COVID-19 garaian maskaren erosketaren harira izandako ustelkeria kasuan, talde kriminala osatzea, eroskeria, eta dirua bidegabe erabiltzea egotzi dio Espainiako Auzitegi Gorenak espainiar Garraio ministro ohiari. Koldo García aholkularia 19 urteko kartzelaldira zigortu du eta Víctor Aldama enpresaburuari lau urteko zigorra ezarri dio.
Urte eta erdi behar izan du Espainiako Auzitegi Gorenak epaia emateko, baina eman du: Jose Luis Ábalos Espainiako Garraio ministro ohiari 24 urte eta 3 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Koldo auzian. COVID-19 garaian milioika maskara modu bidegabean erosteagatik, talde kriminala osatzeagatik, funtzionario-eroskeriagatik eta influentzia trafikoagatik zigortu du.
Epaimahaiak frogatutzat eman du Koldo Garcíarekin batera sare bat osatu zuela, Estatuko Portuek eta Adifek esleitutako kontratuekin dirua poltsikoratzeko, Víctor de Aldama enpresaburuari lotutako enpresa baten bidez. Garcíari 19 urte eta 8 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Gorenak, eta Aldamari 4 urte eta 6 hilabetekoa. Azkeneko hau ez da espetxean sartuko, auzitegiak ebatzi duelako justiziarekin "kolaboratu" duela.
Auzian zehar dozenaka lagunek deklaratu behar izan dute, kargu publikoak eta funtzionarioak tarteko. Ábalos eta García Soto del Real (Madril) espetxean daude eta han jaso dute epaiaren berri.
Koldo García Izaguirre da sare honen erdian dagoen pertsona giltzarrietako bat. Barakaldon (Bizkaia) jaioa baina Nafarroan finkatua, atezain izatetik UGT sindikatuan eta PSOE alderdian eragin nabarmena izatera igaro zen, besteak beste kargu politikoen zaindari lanak egiten. Nafarroako politika zipriztindu duen beste auzi batean, Cerdan auzian, ere inplikatuta dago, Santos Cerdán PSOEko Antolakuntza Idazkari ohiarekin batera obra publikoetako esleipenetatik dirua ateratzeko.