argia.eus
INPRIMATU
ETAren eta GALen biktima bana, Hala Bedi irratiaren mahai-inguruan
  • Carmen Galdeano GALek hildako Xabier Galdeano Egineko kazetariaren alabak eta Rosa Rodero Ertzantzako Sarjentu buru zen Joseba Goikoetxearen alargunak hilaren 14an Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean egingo den mahai-inguruan parte hartuko dute. HALA Komunikazioa BEDI Konponbidea jardunaldien baitan egingo den ekitaldian Jesus Mari Mujika (Jose Mari Kortaren Bidetik fundazioa) eta  Joxean Agirre (Euskal Memoria fundazioa) ere izango dira.

2012ko maiatzaren 09a
Bego eta Karmen Galdeano, lagun batekin, Algortan Xabierren omenez egindako ekitaldi batean (Argazkia: Etengabe.wordpress.com)

"Kontakizuna, biktimak eta burujabetza politiko eta ekonomikoa dira jardunaldien ardatz", irratiko kideek adierazi dutenez: "Euskal gizartearentzat garai historikoak bizitzen ari garen honetan, politika kalera ateratzea da gure asmoa".

Hurrengo mahai-ingurua hilaren 21ean egingo da. Floren Aoiz iruzkingile eta idazlea eta EHUko Ramon Zallo eta Mario Zubiaga irakasleak Burujabetzarako euskal bide orriaz jardungo dira, erabakitze eskubidea lortze bidean eman beharreko pausoak edota lurraldearen auzia nola bideratu aztertu asmoz.