Epaileak uste du Venezuelan egon daitezkeela, eta herrialdean egon den “aldaketa politikoa” baliatu du eskaera egiteko.
Espainiako Auzitegi Nazionalak, Dignidad y Justicia elkarteak eskatuta, erreguzko mandatua egin dio Venezuelari, hamalau iheslariren inguruko informazioa lortzeko. Francisco de Jorge epaileak uste du herrialde horretan egon daitezkeela, El País egunkariak argitaratu duenez.
Epaileak herrialdean egon den “aldaketa politikoa” baliatu du eskaera egiteko. Izan ere, urtarrilaren 3an, AEBek eraso egin zioten Venezuelari, eta Nicolas Maduro presidentea bahitu eta preso hartu zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak uste du horrek “kolaborazioari” atea ireki diezaiokeela.
Epaileak jakin nahi du hamalau iheslari horiek zer harreman izan zuten errefuxiatuen kolektiboarekin eta zer lan egin zuten bertan; ETAko kideekin harremanik izan ote zuten; eta zenbaterainoko ardurak izan zituzten.
Hauek dira hamalau iheslarien izenak, hurrenez hurren: Eugenio Barrutiabengoa Zabarte, Iñaki de Juana Chaos, Jose Luis Eziolaza Galan, Angel Lizarbe Oses, Luis Maria Olalde Quintela, Jose Angel Uriz Zabaleta, Arturo Cubillas Fontan, Xabier Arruti Imaz —maiatzean hil zen—, Asuncion Arana Altuna, Juan Jose Aristizabal Kortejarena, Maria Artola Etxeberria, Asier Guridi Zaloña, Jesus Maria Huerta Fernandez eta Ignacio Etxebarria Landazabal.