argia.eus
INPRIMATU
Estatuaren biolentziaren beste 93 biktima aitortu ditu EAEko Balorazio Batzordeak
  • Asteazken honetan beste 93 biktima aitortu ditu estatuaren eta talde parapolizialen biktimen azterketak egiten dituen Balorazio Batzordeak. Baliabide faltagatik, bere lanarekin aurrera jarraitzeko zailtasunak ere aitortu ditu. Egiari Zor Fundazioak ongi baloratu du batzordearen lana eta oraindik milaka biktima ofizialki aitortu gabe daudela gogorarazi du.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko urriaren 31
Torturatu ugari aitortu dira aldi honetan ere. Hiruka / CC BY-SA

Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordearen aurrean aurkeztu zuten lana Juana Balmasedak eta Jon Mirena Landak. Balorazio Batzordea Eusko Legebiltzarreko 12/2016 legeak aipatzen dituen biktimen aitortzaz arduratzen da, eta 2020tik, lau txostenetan, 238 biktima aitortu ditu, guztiak indar parapolizialek edo Espainiako Estatuko segurtasun indarrek eragindako biktimak. Oraingo 93 biktimetatik 73 gizonezkoak dira eta 20 emakumezkoak.

Aitortutako biktimen tipologia desberdina da, batzuk torturatuak dira, besteak Guardia Zibilak edo Espainiako Poliziak hildakoak, eta beste batzuk GALek, Batallón Vasco-Españolek (BVE) edo beste talde parapolizialen batek hil edo zauritutakoak.

Izenik ez zuten aipatu batzordean, baina emandako datuengatik ezagunak dira horietako hainbat biktimen kasuak. Adibidez, horien artean dira torturaren ondorioz hil ziren Gurutze Iantzi eta José María Quesada; lehena 1993an Guardia Zibilaren Madrilgo Tres Cantos kuartelean hil zuten, eta bigarrena 1968an polizia-etxeko tratu txarren ostean jasandako ondorio larriengatik hildakoa.

Bernardo Bidaola Atxega da aitortutako beste biktimetako bat. Bere gorpua, Saratik gertu, baso-eremu batean agertu zen, Guardia Zibilak Etxalarko inguru batean zauritu ondoren. Carlos Saldise Kortarena, aldiz, 1980an BVEk Lezoko bere etxebizitzaren atean tiroz hil zuen. Denera zortzi hildako aitortu ditu batzordeak oraingo aurkezpenean.

Egiari Zor-ek ostegun honetan egindako agerraldian esan duenez, 11 biktima larriki zauritutakoak dira, hala nola, Errenterian 1980an bere ibilgailuaren azpian BVEk jarritako lehergailu batek eztanda egitean zaurituak izan ziren senar emazteak. 1985ean GALek balaz zauritutako Josu Amantes Arnaizen kasua ere aitortu da. Eta 1983. urtean bahiketa saiakera eta lesio larriak pairatu zituen Jose Maria Larretxea Goñiren kasua ere bai. Bahiketa kasu hau Barrionuevo ministro ohiak agindu zuen, El País egunkariari emandako elkarrizketa batean aitortu zuen bezala.

Poliziek jaurtitako ke-poteek edo gomazko pilotek eragindako biktimak ere badira. Peio Mindegiaren kasua esaterako, 1979an bere aurpegiaren kontra distantzia laburrean jaurtitako ke-pote batek itsu utzi zuen. Eta 74 tortura kasu ere aipatzen dira, hala nola Estibaliz Olabarrieta eta Kepa Solana, Ertzaintzak torturatuak; Josu Eguzkitza, Enkar Blanco, Dione Ugalde eta Pilar de la Torre, Guardia Zibilak torturatuak; edo Xabier Onaindia, Sabino Zarandona eta Pedro Ginea, Espainiako Poliziak torturatuak.

Ikerketarekin jarraitzeko zailtasunak

Balmasedak eta Mirena Landak aipatu zuten baliabide faltagatik zailtasunak dituztela ikerketarekin aurrera jarraitzeko, eta batez ere auzi-medikurik ez dutelako. Horregatik, hainbat biktimak bi urte daramatza euren espedientea ebatzi gabe, “eta horrek haien mina areagotzea dakar”. Horrez gain, artxibategietan txostenak lortzeko dituzten zailtasunak ere aipatu dituzte, hala nola Galiziako Ferrolgo artxibategi militarrean edota hainbat auzitegietako artxibategietan. Horregatik, Eusko Legebiltzarrari arazo horiek bideratzeko esku-hartzea eskatu diote.

Egiari Zorrek ontzat jo du Balorazio Batzordearen aitortza andana berria: “Txalotu behar ditugu aitortza ofizial berri hauek, inpunitate osoz erail, zauritu eta torturatu zituzten pertsonentzat justizia-ekintza baitira. Berrezarpen moraleko ekintza bat da, gertatutakoaren egia ezartzen duena, eta haien aurkako krimenak justifikatu eta legitimatu zituzten kontakizun faltsuak” atzean uzten dituena”.

461 aitortza Hego Euskal Herrian

Egiari Zorrek emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 427 pertsonari aitortu zaizkio ofizialki giza eskubideen urraketak. Nafarroan beste 34 kasu gehiago aitortu dira, beraz, Hego Euskal Herrian orain arte 461 biktimari egin zaie aitortza ofiziala.

Asteazkenean batzordeak Eusko Legebiltzarrean adierazi zuenez, 64 kasu ez dira onartu eskaerak epez kanpo aurkeztu direlako. Horren aurrean, Egiari Zorrek aipatu du “oraindik milaka aitortza egin gabe” daudela, eta eskatu dio Eusko Jaurlaritzari epeak berriz ireki ditzala: “Urte gehiegi daramatzagu zain, eta merezi dugu legez aitortuak izateko dugun eskubidea gauzatu ahal izatea”.