Jaurlaritzaren hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideen aurka CCOO sindikatuak aurkeztutako helegitea Espainiako Auzitegi Gorenera iritsi da; EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea onartu zuen, orain Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du eta behin betiko bertan behera geratu dira zenbait puntu.
Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia; hortaz, Eusko Jaurlaritzak ezingo dizkie azpikontratatutako enpresei funtzionarioen "hizkuntza baldintza berberak" eskatu. CCOO sindikatuak eraman zuen gaia auzitara, eta berak eman du albistearen berri ohar bidez.
Eusko Jaurlaritzak 2023ko ekainean administrazio orokorrean hizkuntza ofizialak erabiltzeko argitaratutako irizpideen aurkako helegitea aurkeztu zuen sindikatuak, eta EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea onartu zuen. Helegitea onartzean, auzitegiak atzera bota zituen Eusko Jaurlaritzaren testuko hiru puntu.
Lehenik eta behin, 1.0.6. puntua, zeinaren arabera azpikontratatutako enpresek administrazio publikoko "baldintza linguistiko" berberak bermatzeaz gain, langileek bezeroekin beti "lehen hitza" euskaraz egingo lukete eta dokumentuak herritarrek aukeratutako hizkuntzaren arabera egingo lirateke. CCOOren hitzetan, hizkuntza eskakizunak egiaztatu ezin dituzten langileek "kaleratze-arriskua" izan lezakete.
Bigarrenik, 2.2.3. puntua. Horren arabera, C1 edo C2 euskara maila duten langileek, aukera egonez gero, ikastaroak euskaraz jaso ahalko lituzkete. Eta hirugarrenik, 2.2.5. puntua, non esaten den langileak euskara eskakizuna frogatuta izanez gero, dokumentuak ez liratekeela itzuliko gaztelaniara.
Espainiako Auzitegi Gorenak CCOOrek aurkeztutako helegitea onartuta, bertan behera geratu dira hiru puntu horiek behin betiko.