Espekulazioaren kontra manifestatzera deitu dute ostiralerako Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek

  • Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak deituta, Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean eginen dituzte protestak ostiralean 19:00etan. ELA sindikatuak protesta horietan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. LABek ere hartuko ditu karrikak asteburuan, etxebizitzaren negozioaren kontra.

EHES

2026ko urriaren 1ean - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Espainiako Gobernuak asteartean onarturiko bi dekretuak ez dira nahikoak Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuen Sarearen arabera, eta horregatik aterako dira karrikara ostiralean. "Espekulazioaren kontra eta etxebizitza eskubide bermatuaren alde" eginen dituzte manifestazioak Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

"Zenbait hobekuntza" ekarri arren, harturiko "neurri partzialek" ez dakarte etxebizitza krisiari erantzuteko aldaketa handirik eta iraunkorrik, sindikatuen arabera. Etxebizitza eskubidearen alde dabiltzan sindikatuek argi dute: "Lerroburu handi askok irismena galtzen dute dekretuen letra txikian". Hori horrela, etxebizitza eskubidea bermatzeko gisan, "espekulatzaileak desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea" galdetzen dituzte.

ELAk ere uste du Espainiako Gobernuaren dekretuak ez diela heltzen etxebizitza krisiaren arrazoi estrukturalei, eta etxebizitza eskubidea bermatzeko benetako neurriak galdetzen dizkio gobernuari: "Ez da onargarria politika publikoaren xedea jabeen, eraikuntza enpresen eta funts putreen errentagarritasuna izatea. Lehentasuna izan behar da etxebizitza duina izateko eskubidea
bermatzea". Horregatik, etxebizitza sindikatuek finkaturiko hitzorduetan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei sindikatuak.

LAB ere karrikan

Etxebizitzaren sektorearen eredua "goitik behera eraldatzeko" beharra lehen lerroan jarrita, LAB sindikatua ere mobilizatuko da asteburuan: larunbatean 12:00etan, Donostian, Gasteizen eta Iruñean; eta igandean, berriz, Bilbon, 12:00etan. Ondoko aldarriak entzunaraziko ditu sindikatuak: alokairu mugagabeak ezartzea, etxegabetze guztiak gelditzea, asmo espekulatiboekin egindako erosketak debekatzea eta funts putreei ateak hestea, etxebizitza prezioak jaistea, parke publikoa hedatzea eta etxebizitza duina herritar guztien eskura jartzea.

Euskal Herri mailan presioa jartzeko beharra ikusten du LABek: "Madrilen gertatzen dena gertatzen dela ere, Euskal Herrian posible da behar ditugun eraldaketa horiek sakonago eta urrunago eramatea. Iruñeko eta Gasteizko gobernuek badute horretarako aukera. Norabide horretan, borrokan eta presioa egiten jarraituko du LABek, eta horretara deitzen ditu langileak ere".


Etxebizitza eskubidea kanalean gehiago
2026ko urriaren 12
BARRA WARROAK
Arratoiak eta gezurrak

2026ko urriaren 1
Barra warroak
Jabeak eta gabeak

2026ko irailaren 30
Analisia
Maricarmen

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.