Irailaren 25ean Espainiako Kongresua “okupatzeko” –eraikina inguratzea da asmoa– antolatutako ekintzaren helburuak birdefinitzeko koordinadora sortu dute. Hala dio Juan Luis Sanchez kazetariak Eldiario.es egunkarian idatzitako artikulu batean. Ekintzaren inguruan eztabaida sortu da talde eta plataformen artean. Deialdia En Pie! plataformak egin zuen, baina manifestuaren edukiak eta ekimena antolatzeko moduak kritika zorrotzak jaso zituen M-15 mugimenduaren barruan dauden esparru askotatik.
Juan Luis Sanchez-en esanetan M-15 barruko taldeek sortu dute koordinadora eta En Pie! plataformakoak bertan sartu dira. Modu horretan, egitasmoa “hackeatu” dute eta plataformari gidaritza kendu diote. Egitasmoari egindako kritika nagusienetako bat gardentasunik eza da. Koordinadorak asanbladen eta sarearen bidez egingo du ekimenaren hedapena. Manifestuaren edukiak ere lan taldeetan eztabaidatuko dira.
'En Pie!' plataformak gezurtatu egin du
I-25 ekimenaren hasierako sustatzaileak, En Pie! plataformak, Eldiario.es-eko artikuluan esandakoak gezurtatu ditu bere blogean. Plataformak dio informazioa “faltsua eta manipulatua” dela, eta taldearen nortasuna bere horretan mantentzen dela, hala nola “Kongresua Okupatu” deialdiko hasierako edukiak eta helburuak.
Irailaren 25ean, asteartea, bilkura dago Parlamentuan, eta milaka lagun bildu nahi dituzte inguruan “Gorteak desegin” eta trantsizio baten bidez “konstituzio prozesu berri bat” abiaraztea eskatzeko. Jadanik 40.000 lagunek adierazi dute Facebook bidez Madrilgo deialdira joango direla. Bestalde, joan den astean Manuel Sanchez Gordillo Sindicato Andaluz de Trabajadores-eko kideak eta Gaspar Llamazares IU alderdiko parlamentariak bat egin zuten deialdiarekin.