Eta Pedro Sánchez eroritakoan…


2026ko ekainaren 5ean - 10:31
Azken eguneraketa: 15:17
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lagun batek ETB ikusteari utzi dio, euskalduna da, euskaraz bizi da normalean, baina Espainiako telebista du, nonbait, egun, bere informazio iturri nagusia. Hamaika aitzakia omen ditu: Patxi Alonso ez du gustuko, Athletic gehiegitan, Pradales egunero inauguraziotan... Nola edo hala, azkenean, lagun horrek berriak erdaraz mintzatzen den aurkezleen ahotik jasotzen ditu.

Lagunen arteko bazkari baten pasadizo inozoa izan daitekeena, tamalez, askoz sakonago den joera baten isla da, azkeneko urteotan, euskal herritar andanak Madrilgo politika baitu hizpide. Izan ere, aski da Uztaritzeko lagun batekin hitzordu bat finkatzea noraino urrundu garen egiaztatzeko.

Rajoy presidente zelarik, Hego Euskal Herriko herritar gehienok urruneko politikari gisa ikusten genuen. Agintaldi txarra kudeatu zuen. Espainiako eskuindar klasikoa, ustelkeria kasuez itota, Kataluniaren aurkako errepresioaren buru, egoera ekonomiko kaxkarraren errudunetako bat. Ohiko presidente exkaxa.

Pedro Sánchez Moncloara iritsitakoan, dena aldatu zen. Sánchezen etorrera goraipatzeko, kazetariek epika moduko bat sortu zuten. Pedro, PSOEren eskuinalde neoliberalean lerrotuta bazebilen ere, komunikabideek status quoaren aurkako heroi ezkertiar gisa aurkeztu zuten. Kataluniakoa konpontzeko prest zegoen gizon ederra, ezkerreko sektoreekin hitz egiteko gertu zegoen gentlemana, ukabila gora Internazionala abesteko gai zen pertsonaia.

Sánchezek birrintze egoeran zegoen estatu baten aginte-makila eskuratu zuen; 78ko erregimena kinka larrian zebilen. Hainbat ezuste handi kudeatu behar izan ditu, zorigaitzak jota bailitzan: COVID-19, uholdeak, gerrak, sumendi harrotuak... Epikarekin jarraitzeko tenorea.

Trebea izan da Espainiako presidentea enbata guztiei aurre egiten. Hala ere, beste arlo batean askoz iaioagoa izan da madrildarra. Sánchez 78ko erregimenaren salbatzailea izan da, politika eskuindar asko eginda, “gobernu aurrerakoienaren” lemazain gisa azalduta.

Moncloako gizonak Kataluniako independentismoa zatitu eta baretu du; Euskal Herriko ezker independentista Espainiako Estatuaz kezkatzea lortu du, PSOEren ezkerraldean zeuden sektore guztiak txikitu ditu

Moncloako gizonak Kataluniako independentismoa zatitu eta baretu du; Euskal Herriko ezker independentista Espainiako Estatuaz kezkatzea lortu du, PSOEren ezkerraldean zeuden sektore guztiak txikitu ditu. Espainiako Estatua zalantzan jartzen zuten eragile politiko nagusienak estatuaren erreskate lanetan jarri ditu.

Bitartean, IBEX35eko enpresek inoizko mozkinik handienak lortu dituzte; Sahararen okupazioa bedeinkatu dute; etxebizitzen prezioak sabaia guztiak hautsi ditu; lan prekarioa nonahi; langile-pobreen eremua hedatu; euskararen minorizazioa betikotzeko bidean; Israelekin harremana ez dute eten, genozidio baten erruduna izan arren; Ukrainiako gerran jarrera militaristekin bat egin zuten, armagintza enpresarien pagotxa berria; inoizko aurrekontu militarizatuena bideratu dute; osasun publikoa ahuldu; pentsio pribatuak erraztu dituzte.

“Ezkutu Sozialaren” etiketaz benetako politiken xedea ezkutatu dute. Erretorikaren gainetik, Sánchezen gobernua ez da ezkerreko gobernua. PSOE, UGT eta CCOO bezala, ez dira irten 78ko erregimenetik, erregimen horren ardatzak baitira. 

Bistan da, okerragoa izan zitekeen, Espainiako Estatuan edozein gauza gerta baitaiteke, jendartearen erdia frankismo soziologoan koka daiteke-eta. Berez, Vox eta PP dira erregimen horretatik irten nahi dutenak Europan indartzen ari diren eredu neoautoritarioekin bat egin dutelako. Aldiz, horrek ez du esan nahi PSOE euskal ezkerraren aliatu izan daitekeenik.

Litekeena da aurki Sánchez erortzea. Ziklikoki PPri eta PSOEri gertatu ohi zaien moduan,  ustelkeriak botako du Moncloatik. Espainiako Estatua horrelakoa da, Felipe II.aren garaietatik; XIX. mendeko “Errestaurazioan”, Frankismoan, Felipismoan, Aznarraldian, Rajoyrekin; orain, Sáncehezekin. Ez dago modurik, Espainia birziklaezina da.

Eta une hori iristean, non kokatuko dugu gure burua? Ez al ditugu urrezko hamar urte galdu? Azkeneko hamarkadan aldaketak izugarri bizkortu dira, bitartean zertan ibili da ezker independentista? Geroan, non kokatu dugu gure gogoa? 

Duela hamar urte baino ahulagoa da herri hau. Zaharragoa, kontserbadoreagoa, zatituagoa, beldurtiagoa, otzanagoa; eta hori guztia nazioarteko testuinguru beldurgarrian.

Egun, Euskal Herriko jendartea inoiz baino konplexuagoa da. Hil ala biziko erronka ugari dugu eskuartean. Ez da soilik euskararen biziraupena, askoz gehiago da, gure etorkizun askea ukatu dezaketen aldagai berriak baitaude.

ETB, Euskadi Irratia, Enbata, Hamaika Telebista ikusi ala ez ikusi, berreskuratu dezagun euskal begirada. Egin dezagun gure ibilbidea lehenbailehen, benetan aliatuak izan daitezkeen herri eta korronte politikoekin. Idatz dezagun hurrengo kapitulua, ezkerreko eskuaz eta euskaraz.

Patxi Azparren, antropologia sozial eta kulturalean lizentziaduna

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...