Militantzia espazioak irisgarriak izateko beharrak eta neurriak aztertu dituzte zenbait militantek Portugaleteko Sastraka Gaztetxean. Bereziki, pertsona neurodibergenteengan jarri dute arreta.
Modu askotara landu daiteke irisgarritasuna militantzia espazioetan; hala nola sentikortasun sentsoriala kontuan hartuta edota bileretan atsedenak zehaztuta. Maiatzaren 22an, militante talde bat Portugaleteko Sastraka Gaztetxean (Bizkaia) elkartu da, asanbleak, gaztetxeak eta bestelako militantzia esparruak irisgarriak izateko hartu beharreko neurriez hausnartzeko. Gaia zentzu zabalean landu dute, baina bereziki pertsona neurodibergenteek dituzten beharren inguruan mintzatu dira. Behar horiei erantzuna eman nahi izan diete. Instagramen Autista rebelde izenaz ezaguna den Sastrakako kidea ekitaldiaren antolatzaileetako bat da: “Oso garrantzitsua da azpimarratzea pertsona neurodibergenteok gure izenean hitz egiten ari garela. Hau da, ez dagoela psikiatrarik edo bestelako bitartekaririk gure beharrak mahaigaineratzen”.
Maiatzeko ekitaldiaz gain, beste hainbeste jarduera egin dituzte gaztetxean neurodibergentzien inguruan sentsibilizatzeko. Autista rebeldek 2025ean emandako hitzaldi batetik sortu da irisgarritasunaz gogoetatzeko espazioa. “Hitzaldiak izugarrizko arrakasta izan zuen. Ez nuen espero horrenbeste jende etortzea, eta jendeak bizipenak eta beharrak partekatzea”, esan du. Hitzaldiaren balorazioa egiten ari zirenean, asanbleako kide batek galdetu zuen ea zein beharrei erantzun diezaiekeen asanbleak. Hortik sortu zen ekitaldiaren ideia.
Hala, gaztetxean egindako jardueraren helburua ez zen hitzaldia ematea, baizik eta denen parte-hartzea sustatzea elkarrekin beharrak eta konponbideak bilatzeko: “Pertsona neurodibergenteok azpimarratzen ditugun gauzetan jarri genuen arreta, baina gero pertsona guztietara zabaldu daiteke”. Bereziki elkar zaintzan eta espazioaren egituraketan jarri dute arreta. Besteak beste, kontuan hartu dituzte sentsibilitate sentsoriala eta aske mugitzeko aukera. Adibidez, ea argiak oso gogorrak diren edo eserita den hitzaldi batean zutitzeko aukera dagoen epaitua sentitu gabe.
Kontuan hartu dituzte sentsibilitate sentsoriala eta aske mugitzeko aukera. Adibidez, ea argiak oso gogorrak diren edo hitzaldi batean zutitzeko aukera dagoen epaitua sentitu gabe
Zaintzari dagokionez, baliagarria da espazio autogestionatuetan egon ohi den zaintza taldea edo figura: “Pertsona edo talde hori arduratu daiteke jendearen beharrak jasotzeaz eta espazioa egokitzeaz. Horrez gain, burnout, meltdown, shutdown edo bestelako zerbait badut, eta ez banaiz ongi sentitzen, erreferentziazko pertsona bat egotea garrantzitsua da”. Jende berriari harrera egiterako orduan, proposatzen dute aldez aurretik espazioa erakustea eta azaltzea nola funtzionatzen duen asanbleak: “Horrek ordena eta lasaitasuna ematen digu”. Horrez gain, neurodibergentzien inguruan oinarrizko jakintza izatea eskatzen dute; hala ere, momentuz “zaila” iruditzen zaie.
Bileren antolakuntzaz ere hitz egin zuten. Proposatzen dute aldez aurretik gai zerrenda, bileren iraupena eta atsedenaldiak zehaztea. “Neurodibergentziak dena hartzera eta ardurak pilatzera eraman zaitzake. Azkenean horrek gainezka sentitzea eragin dezake. Orduan, batzuetan hobea izan daiteke asanblea guztietara ez joateko aukera egotea eta ez epaitzea”, esan du.
Sastraka Gaztetxea husteko arriskuan
Maiatzekoa lehenengo topaketa izan da, baina gehiago egin nahi dituzte pertsona gehiagoren beharrak eta proposamenak biltzeko. Nabarmendu du ariketa kolektiboa dela: “Kapazitismoa kapitalismoaren beste adar bat da, eta espazio autogestionatuetatik kapazitismoaren kontrako alternatibak eskaini behar ditugu”. Oraindik ez dakite zein forma emanen dioten jasotzen ari diren behar eta neurriei, baina beste espazioetan partekatu nahiko lukete.
Alabaina, ez dakite Sastraka gaztetxean jarraitzerik izanen duten, husteko arriskuan daudelako. Maiatzaren 22an irisgarritasunaz mintzatzeko ekitaldia egin zuten, eta maiatzaren 25ean epaiketa izan dute. Ebazpenaren zain daude. Gaur egun, besteak beste, jarduera kultural eta sozialak egiten dituzte gaztetxean, eta pertsona batzuen etxebizitza ere bada.