Marixol Iparragirre eta Juan Ramon Karasatorre euskal presoen auzian Eusko Jaurlaritzak ondo jokatu duela esan du gobernuko lehendakariorde eta, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Jaurlaritzak espetxe legedia bete duela berretsi du. Espainiako Gobernuak ere milaka presori eman die baimen hori, izan gobernua PPkoa edo PSOEkoa.
Espainiako hainbat hedabidek eta biktima elkartek zalaparta handia sortu dute Eusko Jaurlaritzak Marixol Iparragirre eta Juan Ramon Karasatorre euskal presoei jarritako Espainiako Espetxe Araudiaren 100.2 artikuluagatik. Ondoren, José Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe-zaintzako epaileak bi presoak espetxera itzultzeko agindu du, Jaurlaritzak 100.2 artikulua preso horiei aplikatzea desegokia dela iritzita.
Ostegun honetan bertan, EAEko PPko lehendakari Javier de Andrések María Jesús San José Justizia sailburuaren dimisioa eskatu du, Jaurlaritzak aplikatutako 100.2 espetxe artikulua “ezkutuko amnistia bat delako”. Covite biktimen elkartea ere pozik agertu da eta iritzi dio artikulu hori inoiz ez zitzaiela aplikatu behar preso horiei.
Euskal presoen eskubideen aldeko Sare elkartearen ustez, aldiz, “erabaki horrek agerian uzten du justiziarekin zerikusi gutxi duen jarrera, eta esparru judizial, politiko eta lobby mediatikoetatik sustatutako mendekuarekin” lotuta dago: “Errebantxak ez du inongo biktimaren sufrimendua arintzen. Biktimek beren mina aitortzea eta haren erabilera politikorik ez egitea aldarrikatzen dute. Utz ditzagun biktimak bakean”.
Lupa interesatua Euskal Herrian
Noizean behin indar handiz egiten du salto hedabideetara 100.2 artikuluaren aplikazioak, baina ETArekin zerikusia duten presoen kasuan beti jarri zaie 30 urteko zigorra betetzetik gertu dauden presoei. Dagoeneko 30 bat euskal presori aplikatu zaie, baina azken hauetako batzuek harrabotsa berezia ekarri dute, hala nola Iparragirre, Karasatorre edota Garikoiz Aspiazuren kasuek.
Hedabide askotan aditzera ematen da artikulu honekin Eusko Jaurlaritzak ETAko presoak mesedetzen dituela. José Luis Castro epailea ere oso kritiko agertu da artikuluarekin, adierazteraino espetxe-arauditik kendu beharko litzatekeela, presoei esperantza faltsuak ematen dizkielako eta biktimak mintzen dituelako.
PPrekin eta PSOErekin ere bai
Artikulu hori 1996an jarri zen indarrean graduak malgutzeko asmoarekin. Adibidez, preso batek ez du hirugarren gradua lortzeko espetxe-araudiak finkatzen duen baldintzarik, baina espetxean duen jarrera edo portaera dela-eta mereziko luke gradu hori; eta gainera, hirugarren gradutik gertu dagoenez, Espetxeko Tratamendu Batzordeak artikulua proposatzen du. Ondoren, eskumenak dituen gobernuko sail edo ministerioak berretsi egiten du, izan Jaurlaritzak, Generalitateak edo Espainiako Gobernuak. Hori da euskal presoen kasuan gertatzen ari dena.
Baina askoz jende gehiagori ere ematen zaio artikulu hori. Espainian 2025ean 61.000 bat preso ziren, eta urte horretako 100.2 artikulua zein presori eman zaien ez dakigu, baina 2010etik 2019ra milaka presori aplikatu zitzaien artikulu hori Espainian: 2010ean 71.000 preso ziren eta %3,70ari eman zitzaien artikulu hori (2.600 presori gutxi gorabehera), 2016an %4,10ari eta 2019an %3,10ari. Hamarkadako datu guztiak kontsulta daitezke Espainiako Espetxe Erakundearen historikoan. Datu horiek, zehazki, 100.2 artikulua ikertzen duen lan honetatik jasotakoa da. Bertan, argi ikusten da artikulua 1996an indarrean sartu zenetik ika-mika askoren iturri izan dela Espainiako eremu judizialean, baina esanguratsua da, halaber, 30 urte geroago oraindik indarrean dagoela, eta ohikoan halako zarata mediatikorik sortu barik.