argia.eus
INPRIMATU
Espezismoa euripean ito arte
  • Ostirala, azaroak 1, sarea ehuntzen jarraitzeko egun bat izan zen Euskal Herriko ekintzaile antiespezistentzat. Nor kolektiboak deituta, eta bertze hamaika talderen babesarekin, manifestazio bat egin zuten, bigarrenez, Bilboko karriketan.

     

Nor talde antiespezista @norantiespezist 2019ko azaroaren 05
(Argazkia: Nor)

Bilboko Unamuno plazatatik abiatuta, udaletxe aurrera eraman zuten animalion askapenaren aldeko aldarria. Euripean egin zuten ia bide osoa, baina eguraldiak ez zituen egungo sistema kapitalistaren espezismoaren aurkako oihuak isilaraztea lortu. Ekaitzik handiena baino askoz ere bortitzagoa da gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntzaren arrastoa, eta haren aurka egiteko konpromisoa berretsi zuten ehunka herritarrek.

 

 

 

Giro ederra izan zen goizez Bilboko Alde Zaharrean. Irudia: Nor.

 

 

 

Manifestazioa 17:00etan hasi zen, baina talde antiespezistetako kideak eguerditik aritu ziren Bilboko Alde Zaharreko giroa berotzen. Autobusez heldutako antiespezistek musikak lagunduta egin zuten Alde Zaharrerako bidea. Hendaia, Donostia eta Ermuko manifestariak ekarri zituen autobusetako batek; bertzeak, Iruñea eta Gasteizkoak. Pintxo begetalak dastatuz eman zioten hasiera eguneko egitarauari; gero, 15:00etan, Zazpi Katu gaztetxera mugitu ziren. Txokolate goxoa eta bizkotxoa zuten han zain. Peru Galbete musikariak, gainera, kontzertua eman zuen. Han bat egindako guztiek elkarrekin egin zuten Unamuno plazarako bidea.

 

 

 

Euskal Herri osoko antiespezistek egin zuten bat Bilboko manifestazioarekin. Irudia: Nor.

 

 

 

Handik abiatu zen manifestazioa. Alde Zaharreko karrikak zeharkatu eta gero, Arriaga aurrera atera ziren manifestariak, eta plaza Biribiletik hartu zuten, azkenean, udaletxerako bidea. Ibilbide osoan entzundako leloek argi utzi zuten protestak antiespezismoaren izaera politikoa nabarmendu nahi zuela, eta gizakiz bertzeko animalien aurkako zapalkuntza jarri erdigunean. Manifestariek animalien askapena eskatu zuten, eta gogor salatu zuten zenbateraino zapaltzen dituen sistema kapitalista espezistak.

Amaieran, Nor kolektiboko bozeramaile Maialen Saguesek hartu zuen hitza: “Ekintzaile bilakatu beste biderik ez dugu. Ez da nahikoa gizakiz besteko animaliak gure plateretik at uztea; ez da nahikoa zezenketarik gabeko festak aldarrikatzea. Ez da nahikoa gure tabernetan aukera begetal gehiago eskatzea. Espezismoaren aurkako jarrera argi eta aktiboa hartu behar dugu, egungo gizarte eredua iraultzeko. Gurea ez da hautu pertsonal bat; gurea borroka politiko bat da, askapena helburu duena. Kontua ez da beganook jateko hamaika aukera izatea; kontua da behingoz onartzea gizakiz besteko animaliak ez direla janaria; onartzea ez direla baliabideak, onartzea ez direla gureak. Sistema kapitalista saiatzen ari da gure borroka bere alde erabiltzen, eta bere produktu begetalekin isilarazi nahi gaitu. Baina ez du lortuko, argi baitugu kapitalismo beganoak ez duela espezismoa suntsituko”, erran zuen.

 

 

 

Protestaren bukaerako ekitaldia, udaletxe aurrean. Irudia: Nor.

 

 

 

Sareak eta zaintzak duten garrantzia ere nabarmendu nahi izan zuen Saguesek: “Eskuz esku egin behar dugu aurrera, gizakiok ezin baitugu aske izan gizakiz besteko animaliak zapaltzen ditugun bitartean. Gure txikitasunetik, eskua emanez elkarri, eta elkar zainduz, gizakiak eta gainerako animaliak aske bilakatuko gaituen mundu bat eraiki behar dugu. Horretan ari gara. Urratsez urrats, animalion askatasunerantz”.

Euripean bada ere, bidean dira Euskal Herriko antiespezistak.