"Etapa eraikitzailean gaude, elkarbizitza txipean eta proiektu txikiak sustatzen"

  • Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan garrantzitsuak diren bi daten artean hitz egiten dugu bertako auzkidea den Aitana De Miguel Lopeteguirekin; maiatzaren 18an bi urte bete dira Errekaleor argindarrik gabe utzi zuela Iberdrola eta Ertzaintzaren arteko operatiboak; asteburu honetan auzoko jaiak ospatuko dituzte. Bi data horiek aitzakia hartuta argi mozketaz, horrek ekarri dien eredu energetiko berriaz eta proiektuaren osasun egoeraz mintzatu gara De Miguelekin.


2019ko maiatzaren 23an - 12:59
Aitana De Miguel Lopetegui, Errekaleorreko baratzak atzean dituela.

2017ko argi mozketa une garrantzitsua da Errekaleorren. Nola gogoratzen dituzu egun hori eta ondorengoak?

Aurreko gauean eta ospakizun giroan geundela jakin genuen goizean argia moztera etorri behar zutela. Txipa aldatu eta erresistentzia antolatzeari ekin genion. Bagenekien transformadorea zutela jo-puntuan; polizia heldu zenerako herri harresia eraikia genuen bere inguruan, Gasteizetik jendea heltzen zihoan tantaka… Egun euritsua dut gogoan, hotza, tentsioa eta nekea, baina horrek ematen dizun energiarekin aldi berean: egun hunkigarria. Arratsaldean manifestazioa, eta hor jada izan zen “bua, zenbat jende zenbat babes!”. Hasieratik ikusi genuen izango zirela aste oso intentsoak, gogorrak, zoroak baina oso politak.

Manifestazio erraldoiaren arteko bi asteak antzeko estiloan joan ziren. Mugituak, auzoan argirik gabe, baina eskerrak eguraldi ona heldu zela. Elkarbizitza muturrera eramana, ia eguneko 24 orduak ematen baikenituen elkarrekin. Batzuk jaiak prestatzen, beste batzuk manifestazioa, beste batzuk hasi ginen alternatiba energetikoak pentsatzen.

Mehatxupean jarraitzen duzue?

Argia moztearekin ahuldu egin nahi gintuzten, auzoa utz genezan. Baina kontrako efektua lortu zuten. Mozketak kristoren zurrunbiloa sortu zuen, jendarteak bere egin zuen Errekaleor, auzoa mapan jarri genuen.

Urratsak ematen jarraitu zuen Udalak halere, hustutze eta eraisketa plana zehaztu zuen. Plan hori badago, gastuak zehaztuta dituena ere, baina egun stand byan dagoela ematen du. Gastu ekonomikoaz gain gastu ekologikoa eta politikoa izango luke hustutzeak. Ez dugu berririk izan azkenaldian, alde horretatik. Argi mozketa osteko hilabeteetan desalojoaren mamua gertu sentitzen genuen. Gaur egun mamua urrunago dago, lasaiago gaude eta epe laburrean ez dugu horrelakorik espero.

Energia lan taldeko parte zara. Energetikoki auzo burujabea lortzeko erronkari heldu zenioten orduan.

Gehiago dakien jendearengana hurbildu ginen, Nafarroako Lakabe herri okupatuko lagunengana esaterako. Gure instalazioa izango zena diseinatu, crowdfundinga sustatu, eta behin dirua lortuta beharrezko materiala erosi genuen.

Egun, instalazioak bizitzeko ematen digu, baina kontsumoa guztiz aldatuta. Argi mozketa aurretik etxe guztietan zegoen hozkailua, berogailuak eta bestelako gailuak. Orain etxeetan argia eta telefonoak kargatzeko aukera dugu, beste zerbitzu batzuk zentralizatu egin ditugu. Guztiontzako garbigailuak edo dutxak, esaterako, frontoian daude. Hotza gogorra da Gasteizen, eta orain egurrarekin lortzen dugu beroa etxeetan. Behar bereziak asetzen saiatu gara ere, egoerak ez direlako berdinak. Umedun familiek, adibidez, hozkailua, garbigailua edo ur beroa dute etxean. Moldatuz goaz.

Eredu energetiko koherenteago bat garatzeko aukera bezala hartu zenuten batzuek egoera berria. Zenbat kalte ekarri dizue eta zenbat onura argi mozketak?

Gutxi batzuen buruan aurretik zegoen burujabetza energetikoaren ideia. Argi mozketak bultzada bat eman zigun norabide horretan, baldintzak eta beharra sortu zituen. Nik oso positiboki baloratzen dut. Instalazio potentea eta berritzailea da, nahiko iraultzailea.

Instalazioa amaitu aurretik, mozketaren urtean eta hotza heldu ahala zenbait jendek alde egin zuen. Une erabakigarria izan zen ikusteko nor zegoen benetan proiektuarekin eta lanerako prest. Baina auzo oso dinamikoa da, eta jende berri asko heldu da ere ordutik. 140 pertsona inguru bizi gara orain.

Bost urte daramatzazue bertan. Barne mailan, ze unean zaudete orain?

Egoera lasaian, elkarbizitza txipean, etapa eraikitzailean. Proiektu berriak jarri ditugu martxan: hilabeteak eman ditugu egurrezko labea eraikitzen, berriz ere okindegia martxan jartzeko; herri inprenta gero eta martxa biziagoa hartzen ari da; baratzak ireki dira eta jende berria gerturatu da; baso proiektua eta errekaren garbiketa, eta beste. Proiektu txikiak sustatzen finean. Une egokia da.

Komunitate guztietan daude arazoak, zuena bezalako handi eta anitz batean ere izango dituzue.

Auzoa anitza da, identitate politiko ezberdinak daude gure artean. Gure burua definitzeko beharra sortu da, auzoa zer den definitzekoa, zer uste dugun izan behar duela, aniztasun hori eta beste kontu batzuk zainduz. Bilaketan ari gara, Joxemi Zumalaberen ikastaro batean ere, talde dinamikak zaintzen eta ikasten.

Eta asteburu honetan auzoko jaiak. Zer nabarmenduko zenuke?

Aurten eguneko egitaraua indartzen saiatu gara. Ostiraleko bertso-trama ederra izango da. Bertsoak eta antzerkia nahastuz, proposamena da argi mozketaren eta manifestazio handiaren arteko egun haiek gogoratzea; nola joan ziren eta nola bizi izan genituen.

Larunbat goizerako hainbat eskaintza ditugu: azoka prezio askean, kale antzerkia, kontzertuak. Eta igandean, kartelean agertzen ez bada ere, afaria eta hauteskundeen zuzeneko transmisioa Hala Bediren Desde el Abismo irratsaioko lagunekin.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errekaleor
Errekaleorren 10. urteurreneko ekintzetan jasandako polizia jazarpena salatu dute

Errekaleor Bizirik auzoaren hamargarren urteurrena ari da ospatzen. Adierazi dutenez, 24 orduan lau identifikazio eta hiru isun jasan dituzte. Isunak mozal legea aplikatuta jarri dizkiete.


Errekaleorrek 10 urte
“Gogoz eta indartsu heldu gara 10. urteurreneko ospakizunera"

2013ko irailaren 3an Gasteizko aldirietako Errekaleor auzoko 26. ataria okupatu zuten Gasteizko EHUren campuseko zenbait ikaslek. Hilabete amaieran ospatuko dute urteurren borobila, talde entzutetsuen kontzertuekin, besteak beste. Hamarkada oso baten gazi-gozoez, Urtaranen... [+]


2023-06-01 | Ilargi Manzanares
Oinharri eskolak herri mugimenduentzako formakuntza eskainiko du Errekaleorren, uztailaren 15etik 23ra

Oinharri eskolak Formakuntza Barnetegia eskainiko du, Euskal Herriko herri mugimenduentzako formakuntza politikoa. Lau urte daramatzate formakuntza ematen, eta beraien metodologia Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduan (MST) oinarrituta dago, materialismo dialektikoa ardatz.


2023-02-27 | Hala Bedi
Errekaleorreko etxeak egoera onean daudela berretsi du azterketa tekniko batek

Azterlan hori egiteko, jendea bizi den blokeen egoera, ezaugarri fisikoak eta eraikuntzakoak, balizko arazoak eta bizigarritasunari dagokionez duten egoera orokorra aztertu dituzte, 2022an zehar. EAEko Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren ereduari jarraituz egin dituzte blokeen... [+]


Eguneraketa berriak daude