Terrazetan eta hondartzetan erretzea debekatuko lukeen lege proiektua onartu du Madrilek

  • Lege proiektua Espainiako Gorteetara bidaliko dute orain eta han erabakiko dute onartu ala ez. Onartuz gero, areagotu egingo dira Hego Euskal Herrian kerik gabeko guneak, adibidez, unibertsitateko campusen inguruan. Bestalde, lege berriak tabakoaren maila berean jarriko ditu bapeatzaileak eta zigarro elektronikoak. 

Lege berriarekin debekatuta egongo da terrazetan eta beste hainbat lekutan erretzea. Dani Blanco / ARGIA (CC BY-SA)

2026ko uztailaren 22an - 11:42
Azken eguneraketa: 13:13
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Autobus geltokietan erretzea debekatuta, zigarro elektronikoak eta bapeatzaileak tabakoaren mailan eta tabakoaren salmenta estankoetan soilik. Horiek dira Espainiako Gobernuak berriki onartu duen tabakoaren lege proiektuaren zenbait puntu. Orain Espainiako Kongresura eramango dute, eta bertan onartuz gero, legea indarrean sartuko da Hego Euskal Herrian. 

Lege proiektuaren helburua osasun publikoa "hobeto babestea" eta "tabakorik gabeko belaunaldia" lortzea da, Osasun ministro Mónica Garcíak esan duenez. Orain urtebete hasi ziren lege proiektua garatzen, eta zuzenketak egin ostean, bigarren itzulian onartu dute Espainiako Ministroen Kontseiluan.

Kerik gabeko eremu gehiago eta kontsumoa mugatuta

Araudi berriarekin areagotu egingo dira kerik gabeko eremuak. Besteak beste, debekatuta egongo da hondartza guztietan – egun, Euskal Herriko zenbait udalerritan debekatuta dago – erretzea, orain arteko legearekin alderatuta, aldaketa nagusienetariko bat izango da. Debekatuta egongo da ere, esaterako, taberna eta jatetxeetako terrazetan, igerileku publikoetan eta ikuskizun publikoetako esparruetan, nahiz eta kanpoaldean izan, adibidez, kontzertuetan. 

Era berean, debekatuta egongo da erretzea eraikin publikoen, ikastetxe eta unibertsitateen, haurrentzako guneen eta museo eta kultur etxeen inguruan, hamabost metro baino gehiagoko erradioan ez bada. "Herritarrek aire garbia arnasteko duten eskubidean beste urrats bat egitea dakar lege proiektuak", adierazi du Garcíak.

Adin txikikoak babestea helburu

Bestalde, lege berria onartuz gero, tabakoaren pareko tratatuko dira zigarro elektronikoak eta bapeatzaileak, pipekin, belarrak erretzeko produktuekin eta tabakoarekin lotutako bestelako produktuekin batera.

Hain justu, gaur egun nabarmen hazi da zigarro elektronikoen eta bapeatzaileen kontsumoa, batez ere adin txikikoen artean. Araudi berriaren helburuetako bat adin txikikoak babestea da, aipatutako kerik gabeko belaunaldi berria lortzeko. Horregatik, 18 urte azpikoek debekatuta izango dute tabakoa kontsumitzea, eta ezingo zaie tabakoa eta tabakoarekin lotutako produkturik saldu. Gaur egun saltzea bakarrik dago debekatuta, ez espreski kontsumoa.

Salmentarekin lotuta, tabakoaren salmenta denda espezializatuetara mugatuko da, eta publizitatearen, sustapenaren eta babesletzaren murrizketak ere gogortu egingo dira. Ondorioz, estankoek ezingo dute kanpotik ikus daitekeen publizitaterik jarri. Modu horretan, erretzea sustatu dezaketen jokabideak mugatu nahi dituzte.

Aipatutako arauak hautsiz gero, 300 eurotik 600 eurora bitarteko isunak ezarriko dira, eta, adin txikikoen kasuan, ehun euroko isuna jasoko dute eta gurasoak edo tutoreak izango dira erantzuleak.

 

 


Tabakoa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...