Iruñerrian gutxienez 28 lagun atxilotu dituzte eskuin muturreko kide Vito Quilesen aurkako protesten harira

  • Operazio polizial handia jarri du martxan Espainiako Poliziak, urriaren 30ean Nafarroako Unibertsitatean Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaileak egin behar zuen ekitaldiaren aurkako protestetan parte hartu zutenen aurka. Asteazkenean gutxienez 28 lagun atxilotu dituzte Iruñean. Gutxienez ikastetxe batera sartu da Polizia, ikasle bat atzemateko. 


2026ko ekainaren 3an - 12:09
Azken eguneraketa: 23:47
Ahotsa.info
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Espainiako Poliziak 28 lagun atxilotu ditu asteazkenean, joan den urriaren 30ean Vito Quiles faxistak Nafarroako Unibertsitatean egingo zuen ekitaldiaren aurkako mobilizazioetan parte hartzeagatik. Desordena publikoko delituak leporatzen dizkiete. Poliziak esandakoaren arabera, "operazioak irekita" jarraitzen du. 

Goizaldean hasi dira lehen atxiloketak, eta Ahotsa.info hedabideak jakinarazi du lau lagun atxilotu dituztela. Ordu batzuk geroago, lautik 26ra igaro da atxilotuen zerrenda, Naiz-ek baieztatu duenez

Vito Quiles eskuin muturreko ekintzaileak Espainiako Estatuko hainbat unibertsitatetan ekitaldiak egin zituen; urriaren 30erako antolatu zuen Nafarroako Unibertsitatean ekitaldia. Unibertsitateak ez zion hori egiteko baimena eman, "baldintzak betetzen ez zituelako". Halere, Quilesek aurrera jarraitu zuen ekitaldiarekin eta ehunka lagun mobilizatu ziren ekitaldiaren eta Quilesen kontra. 

Quilesek atzera egin zuen, argudiatuta poliziek arma zuriak aurkitu zizkietela antifaxistei, nahiz eta Poliziak hori ukatu. Quiles bera ez zen Nafarroako Unibertsitatean azaldu; bai, ordea, haren jarraitzaileak.

Ekitaldia bertan behera gelditu bazen ere, Espainiako Poliziak eta Nafarroako Foruzaingoak unibertsitateko campusa hartu eta istilu handiak izan ziren Iturrama auzoan, antifaxisten eta polizien artean. Poliziak negar-gasa erabili zuen eta hainbat manifestari zauritu ziren. 

Egun hartako mobilizazioetan parte hartzeagatik atxilotu ditu orain Espainiako Poliziak 26 lagun, eta operazio poliziala abian da. Baina ez dira bakarrak, orotara, egun hartako istiluen harira zortzi lagun atxilotu dituzte gaurdaino: egun hartan bertan bi; azaroaren 21ean lau; eta otsailaren 6an beste bi. Desordena publikoko delituak egotzita atxilotu zituzten, eta horietako batzuei autoritatearen kontrako atentatu eta lesio delituak ere egozten dizkiete.

"Elkartasun osoa" eta askatzeko eskaera

Aske antolakundeak, GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak eta Ernaik "elkartasun osoa" helarazi diete atxilotuei, baita haiek askatzea exijitu ere. GKSk azpimarratu du eskuin muturraren aurrean mobilizatzearen beharra, "faxismoa kaleetan normalizatu ez dadin". Bestetik, Ernaik, azpimarratu du gazte antifaxisten mobilizazioengatik gelditu zutela ekitaldia, "Euskal Herrian faxismoak lekurik ez duela argi utzita". Halaber, "funtsezkotzat" jo du "zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri" bat helburu duten gazteak mobilizatzen jarraitzea.

 


Antifaxismoa kanalean gehiago
2026ko ekainaren 4
Goizean argi
Sarekada

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.