Espainiako Poliziak hirugarren pertsona bat atxilotu du Munduko Kopako finaleko istiluen harira

  • Itzubaltzetakoa (Getxo, Bizkaia) da atxilotua. Itzubaltzetako Gazte Asanbladak eta Aske antolakundeak elkarretaratzea egin dute gertatutakoa gaitzetsi eta atxilotua aske uzteko exijitzeko. Espainiako Poliziak gauzatu duen hirugarren atxiloketa da, nahiz eta Zupiriak pasa den astean salatu hori Poliziaren "eginkizunetatik kanpo" dagoela, ordena publikoko ekintzen gaineko eskumena Ertzaintzarena delako. 


2026ko abuztuaren 4an - 09:13
Azken eguneraketa: 11:11
Atxiloketa gaitzesteko Itzubaltzetako Gazte Asanbladak antolaturiko elkarretaratzea. Itzubaltzetako Gazte Asanblada
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Espainiako Poliziak bart, astelehenean, Itzubaltzetako gazte bat atxilotu du, gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketako finalaren egunean izandako istiluengatik; hirugarren atxilotua da dagoeneko. Itzubaltzetako Gazte Asanbladak eta Aske antolakundeak sareetan jakinarazi dutenez, finalaren egunean "euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde" mobilizatzeagatik eta "Cake Minuesa probokatzaileari aurre egiteagatik" atxilotu dute. 

Asanbladak elkarretaratzea egin du bart arratsean, atxilotua askatzeko exijitzeko eta errepresioa salatzeko. Elkarretaratzean antolatzera deitu dute: "Beharrezkoa ikusten dugu espainolismoaren eta faxismoaren aldarrien normalizazioaren eta errepresioaren aurka antolatzea". 

Espainiako Poliziaren hirugarren atxiloketa

Ohartarazi zuten atxiloketa gehiago etor litezkeela, eta gertatu da. Finaleko istiluengatik atxilotutako hirugarrena da honakoa. Pasa den astean Espainiako Poliziak bi pertsona atxilotu zituen. Aske daude jada, baina lesioak, gorroto delitua eta desordena publikoa egitea egotzi diete. 

Atxiloketen abiapuntua gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketako finalaren eguneko istiluetan ustez parte hartzeagatik da. Egun hartan istiluak izan ziren Euskal Herriko  hainbat tokitan eta Ertzaintzak hogei pertsona identifikatu zituen. Momentuon 50 pertsona daude ikerketapean, "arau hauste larriak" egiteagatik, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak jakinarazi duenez.   

Nabarmentzekoa da Espainiako Poliziak gauzatu dituela atxiloketak. Pasa den asteko atxiloketen harira, Zupiriak salatu zuen Poliziak "bere eskumenetatik kanpo" jardun zuela, ordena publikoko eta herritarren segurtasunarekin lotutako ekintzak Ertzaintzari baitagozkio. Sailburuak aurreratu zuen afera Espainiako Gobernuari helarazi zitzaiola. Ordea, astebete baino gutxiagoan, Poliziak atxilotzen duen hirugarren pertsona da honakoa.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...