Espetxean sartuko dituzte Arabako adin txikikoen zentro batean sexu abusuengatik epaitutako lau gizon

  • Duela hamar urte Sansoheta adingabeen zentro tutelatuan gertatutako prostituzio kasuengatik hamar gizon zigortu zituzten, guztira 79 urteko kartzela zigorrera. Horietako lauk helegitea aurkeztu zuten eta ez ziren kartzelan sartu. Orain, ordea, Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du helegitea eta espetxeratuak izango dira.

Sansoheta adin txikiko zentroa. ORAIN

2026ko uztailaren 1ean - 12:07
Azken eguneraketa: 13:12
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota ditu Sansoheta auziagatik zigortutako hamar pertsonetatik lauk aurkeztutako helegiteak. Adingabeak prostituitzea leporatuta epaitu zituzten. Orain arte ez dira espetxean sartu, baina Auzitegi Gorenaren erabakiarekin, espetxean sartu behako dute, El Correo-k jakinarazi duenez.

Auziak hautsak harrotu zituen orain hamar urte, Arabako Foru Aldundiaren barneko Gasteizko Sansoheta adingabeen zentroko zazpi adin txikikok salatu zutenean prostituitzera derrigortuak izan zirela. Gasteizko epaitegiak eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuten, eta 30 susmagarrietatik, hamar izan ziren azkenean akusatuak. Akusatuek, eduki sexualeko webgune baten bitartez, adin txikikoei sexu harremanak izateko ordaintzen zieten. Gutxienez hamar hilabetez gertatu zen hori. 

Arabako Probintzia Auzitegiak 2022an epaitu zituen, eta hamarretik bederatzi zigortu zituzten. Epaiketan akusatuak esan zuten gazteek esan zietela 18 zituztela, baina Fiskaltzak argudiatu zuen akusatuek ez zietela gazteei NANa eskatu, adina frogatzeko. Ebazpenean argudio horren aurka aurkeztutako frogak aintzat hartu eta akusatuei kartzela zigorra ezarri zieten.

Urtebete eta hamabost urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten, guztira 79 urte eta erdi. 27 delitu egotzi zizkieten, besteak beste, adingabeei sexu erasoak egitea, pornografia erakustea eta drogak ematea. Kasua gertatu eta gero, bertan zeuden hogei gazteak zentroz lekualdatu zituzten eta Sansoheta zentroak adingabekoen zentro izateari utzi zion.


Sexu Erasoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.