Enpresak 46 milioi euroko kalte-ordaina eskatu zion Espainiako Estatuari, Guardia Zibilari egotzita obren aurkako protestak “ez eragoztea”. Epaitegiak, ordea, gogorarazi dio ez zuela “prebentzio neurririk hartu”.
Espainiako Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi du Aroztegiko proiektuaren enpresa sustatzaileak jarritako demanda. Palacio de Arozteguia SM enpresak 2021eko apirilean lau izarreko hotel bat, golf zelai bat eta luxuzko 228 etxebizitza eraikitzeko lanak hasi zituen Lekarozen (Baztan, Nafarroa), 350 biztanleko herri batean. Bizilagunak, ordea, proiektuaren aurka agertu ziren, eta obrak geldiaraztea lortu zuten. Ondorioz, enpresak Espainiako Barne Ministerioari 46,2 milioi euroko kalte-ordaina eskatu zion, galerak konpentsatzeko.
Administrazioaren ondare-erantzukizuna oinarri hartuta, enpresak Guardia Zibilari egotzi zion eragindako kalteen errua, “obrak geldiaraztea eragin zuten ekintza bandaliko eta bortitzak, mehatxuak eta hertsapenak ez eragozteagatik”, Diario de Noticias-en irakurri daitekeenez.
Erreklamazio horiek 2023ko martxoan bota zituen gibelera Espainiako Barne Ministerioko idazkari nagusi teknikoak, baina enpresak auziarekin jarraitzea erabaki zuen Auzitegi Nazionalean. Orain, epaitegi horrek bertan behera utzi du demanda, Guardia Zibilaren jarduera “neurrizkoa eta egokia” izan zela iritzita. Gainera, sustatzaileei bertze segurtasun neurri batzuk hartu ez izana gaitzetsi die; hala nola, perimetroko hesia paratzea, obrak egiten ziren lekua seinalatzea eta obren eremua kontrolatzeko segurtasun pribatua kontratatzea.
Herritarrak ere jomugan
Enpresak ziurrenik ez du amore emanen diru kopuru hori erreklamatzen jarraitzeko bide judizial guztiak agortu arte, bide zibila barne. Izan ere, lanak sabotatzeaz akusatutako zazpi baztandarrak talde kriminal gisa kondenatu ditzaten tematuta jarraitzen du. Espainiako Auzitegi Gorenera jo dute zazpi herritar horien zigorrak gogortzeko.
2025eko irailean, Iruñeko Zigor arloko 3. epaitegiak zazpi auzipetuak zigortu zituen “obrak geldiarazteagatik eta indarkeria delituagatik”, baina baztertu egin zuen talde kriminalaren akusazioa. 5.850 eta 9.900 euro arteko isun ekonomikoa ezarri zioten akusatu bakoitzari, baina hogei urteko kartzela zigor eskaera bertan behera gelditu zen. Akusazioak helegitea aurkeztu zuen, baina Nafarroako Auzitegi Nagusiaren lehen atalak urtarrilean alde batera utzi zuen enpresaren errekurtsoa, eta irailean hartutako erabakia berretsi.