2021eko urtarrileko absoluzioa berretsi egin du Espainiako Auzitegi Nazionala, zehaztuta 1997ko Oviedoko (Espainia) polizia-etxe baten aurkako atentatuari Iparragirre lotzeko nahikoa froga ez dagoela. Auzitegi Gorenak agindu zion Auzitegi Nazionalari epai berria emateko. Bestetik, gertakari horrengatik Frantziako Estatuan jadanik epaitua izana ere zehazten da arrazoien artean.
Espainiako Auzitegi Nazionalak berriz absolbitu egin du Marixol Iparragirre euskal preso politikoa, Oviedoko (Espainia) polizia-etxe baten aurkako atentatuari buruzko auzian. Bi arrazoietan oinarritu du bere epaia: batetik, haren aurkako frogarik ez dagoela eta, bestetik, gertakari horiengatik jada epaitu izana Frantziak Estatuan. ETAk 1997ko uztailean granadekin Oviedoko polizia-etxe baten aurka egindako atentatuan parte hartu izanaz akusatuta zegoen Iparragirre, baina, azkenean, bere errugabetasuna berretsi egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Afera horri dagokienez, 2021eko urtarrilean absolbitu egin zuen auzitegiak Iparragirre, ez zuelako nahikoa froga kausitu. Baina Audientzia Nazionalaren epaian "motibazio-arrakala handiak" ikusten zituela, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen epaia 2023an, beste bat emateko agindua bideratuta. 2021ean emandako sententzia berretsi egin du, beraz, oraingoak.
Epaiaren berri eman du Naiz komunikabideak, Europa Pressek eskura izan duen epaian oinarrituta. Ondoko bi informazioak daramatza albisteak: "Europan epaitu izanaren salbuespena" kontuan hartu behar dela, eta bestetik, "epaiketako froga garrantzitsuenak aztertuta", ez dela ondorioztatzen "nahikoa froga dagoenik errugabetasun-presuntzioa ezerezean uzteko".
Iazko irailean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ondorioztatu zuen Iparragirre ezin zutela Espainian epaitu Frantziako Estatuan jadanik epaitutako delituengatik. Hala ere, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen Oviedoko atentatuarengatik Frantziako Estatuan jadanik epaitu ote zen argitzea.
2019an Espainiaratu zuten Iparragirre, Frantziako kartzeletan hogei urteko zigorra bete ondoren. Gaur egun Zaballako kartzelan daukate preso.