argia.eus
INPRIMATU
Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri du Madrilgo Erkidegoan
  • Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri du Madrilgo Erkidegoan, hiriburuaren eta bederatzi hiriren itxiera perimetrala mantentzeko, forma akatsetan oinarrituta Madrilgo Justizia Auzitegi Gorenak ostegunean neurri horiek bertan behera utzi ostean. Ezohiko Gobernu Kontseiluak ostiral honetan onartu du dekretua eta hau 14:00etan indarrean da.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 09a
Arg.: El Diario

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak telefono dei baten bidez eman dio horren berri Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko lehendakariari. Moncloakoaren arabera, gobernu zentralak ostegunean hiru aukera eman zizkion gobernu autonomikoari: Ayusok berak ematea itxiera agindu berri bat, alarma batera ezartzea edo Espainiako Gobernuak zuzenean egitea. Madrilgo Erkidegoko presidenteak baztertu egin du hamar hirien itxiera perimetrala, eta oinarrizko osasun eremuetara itzultzeko apustua egin du, baina neurri hori ez da nahikoa Espainiako Gobernuarentzat.

 

Moncloak zehaztasunez azaldu ditu bi gobernuen arteko azken orduetako harremanak. Sanchezek aipatu hiru agertoki eman zizkion atzo Ayusori. Esan zion, halaber, adeitasunagatik ministro kontseilua apur bat atzeratu zitekeela 8:30etatik 12:00etara, baina, adierazi duenez, ez dio Sanchezi deitu. Ondorioz, eguerditik aurrera hasitako gobernuaren bileran alarma egoera onartu da eta ondoren, Sanchezek deitu dio Ayusori horren berri emateko, esanez datozen hamabost egunetan egoera gertutik jarraituko dutela elkarrekin. Alarma egoerak hamabost egun iraungo du eta datorren astean Sanchezek honen berri eman beharko du Espainiako Kongresuan. Lehenengo honetan ez du Kongresuaren baimenik behar, baina luzatuko balu bai.

 

Dekretuaren ondorioz, beraz, honako neurriak sartuko dira indarrean Madrilgo Erkidegoan: bilera mugatuak 6 lagunentzat, %50eko edukiera tabernentzat eta horien itxiera-ordua 23:00etan. Moncloak argi utzi du neurriak orain artekoak direla eta babesten dituen esparru juridikoa baino ez dela aldatu. Neurriak Madrili eta erkidegoko beste zortzi hiriri aplikatuko zaizkie: Alcobendas, Alcorcon, Fuenlabrada, Getafe Leganes, Mostoles, Parla eta Torrejón de Ardoz. 7.000 poliziek zainduko dute dekretuaren betetzea.