Baionan, Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donostian, Eibarren eta beste zenbait udalerritan egin dira igandean euskal selekzioaren aldeko mobilizazioak, Espainiako eta Argentinako selekzioen arteko Munduko Txapelketako finala hasi baino lehen. Zizpa gaztetxeak deituta Baionan, euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko plataformek eta euskal futbol talde nagusietako zaleen taldeek antolatuta Hego Euskal Herriko hiriburuetan, espainiar eta frantziar selekzioen "zuritze kanpaina basatia" salatu dute. Hainbat herritan, bestalde, istiluak izan dira, eta lau pertsona atxilotu dituzte.
"Euskal Selekzioa etxean gelditu da, eta ez inoiz galdu duelako, jokatzen ere utzi ez diotelako baizik", adierazi du 7Baietz! plataformak. Eta gehitu du: "Kirola eta politika nahastezinak diren doktrinapean, gure arteko partida eremu neutralean jokatzen ariko balitz bezala mintzo zaizkigu, mespretxuz, gezurretan ari dela ondo dakienaren harrokeriaz". Plataformaren iritziz espainiar edo frantziar selekzioak babestea ez da neutrala izatea, euskal selekzioaren izateko eskubidea ukatzea baizik.
"Igandean, epailearen txistu hotsarekin batera, gizonezkoen Munduko Kopa bukatutzat emango da; Euskal Herriak askoz partida garrantzitsuagoa izango du jokatzeko, ordea", dio plataformak finalaren atarian plazaratutako oharrak. "Partida horretan beharrezkoa izango da Euskal Herriko kirol federakunde guztiei gure babes osoa adieraztea, selekzio arrotzekin lehiatzeari uko egiten dieten kirolariak gorestea, apaltasun eta konbikzioz pedagogia egiten jarraitzea. Euskal Herriaren nazioarteko aitortzara bidean, selekzio ofiziala ezinbesteko pausoa da".
"Lo gaudela diote, eta hala nahi lukete; oso oker daude, ordea", gehitu du plataformak. "Euskal Herriak inoiz baino irekiago ditu begiak, nor den argi ikusteko. Inoiz baino zabalago ahoak, bere izaera aldarrikatu eta haren ukatzaileak seinalatzeko".
Ehunka lagunek egin dute bat euskal selekzioaren aldeko deialdiekin:
Istiluak hainbat herritan eta lau atxilotu
Ertzaintzak lau pertsona atxilotu ditu Gasteizen eta Donostian izandako istiluetan, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak jakinarazi duenez.
Gasteizen hiru kaputxadun atxilotu dituzte astelehen goizaldean, Espainiako selekzioaren kamiseta zeramaten pertsona batzuei aurre egin ostean. Bi pertsona "gorrotozko erasoengatik" atxilotu dituzte, eta hirugarrena, "agintaritzaren aurkako atentatu-delituagatik". Donostian beste gizon bat atxilotu dute "agenteen aurkako atentatuagatik", eta sei ikertu daude Espainiako selekzioko zaleei mehatxu eta irain egiteagatik. Ertzainek zazpi pertsona identifikatu dituzte.
Ertzaintzak hogei lagun identifikatu ditu Bilbon eta hiru Gasteizen, Munduko Futbol Txapelketako finalarekin lotutako dispositiboen esparruan, Barne Sailak jakinarazi duenez. Bilbon identifikatuetako bat ustez arma zuriz mehatxu egiteagatik ikertzen ari dira. Finala hasi baino lehen, zenbait pertsona PPk jarritako pantaila erraldoia zegoen eremura –Casilda Iturrizar parkera– hurbildu eta kable batzuk kendu dituzte. Une batez emisioa mozturik egon zen. Gasteizen, ustez pertsona batzuek Espainiako kamiseta zeramaten hiru zaleri eraso egin diete; eta Eibarren (Gipuzkoa), pantaila handia zegoen lekuan –Untzaga plazan– bi lagunek Espainiako bandera bat erre dute.
Eusko Jaurlaritzak hainbat herritan izandako erasoak "gaitzetsi" ditu: "Horrelako jokabideak bateraezinak dira gure Herria definitzen duten errespetu- eta bizikidetza-balioekin. Elkartasuna adierazi nahi diegu erasoren bat jasan dutenei, eta errespetuan, gizalegean eta edozein indarkeria mota arbuiatzean oinarritutako bizikidetzarekiko konpromisoa berresten dugu".
Berriozarren, espainiar soldadu batzuen kontrako erasoa
Berriozarren (Nafarroa), bestalde, jatetxe bateko terrazan zeuden hainbat laguni egin diete eraso. Diario de Navarra egunkariak jakinarazi duenez, Espainiako armadak Aitzoainen duen kuarteleko soldaduak ziren terrazan zeudenak. Haietako batek Núcleo Nacional talde naziaren kamiseta zeraman soinean hemen ikus daitekeenez.