Umeei zuzendutako telebista katea ixteak euskarari kalte eta gaztelaniari eta frantsesari egingo liokeela iritzita, euskalgintzako zenbait eragile eta sindikatu bildu ditu Pantailak Euskaraz plataformak, EITBko zuzendaritzari erabakia atzera bota dezan eskatzeko.
Korrikaren amaiera hunkigarri eta jendetsuak izan du bere bestondoa: euskalgintzako zenbait sindikatu eta eragile batu dira EITBk martxoaren 16an iragarritakoa eta handik bi egunera egikaritutakoa, ETB3 katearen itxiera, salatzeko eta erabakia atzera botatzeko eskatzeko. Erabakiak harrabotsa sortu zuen euskal jendartean, umeei zuzendutako euskara hutsezko telebista kate bakarra baitzen ETB3; hain zuzen ere, hamar egunean 25.000 sinadura inguru lortu dituzte erabakia salatzen. Donostiako Teila Fabrikan agerraldia egin duten eragileek argi dute: “ETB3ren itxierak euskarari eta euskaldunoi kalte egiten digun moduan, gaztelerari eta frantsesari egiten dio mesede. Euskararekin betetzen ez dugun eremu bakoitza erdarek betetzen baitute”.
Hamaika eragile eta sindikatu batu dira agerraldian: Euskalgintzaren Kontseilua, Aldatu Gidoia, Ikastolen Elkartea, Sortzen elkartea, Taupa Mugimendua-kukulaisi, Hezten, Zirimola Aisialdi Taldea, Gazte Euskaltzaleen sarea eta ETBko ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuak. Bertan, ETBko zuzendaritzari eskatu diote hartutako erabakia atzera bota dezan eta “bere sorrera legean dagoen euskararen normalizaziorako helburuari lotu dadila”. Izan ere, salatu dutenez, ETB3ren itxierak “kalte atzeraezina” sortu diezaioke normalizazioari. Bere sorreraren kontrako noranzkoan ari da, beraz, euskal telebista publikoa, gogorarazi baitute 1980 eta 1990eko hamarkadetan ETB1ek “ordu luzez, goizez zein arratsaldez” eskaintzen zituen euskarazko marrazki bizidunak “funtsezkoak” izan zirela belaunaldi oso bat euskalduntzeko.
Baina pausoa emana dago jada. Martxoaren 18tik jada ez dago ETB3 katerik ezein telebistatan; adimendun edo adimengabe izan. Badago hark eskaintzen zuen zerbitzua, nolabait, betetzen duen alternatiba bat: Makusi plataforma. Baina horri gehitzen zaio arrakala digitala, EITBren plataforma hori gailu adimendunetan baino ez baitago ikusgai, eta horrelako gailuak falta dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako etxeen %40k ia, Xumar Altzugarai Pantailak Euskaraz plataformako kideak adierazi duenez; Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere ehuneko hori antzerakoa dela uste dute. Horri gehitu behar zaio telebista adimenduna daukatenetako zenbaitzuek ezin dutela Makusi plataforma erabili, arazoak baititu; guztira, 90.000 soslai sortu dituzte Makusin, Euskal Herri osoko familietara iristetik “oso urrun” dago, beraz, plataforma.
Katea bera ixteko formak ere sortu zuen errezeloren bat edo beste. EITBk komunikazio ofizialik egin orduko, bezperan hain zuzen, Aldatu Gidoiak plazaratu zuen salaketa, katearen programazioa hutsa zegoela ikusita. Horren ondoren heldu zen EITBren komunikatua, "unibertso digitalera egokitzea" argudiatuta. Baina erabaki hori aldebakarrez eta adituekin berba egin barik hartu zuen EITBko zuzendaritzak, "euskalgintzako eta hezkuntzako eragileekin, EITBko sindikatuekin, eta soziolinguistikan aditu direnekin konpartitu eta kontrastatu gabe", salatu dute eragileek.
Euskara eta teknologia berriak
Eta digitalizazioaren argudioak ere sortu ditu hazkurak. Euskarak kontsumo ohitura berrietara ohitu behar du, horretan ez dute zalantzarik egin bertaratutako eragileek, baina datuek erakusten dute, momentuz behintzat, haurrek telebista konbentzionala kontsumitzen dutela gehien: Espainiako Estatuan 4-12 urte bitarteko umeen %42-%63k. Hori horrela, ETB3 ixteko momentua oraindik ez da iritsi, horrela uste dute. Horren adibide dira jasotako milaka sinadurak, horrela iritzi diote: “Honek agerian uzten du gizarteak ez duela erabaki hau ulertu, eta are gehiago, EITBren erabakiak euskal jendartean kezka eta ezinegon handia sortu duela”.