Eguerdian deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta Antonio Piña epaileak behin behineko espetxealdia ezarri die bi akusatuei, hainbat delitu leporatuta. Akusatuen abokatuetako batek ARGIAri adierazi dio erabakia “oso-oso larria” dela, eta “antolakuntza politikoaren aurkako erasoa”.
Ordubete iraun du 34 eta 22 urteko bi euskal herritarren epaile aurreko deklarazioak. Auzitegi Nazionaleko Antonio Piña epaileak fiskalaren eskariarekin bat egin du, eta espetxera bidali ditu 34 eta 22 urteko bi euskal herritarrak. Besteak beste, hainbat komunikabidek argitaratu dutenez, “talde edo erakunde terroristako” kide izatea, “bake publikoaren aurkako atentatua” eta “armak eta lehergaiak fabrikatzea eta edukitzea” leporatzen diete akusatuei. Terrorismoarekin lotutako delituez gain, fiskalak eskatu du “desordena publikoak” eta “agintaritzaren aurkako atentatua” delituak ere leporatzea.
Epailearen erabakia ezagutu aurretik, AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak eta Guardia Zibilaren AUGC elkarteek jakinarazi dute akusazio partikular gisa aurkezteko eskaera egingo dutela.
Abokatuak: “Erabaki oso-oso larria da”
Bi herritarren abokatuetako baten iritzia jaso du ARGIAk, Aratz Estonbarena. Madriletik bertatik egin ditu adierazpenak. Espetxeratzea “erabaki oso-oso larria” dela adierazi du, “egiteko moduengatik eta suposatzen duenagatik”.
Estonbak epailearen jarduteko modu “bitxia” salatu du, ez dituelako aldeen argudioak baloratzeko “bi minutu ere” hartu. “Fiskalak espetxeratzearen alde egin du, gu aurka, eta epaileak deblauki, jarraian jakinarazi du espetxeratze agindua”.
Fiskalaren argudiategia “oso larria” dela salatu du Estonbak. “Berriro ere antolakuntza politikoaren aurkako eraso baten aurrean gaude”. Azpimarratu du ere borroka moldeak kriminalizatu dituela. “Adibidez, frogen artean tailer batena-edo ematen duen bideoa dago, estintoreak pinturaz nola bete erakusten duena. Fiskalak bideo hori erabili du esateko akusatuek armak dituztela”.
Polizien inguruko informazioa eta ustezko infiltrazioak
Barne Sailak azaldu duenez, irailaren 26an Eskoriatzan (Gipuzkoa) egindako kontrolean identifikatu zituen Ertzaintzak "material oso sentikorra zeramaten" hiru pertsona. Haietako bi Irungo ertzain-etxera bertaratu ziren larunbatean, hilak 17, eta atxilotu egin zituzten, terrorismo delituak egotzita. Besteak beste, Barne Sailak ziurtatu du Espainiako hainbat polizien eta guardia zibilen inguruko informazioa zutela akusatuek.
Horren inguruan mintzatu da Estonba abokatua: “Deklarazioan, gure defendatuetako batek azaldu du kontrolaren egunean hainbat herritan egon zela hainbat bilera egiteko, hala nola abokatu, kazetari eta herri mugimenduetako kideekin hitz egiteko, detektatuta zituzten ustezko [Poliziaren] infiltrazio batzuk kontrastatu eta nola argitaratuko pentsatzeko. Gure defendatuetako batek hori azaldu du, eta horregatik espetxeratu dute”.