Gipuzkoako Foru Aldundiaren helegitea ez du aintzat hartu Espainiako Auzitegi Gorenak, Kabia erakundeak biltzen dituen zahar etxeetako lanpostuen %92an hizkuntza eskakizunak ezartzea “gehiegizkoa” dela ebatzita. CCOO sindikatuak eta Ignacio López Lera abokatuak eraman dute kasua Auzitegi Gorenera.
Berria egunkariak jaso du albistea. Ebazpena behin betikoa da, eta beraz, EAEko Auzitegi Nagusiak 2025eko maiatzean ebatzi zuena orain irmoa da. Epai hark lanpostu publikoetara aurkeztea “oinarrizko eskubidea” dela argudiatu zuen. Kabia Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko erakundea da eta lurraldeko hamasei zahar egoitza kudeatzen ditu. 49 langilerentzat B1 eta B2 mailako hizkuntza eskakizunak zituzten ezarriak, lanpostu gehienetan B2 eskatzen zuten. Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi duenez, lanpostuen %92an hizkuntza eskakizunak ezartzea “gehiegizkoa” da.
Aurrekariak
2024ko urrian, Kabia erakundearen hizkuntza eskakizunak "neurriz kanpokoak" zirela ondorioztatu zuen Donostiako epaitegi bateko Gonzalo Pérez Sánz epaileak. 2022an salaketa jarri zuten bi langileei arrazoia eman zien: oinarrizko eskubideen urraketa egon zela eta euskara eskakizunek enplegu publikorako sarbidea "mugatu" zietela bi langileei. Ondorioz, Eibar, Irun, Oñati, Bergara eta Tolosako adinekoen egoitzetan 54 plaza egonkortzeko 2022an onartutako lan-eskaintza bertan behera utzi zuen Donostiako auzitegiak. Zehazki, 49 lanpostutan euskarazko B1 eta B2 mailak eskatzeagatik baliogabetu zuen lan-eskaintza.
Gipuzkoako Foru Aldundiak EAEko Auzitegi Nagusian helegitea jarri zuen hizkuntza eskakizunak babesteko eta auzitegiak Donostiakoaren epaia berretsi zuen, alegia, hizkuntza eskakizunak baliogabetu zituen. Foru Aldundiak, orduan, Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen.