2022ko Memoria Demokratikoaren Legearen mandatuari jarraituta egin da ikerketa, eta 1978an Espainiako Konstituzioa onartu zenetik 1983a arte izandako hilketak ikertu ditu. Gehienak Madrilen eta Euskal Herrian gertatu ziren.
2024an hasi zen ikerketa eta horren arabera, 28 pertsona segurtasun indarrek hil zituzten eta gainerakoak eskuin muturreko taldeek. Memoria Demokratikoaren Legearen estaldura 1978ra artekoa da, urte hori barne, baina azterketa honek 1983ra artekoak ikertu ditu, uste delako heriotza horiek frankismoaren ondorio gisa har daitezkeela eta horrela akats historiko bat zuzentzen dela. Txostenak zuzendu nahi du “biktimekiko defentsa-gabezia eta haiek egin gabeko aitortza”, eta onartzen du hilketa horietako asko ez zirela behar bezala ikertuak edo epaituak izan”.
Ondorioetan aipatzen da heriotza horiek praktika antidemokratikoen ondorio gertatu zirela, eta haien helburua frankismoari eustea zela: “Terrorearen erabilera medio, demokraziak aurrera egitea saihestu nahi zuten” eta hori, sarritan, egiten zuten “agintarien tolerantziarekin”.
Espainiako liburuetan azken mendeko historiaz irakurtzen duenak Trantsizioa garai eredugarri gisa aurkezten da, baina txosten honek zehazten du egiazki “garai grisa” izan zela. Manifestazioetan, komisarietan eta kontroletan gertatutako legez kanpoko parte-hartzeak, gehiegikeriak et abusuak oso ohikoak izan zirela azpimarratzen du; ez zela garbiketarik egin segurtasun indarrean artean, eta horrek ahalbidetu zuela demokrazian sartuta ere praktika horiek ugariak izatea.
Gladys, Gonzalez eta Aldana tabernakoak
Gladys del Estal donostiarra, Yolanda Gonzalez bilbotarra, Almería auziko hiru hildakoak edo Alonsotegiko taberna batean izandako lau herritarren hilketa daude Espainiako Gobernuak onartutako biktimen artean. Baita Jesús María Zubikarai eta Tomás Alba ere. Del Estal gazte ekologista Guardia Zibilak hil zuen 1979an Tuteran; eta González gazte komunista BVE talde parapolizialak bahitu eta hil zuen Madrilen 1980an, han ikasketak egiten ari zenean. Zubikarai BVEk hil zuen Eibarren 1980an. Tomás Alba Donostiako Udaleko Herri Batasunako zinegotzia zen eta BVEk hil zuen Astigarragan.
Almería auzi-ko gazteei dagokienez, Guardia Zibilak hil zituen Almerían. Luis Cobo, Juan Mañas eta Luis Montero gazteak Santanderren bizi ziren eta lehen jaunartze batera joan ziren Andaluziara. Han, Guardia Zibilak etakideekin nahastu zituen, eta torturatu eta hil zituen. Alonsotegin, aldiz, Liborio Arana, Manuel Santacoloma, María Paz eta Pacífico Fica hil zituzten, eskuin muturrak Aldana tabernan jarritako lehergailuaren ondorioz. Tabernara jeltzale asko joaten ziren eta uste da horregatik egin ziotela eraso.
Ikerketa honetatik kanpo geratu dira antzeko egoeratan hil zituzten ETAko edo beste talde armatuetako kideen auziak. Oraingoan hildakoen kasuak bakarrik aztertu direla zehaztu dute batzordekideek, baina Espainiako Gobernuari aholkatu diote etorkizunean ikertu ditzala ere torturen edo tratu txarren biktimak izan zirenak. Azpimarratu dute, halaber, txostenak ez duela ikuspegi juridikorik, eta informazio historikoaren zehaztasuna eta biktimekiko erreparazioa landu nahi dituela.