Biktimen elkarteak Espainiako Kongresuko Memoria Demokratikoaren Batzordeko taldeekin elkartuko dira, legez besteko proposamen batentzako babesa lortzeko. Nafarroako Parlamentura ere eramango dute Estatuak "erantzukizun nagusia eta zuzena" izan zuela aitortzeko eskakizuna, mozio baten bidez.
Martxoak 3 eta Sanferminak 78 Gogoan elkarteek beste urrats bat emango dute Estatua erantzule ekimenaren barruan, eta Madrilgo Diputatuen Kongresuan izango dira asteazken honetan. Memoria Demokratikoaren Batzordeko taldeekin bilduko dira, Vox eta PPrekin ez beste guztiekin, babesak lortzeko asmoz osoko bilkuran legez besteko proposamen bat eztabaidatu dadin.
Horren bidez, Espainiako Gobernuari eskatu nahi diote aitortu dezala Espainiako Estatua izan zela 1976ko martxoaren 3an eta 1978 Sanferminetan gertaturiko krimenen "erantzule nagusia eta zuzena".
39 eskaera aurkeztu dituzte. Kopuruak berak jadanik erran nahi du krimenak ez zirela "kasu isolatuen batuketa soila", baizik eta "sistematikoak" izan zirela: "Ehunka pertsona torturatu eta hil zituen estrategia errepresibo baten izebergaren punta"
Astelehen honetan prentsaurrean azaldu dutenez Espainiako Memoria Demokratikoaren Ministerioan 39 eskaera aurkeztu dituzte azken hilabeteetan, Memoria Demokratikoaren Legeak dioen moduan "erreparazio morala eta memoriaren berreskurapena" eskatzeko. Martxoak 3ko kide Andoni Txaskok eta Jose Luis Martínezek, eta Sanferminak 78 Gogoaneko Sabino Cuadrak hartu dute hitza prentsaurrean.
Azaldu dutenez, eskatzaileen artean daude 1976ko eta 1978ko gertaera horietan Poliziaren errepresioaren ondorioz Gasteizen, Tarragonan (Herrialde Katalanak), Basaurin (Bizkaia), Iruñean eta Donostian hildako kasuak, baita larri zaurituak ere: "Kasu horietan guztietan, salbuespenenik gabe, eskaera egin dutenak polizia-indarkeriaren biktima gisa aitortu ditu Espainiako Gobernuak", azaldu dute.
Hala, esan dutenez, kopuruak berak jadanik erran nahi du krimenak ez direla "kasu isolatuen batuketa soila", baizik eta "sistematikoak" izan zirela: "Ehunka pertsona torturatu eta hil zituen estrategia errepresibo baten izebergaren punta".
Nafarroako Parlamentuan ere bai
Estatuak krimen horietan erantzukizun nagusia eta zuzena izan zuela gobernuak aitortu dezan, mozio bidez ere eskaera onartu dute azkenaldian hainbat udaletan, hala nola Gasteiz, Donostia, Astigarraga (Gipuzkoa) eta Iruñean.
Iruñeko kasuan EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek babestu dute, eta testu hori eramango dute Nafarroako Parlamentura maiatzaren 28an, ostegunarekin, egingo den bilkuran onar dadin.
Aipatu elkarteek azaldu dutenez, badago nahikoa froga esateko 1976ko eta 1978ko gertakari haiek gizateriaren aurkako delitu izan zirela. Txaskoren esanetan, zirrikitu bat bilatu nahi dute Estatuak urte horietan eragin zuen errepresioaren ardura beregain hartu dezan. Baina, bide judiziala oraingoz itxita aurkitu duten arren, ohartarazi dute ez diotela uko egingo "erantzule politiko eta zuzenak" auzipetzeko.