100.000 sahararrek espainiar herritartasuna izateko legea onartu du Espainiako Kongresuak

  • PPren eta Juntsen abstentzioarekin eta VOXen aurkako botoarekin, orain Senatuan onartu beharko dute. Legearen bidez 1977 urtearen aurretik jaiotako sahararrek eta haien ondorengoek espainiar nazionalitatea izango dute.

Tindufeko (Aljeria) kanpalekuetan bizi diren sahararrak. Javi Julio / Nervio Photo (Copyright)

2026ko irailaren 11n - 09:21
Azken eguneraketa: 10:49
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Legeak 1977ko irailaren 29aren –Marokoren okupazioaren ostean Mendebaldeko Saharak Espainiako kolonia izateari utzi zion data ofiziala, NBEren arabera deskolonizatzeko zain dagoen herrialdea bada ere– aurretik jaiotako sahararrei espainiar herritartasuna izatea ahalbidetuko die. Haien ondorengo zuzenek ere jasoko dute espainiar herritartasuna, gehienez ere euren gurasoek eskuratu eta bost urtera.

Sumar alderdi politikoa izan da lege proposamenaren bultzatzaile nagusia, eta euren arabera 100.000 sahararrek lortuko dute espainiar nazionalitatea legearen ondorioz: horietatik 50.000 inguruk jada bazuten Marokok Mendebaldeko Sahara okupatzeko Martxa Beltza egin eta Espainiak koloniatik alde egin aurretik; gainontzekoak, berriz, haien ondorengoak dira. 

Duela bi urte baino gehiago, 2024ko martxoan hasi zuen bere bidea legeak, Kongresuko Justizia Komisioak begi onez ikusi ondoren. Urte berean PSOEk lege proposamena Kongresuan eztabaidagai izatearen aurka bozkatu zuen; PPk, ordea, onartu egin zuen. Marokotik Ceutara milaka etorkin iritsi aurretik azkartu zen legea onartzeko prozedura –gogoratu behar da 2022ko martxoan Espainiako Gobernuak Marokoren Mendebaldeko Sahararen gaineko okupazio plana onartu zuela–.

PPren kritikak

PSOEren kontrara, PPk baiezkotik ezezkora egin du bidea sahararrek Espainiako nazionalitatea izateko legearekin. Alderdi Popularrak legeari eginiko kritikek bat egiten dute 2022an onartutako Memoria Demokratikoaren legearen puntu bati eginikoekin: horren bidez 1936ko gerraren edo diktaduraren eraginez erbestera joan zirenen ondorengoek espainiar herritartasuna eskuratzeko aukera dute.

Hain zuzen, asteartean Auzitegi Gorenak puntu hori behin behinean baliogabetu eta espainiar herritartasuna lortu zutenei boto eskubidea ukatu zien. VOX eskuin muturreko alderdi politikoak aurkeztutako helegitearen ostean hartu dute erabaki hori, eta orain gerraren edo diktaduren ondorioz erbesteratukoen ondorengoak direla frogatu beharko dute. PPk zein VOXek Espainiako Gobernuari leporatzen diote 2027ko hauteskunde orokorretarako botoak irabazi nahi izatea. 


Mendebaldeko Sahara kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.