Aquiles Cuadra de Miguel Tuterako alkate ohia Iruñean fusilatu zuten 1939an. Haren hilketaren 87. urteurrenean, Espainiako Gobernuak aitortza eta erreparazio adierazpena egin du, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak eskatuta.
Adierazpenak jasotzen duenez, Aquiles Cuadrak “Espainiako gerran eta diktadura frankistan arrazoi politikoengatik jazarpena jasan zuen”, eta hori dela eta, “aitortza jasotzeko, erreparazio morala lortzeko eta haren memoria pertsonala, familiarra eta kolektiboa berreskuratzeko eskubide osoa” du.
Adierazpenak Cuadra epaitu zuten epaitegi frankistak ere aipatzen ditu. “Epaiketa egin zion auzitegia legez kanpokoa eta zilegitasunik gabea” izan zen, eta, era berean, “epaileek zein administrazioek emandako epai, zigor eta ebazpenak zilegitasunik gabekoak”.
Atelehenean egin zion GEBehatokikoak dokumentu ofizialaren entrega Enrique Cuadra fusilatutako alkate ohiaren ilobari. Senideak jatorrizkoa aitortza-agiriaren entrega egingo dio Tuterako alkateari, udal-artxiboan gordetzeko helburuarekin. GEBehatokiak positiboki baloratu du lortutako aitortza, azken hamabi hilabeteotan borrokatu dutelako.
GEBehatokiak kasu hauei oihartzuna emateko deia luzatu du. “Berriro gerta ez dadin oinarriak ezartzeko, garrantzitsua da halako kasuak gizarteratzea eta belaunaldi berriek ere haien berri izatea”. Izan ere, “frankismoaren biktimen familiek urte luzez bizi izan dute mina isiltasunean eta beldurrak ezarritako bazterketa. Duintasuna berreskuratzeko garaia da, eta gure ustez, erakundeek gidatu behar dituzte lapurtutako justizia berreskuratzeko prozesuak”, adierazi dute.
Alkate errepublikar ezkertiarra
Aquiles Cuadra de Miguel abokatua eta politikari errepublikarra izan zen, Erriberako ezkerreko erreferenteetako bat. Tuterako Alderdi Errepublikar Autonomoaren sortzailea izan zen, eta Bigarren Errepublika garaian Nafarroako Alderdi Errepublikar Erradikal Sozialistaren adarra sortzen lagundu zuen, gerora Izquierda Republicanarekin bat egin zuena.
1931ko hauteskundeetan ezkertiarren blokeak garaipena lortu zuen Tuteran, eta Cuadra alkate izan zen 1932tik 1934ra. Ondoren, zinegotzi aritu zen 1936ko estatu kolpera arte. Nekazaritza-erreformaren eta herri-lurren defentsan aritu zen. 1936ko abenduan atxilotu zuten, Sevillan falangista talde batek herritarrekin izandako enfrentamendua leporatuta. Tuterako San Frantzisko komentura eraman zuten, Erriberako ezkertiarrentzako presondegi eta hiltegi bihurtua. Heriotza zigorrera kondenatu zuten, eta lehen epaia izapide-akatsengatik baliogabetu ondoren, bigarren epaiketan berretsi zuten zigorra. 1939ko urriaren 19an fusilatu zuten Iruñean.
Cuadrari buruz eta bere hilketaz zabal idatzi zuen Urko Apaolaza Avilak 2019an, Aquiles Cuadra: heriotza kanpaiak Erriberan izeneko erreportajean, hil zutela 80. urteurrenean. Aste horretako aldizkariaren azala eman zion ARGIAk gaiari, Paula Estevezek egindako ilustrazioarekin.
