Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaileak José Luis Rodriguez Zapatero deklaratzera deitu du, ekainaren 2an, inputatu bezala. Plus Ultra aire konpainiari emandako 53 milioi euroko laguntzen kasuan, sozietate sare baten bidez eskupekoak jaso ote zituen ari da ikertzen. Zapaterok ukatu egin du halakorik, eta Espainiako Gobernuak "sostengu osoa" eman dio presidente ohiari. Lurrikara politikoa piztu du kasuak.
Lehen aldiz, Espainiako presidente ohi batek inputatu bezala deklaratu beharko du epailearen aurrean. Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaile José Luis Calamak eserleku horretara deitu du ekainaren 2an José Luis Rodríguez Zapatero, 2004-2011 artean PSOEko gobernuburu izandakoa, Plus Ultra auzian "influentzia trafikoa eta diru zuriketa" egotzita.
Epaileak autoan dio Zapaterok sozietate sare bat gidatu zuela eskupekoak jasotzeko, eta 2021ean, COVID-19aren garaian, Plus Ultra aire konpainia erreskatatzeko Espainiako Gobernuak SEPIko (Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatea) funtsetatik emandako 53 milioi euroetatik zati bat jaso zuela, Venezuelatik atzerriko beste herrialde batzuetara bideratutako sare horretan oinarrituta.
Ikerketaren erdigunean Análisis Relevante enpresa dago, Zapateroren lagun –publikoki hala esana– Julio Martínez Martínezen enpresa bat. Harengandik, nola Zapaterok hala bere alaben Whathefav SL sozietateak, 1,8 milioi euro jaso zituela dio Calamak, hainbat lanen komisioen ordainetan.
Ikerketaren erdigunean Análisis Relevante enpresa dago, Zapateroren lagun –publikoki hala esana– Julio Martínez Martínezen enpresa bat. Harengandik, nola Zapaterok hala bere alaben Whathefav SL sozietateak, 1,8 milioi euro jaso zituela dio Calamak, hainbat lanen komisioen ordainetan
Anáisis Relevante enpresak, Plus Ultratik dirua zuzenean jasotzeaz gain, zeharka Sofgestor SL, Grupo Aldesa eta Inteligencia Prospectivatik ere jaso zituen ordainketak, autoak dioenez. Ez zuen enpresa autonomo baten moduan funtzionatzen eta "baliabideak jaso eta bideratzeko eredu bat" jarraitzen zuen, "denboran bat egiten dutenak laguntza publikoak jasotzeko egindako gestioekin". Autoaren arabera, zantzuak daude esateko Plus Ultra konpainiako buruek Zapaterorengana jo zutela, dirulaguntza horiek jasotzeko esku hartu zezan.
Gainera, ustez presidente ohiaren inguruak Dubain sorturiko beste sozietate baten bidez ere jasotzen zuten Plus Ultrako dirua, Idella Consulenza Strategicak aire konpainiarekin sinaturiko kontratu baten komisioak, esaterako. Autoak dioenez, Zapaterok eta bere ingurukoek 35 sozietateko sare bat kontrolatzen zuten.
Asteartean, epailearen aginduz, Espainiako Poliziaren ustelkeriaren kontrako UDEF unitateak Zapateroren bulegoa miatu du, baita beste hiru enpresaren egoitzak ere, tartean bere alaben Whathefav SL-rena.
Gainera, ustez presidente ohiaren inguruak Dubain sorturiko beste sozietate baten bidez ere jasotzen zuten Plus Ultrako dirua (...) Autoak dioenez, Zapaterok eta bere ingurukoek 35 sozietateko sare bat kontrolatzen zuten
Zapaterok dena ukatu du
Rodríguez Zapaterok ukatu egin du epaileak leporatu diona. Sare sozialetan zabaldutako bideo batean esan du "inoiz" ez duela inolako gestiorik egin administrazio publikoan Plus Ultrak dirulaguntzarik jasotzeko, eta ez duela merkataritza sozietaterik izan.
Plus Ultraren erreskatearen auzia Madrilgo epaitegi batek ikertu zuen lehenik, eta artxibatu egin zuen. Baina ondoren, ustelkeriaren aurkako fiskaltzaren eskariz berriz zabaldu zuten, eta 2025eko abenduan aire konpainiako buruak atxilotu zituzten operazio batean; Madrilgo epaileak aske utzi zituen baina, kautelazko neurriekin. Martxoan, Auzitegi Nazionaleko Calama instrukzio epaileak bere gain hartu zuen auzia.
Zapaterok sare sozialetan zabaldutako bideo batean esan du "inoiz" ez duela inolako gestiorik egin administrazio publikoan Plus Ultrak diru laguntzarik jasotzeko, eta ez duela merkataritza sozietaterik izan
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza 2024an hasi zen ikertzen Zapaterok Plus Ultraren auzia-rekin izan zezakeen harremana; Suitzatik eta Frantziatik laguntza eskatu zioten, herrialde haietan diru zuriketa batzuk detektatu zituztelako. Orain, Calamak beste pauso bat eman du eta Espainiako presidente ohia inputatu du.
Sánchez: "Nire babes osoa Zapaterori"
Pedro Sánchez Espainiako presidenteak Diputatuen Kongresuko kontrolerako asteazkeneko saioan "babes osoa" azaldu dio Zapaterori, eta "errugabetasun-presuntzioa" errespetatzea eskatu du.
PSOEko buruzagi erreferentea izan da Zapatero, eta inputazioak lurrikara politikoa sortu du. Presidente ohia sarritan agertu izan da Pedro Sánchezen gobernua defendatzen, horrek zailtasun politikoak izan dituenean, eta bere aliatu sendoa izan da PSOEren alderdi barruko ika-miketan ere.
Gobernuaren sostengu diren beste talde politikoek, bestalde, presidente ohiaren aurka lawfare (oldarraldi judizial) bat zegoela salatu izan dute orain arte. Ikusteke dago hemendik aurrera zein jarrera hartuko duten. Kongresuan ERCko bozeramaile Gabriel Rufiánek hauxe esan du: "Egia bada, kaka zahar bat da, eta gezurra bada, kaka zahar handiagoa".