerarekin. Aipagarria da, dena dela, Makusi-ko edukien %75 inguru ezin direla Ipar Euskal Herrian ikusi, EITBren Primeran plataformarekin gertatzen den bezalaxe, eduki horiek ez dutelako baimenik Frantziako Estatuan eskaintzeko. EITBk zehaztu duenez, baina, ETB1 ON eta ETB2 ON-eko edukiak Hego zein Ipar Euskal Herrian ikusi ahal izango dira, "mugarik gabe".
Beste hizkuntza mordo batetan dagoen bezalaxe, euskarazko marrazki bizidunak eta haur eta gaztetxoei zuzendutako edukiak eskaintzeko funtzioa bete du ETB3k.
Aldatu Gidoiaren salaketa
EITB taldeak baino lehen, Aldatu Gidoia taldeak eman du notiziaren berri iragan asteburuan, EITBko langile batzuk informazioa pasa zietelako. Une horretan ez zen ezagutarazi ETB1 ON kateak haurrentzako edukia ere eskainiko zuela.
Aldatu Gidoiari "ezin larriagoa" iruditu zaio EITBko zuzendaritzak "ondorio sakonak" eragingo dituen neurria hartzea. Izan ere, Eustat-en datuak hartuta esan dute Hego Euskal Herriko etxeen %40an ez dela telebista internet bidez ikusten, izan baliabide teknikorik edo ohiturarik ez dutelako. Hortaz, Aldatu Gidoiaren esanetan, ETB3-ren emisio lineala eteteak 170.000 haur eta gazteren "eskubideei" eragingo lieke: "Hego Euskal Herriko hamar haur eta gaztetxotik lauri ez zaie euskararako eta euskarazko edukietarako sarbide unibertsala bermatuko".
Aldatu Gidoiak salatu du euskarazko edukiak bermatzea ez dela "Eusko Jaurlaritzako txandako agintarien borondatearen araberako aukera bat", baizik eta zerbitzu publikoaren "betebeharra eta eskubide kolektiboa". Asteburuan egin du salaketa publikoa Aldatu Gidoia taldeak, eta dei egin dio EITBren zuzendaritzari "prozesu demokratiko zintzoa" abiatzea, baita "norabidetze estrategikoan" gogoetatzea ere.