Batera-k estatus bereziko lurralde kolektibitatearen eztabaida “beregain hartzea” galdetu dio Hirigune Elkargoari

  • Larunbatean izanen da Euskal Hirigune Elkargoaren batzarra eta orduan izendatuko dute agintaritza berrirako lehendakaria. Ipar Euskal Herriarentzako estatus bereziko lurralde kolektibitatearen gaia "beregain hartzea" galdetu dio Batera plataformak Hirigune Elkargoari.

Bateraren prentsaurrekoa, apirilaren 8an Baionan. Batera plataforma

2026ko apirilaren 9an - 10:59
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"Euskal Elkargoak agintaldi honetatik bertatik hartu behar du bere gain estatus bereziko lurralde kolektibitaterako bilakaeraren gaia", Baterako Juliette Bergouignanen hitzetan. Eskaera hori luzatu diote asteazken honetan elkargoaren egoitzaren aitzinean egindako prentsaurrekotik. Zehazki ondokoa proposatzen diote: gaiaz arduratuko den hautetsi bat ofizialki izendatzea, lantalde bat sortzea, giza baliabideak eta finantzarioak esleitzea, eta alde juridikoa zein teknikoa lantzeko azterketa kabinete bat lanean jartzea.

Hain justu, 2017an Euskal Hirigune Elkargoa sortu izana lurraldearen ezagutzarako "urrats historikoa" izan bazen ere, plataformaren ustez, "gaur egungo estatutua ez da aski gaurko erronkei buru egiteko". Erakundeez harago, jendarte zibilaren "mobilizazioa" espero du plataformak, eta lehen hitzordu gisa biltzar nagusia finkatu dute, maiatzaren 9rako Itsasuko (Lapurdi) Sanoki gelan.

Galdeketa hautagaiei

Ipar Euskal Herriko herriko bozetako eta Hirigune Elkargoko hautagaiengana zuzenean jo du Baterak, galdeketa bat esku artean eta horra zein izan diren emaitzak: 247 hautagaik erantzun dute, horien artean 39 zerrendaburuk, 43 herritako 54 zerrenda ezberdin ordezkatuz. Horien artean, 175 dira Hirigune Elkargoa estatus bereziko kolektibitate bilakatzearen alde agertu erabat, 44 alde dira eta 28k ez dute iritzirik eman –eta nehor ez da kontra agertu–.

Erakundeez harago, jendarte zibilaren "mobilizazioa" espero du plataformak, eta lehen hitzordu gisa biltzar nagusia finkatu dute, maiatzaren 9rako Itsasun (Lapurdi)

"Emaitza hauek joan den udan IFOP-RPS institutuak egin sondeoaren emaitzak berresten dituzte; hots, euskal herritarren %62 bilakaera instituzionalaren alde direla. Herritarren atxikimendu hori da gure oinarria", azpimarratu du prentsaurrekoan Baterako Peio Jorajuriak.

Eztabaida eramateko eta aitzinamenduak lortzeko momentu "bereziki egokia" dela dio plataformak, hain justu ere, Frantziako Estatu mailan berriz abiatuta dutelako deszentralizazioari buruzko gaia. Gainera, Alsaziatik ere dabiltza bilakaera instituzionalari buruz lanean, eta hori ere bere alde baliatu nahi du Baterak: "Bertze lurralde batzuk aitzina doaz. Eztabaidak zabaltzen ari dira bazterretan. Orain, agintaldi honetan, mugitzen ez bagara, aukera historikoa galtzeko arriskua dugu. Erantzukizun handia litzateke karguan sartzen diren hautetsientzat".

 


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.