Espainiako Gobernuak Italiako bidaiariei behin-behineko muga kontrolak ezarri dizkie, Melonik bereak kentzeari uko egin ostean

  • Italiak Ceutako migratzaileen krisiaren harira, “terrorismo arriskua” areagotu dela erran du, eta baieztatu du ez dituela kontrolak kenduko “arriskua desagertu arte”. Espainiako Gobernuak ere kontrolak berrezartzea erabaki du, “Italiak jasaten duen migrazio irregularraren presioari” aurre egiteko. Neurriak abuztuaren 8tik irailaren 7ra arte egonen dira indarrean. Loiuko aireportuan dagoeneko dozena bat identifikatu dituzte.


2026ko abuztuaren 13an - 12:47
Azken eguneraketa: 14:11
Italiako aireportu batean jarritako kartel batek Espainiatik datozen bidaiariei ilara berezi batetik joan behar dutela adierazten die. Maldita.es Maldita.es
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ceutako migratzaileen krisiak migrazioari buruzko ildo gogorra babesten duten Europar Batasuneko kideak haserrarazi ditu, Italia barne. Herrialdeko eskuin muturreko lehen ministro Giorgia Melonik Espainia Schengen eremutik kanporatzea, eta EBko mugak gogortzea eskatu zuen aurrena. Uztailaren 31n, berriz, Espainiako Estatutik iristen diren pertsonei muga kontrolak ezartzea erabaki du.

Espainiako Gobernuak neurri hori kritikatu, eta murrizketak kentzeko eskatu arren, Melonik “ultimatumik” ez duela onartuko erran du, eta baieztatu du kontrolak mantenduko dituela “olatu berri bat ez dela egonen, eta Europara etorkin irregularrik iritsiko ez dela” ziurtatu arte.

Hortaz, Espainiako Gobernuak odolkiak ordainetan eman dizkio Italiari, portuetako eta aireportuetako barne mugetako kontrolak aldi baterako berrezartzea erabaki baitu, “Italiak jasaten duen migrazio irregularraren presioari” aurre egiteko.

Loiuko aireportuan ezarritako muga kontrolak Italiako bidaiarientzat. Orain.eus

Espainiako Gobernuko Barne ministerioaren arabera, neurri horiek ausaz aplikatuko dira, eta larunbatetik, abuztuak 8tik, irailaren 7ra arte egonen dira indarrean, baldin eta “kontrol horiek ezartzea eragin duten inguruabarrak aldatu ez badira”. 

Zehazki, iragan larunbatetik asteazkenera bitarte, Italiatik etorriko 2.600 bidaiaritik goiti identifikatu dituzte Espainiako Estatuko aireportuetan. Loiuko (Bizkaia) aireportuari dagokionez, bi hegazkinetan Italiatik ailegatutako dozena bat pertsona identifikatu dituzte. 

“Mehatxu terrorista”

Italiako Atzerri ministro Antonio Tajanik “onartezintzat” jo du Espainiako Gobernuaren erabakia, eta Italiaren kontrolak segurtasun arrazoi baten ondorio direla adierazi du: “Ez dago zalantzarik Saharaz hegoaldeko Afrikatik datozen pertsonen etorrera mehatxu terrorista jihadista dela”.

Tajanik ziurtatu duenez, kontrolek gutxienez abuztuaren 15era arte jarraituko dute; izan ere, Tajaniren arabera, egun hartan bertze etorrera masibo baten arriskua dago Ceutan: “Olatu berri baten arriskua dago abuztuaren erdialdean: gure neurria ez altxatzea badaezpadako neurria da, baina laster egitea espero dugu, arriskua desagertu bezain laster”.

Espainiako Gobernuak, berriz, diskurtso politikoaren tonua jaitsi nahi izan du. Hirugarren presidenteorde Sara Aagesen itxaropentsu agertu da, eta adierazi du Italiak neurriak kentzea espero duela. Argi utzi dio Meloniri "Schengen espazioa ez dela inoiz bortxatu eta bermatua dagoela”.


MIgrazio-nekropolitikak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...