Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak erran du “ahalik eta azkarren” kanporatuko dituztela migratzaileak, eta berriro muga zeharkatzen saiatu ez daitezen eskatu du. Dagoeneko 1.527 adin txikiko zenbatu dituzte Ceutan, eta haien jaioterrian muturreko egoeraren batean bizi badira, legeak ez du onartzen Marokora itzularaztea. Gatazketatik-eta ihesi doazenek ere asilo eskubidea dute.
"Espainian modu irregularrean sartu den azken pertsona ere Marokora itzultzeko konpromisoa dugu". Hamabi egun igaro dira 72.000 migratzailek Maroko eta Espainiaren arteko muga zeharkatu zutenetik, eta Ceutako migratzaileen krisia lehertu zenetik, eta asteartean Espainiako Gobernuko Atzerri ministro Jose Manuel Albaresek tonua gogortu du. Ceutako presidente Jesus Vivasekin (PP) elkartu ostean, oraindik hiri autonomoan dauden milaka pertsonen –8.000 eta 11.000 artean, Ceutako gobernuaren arabera– etorkizunaren inguruan mintzatu da.
Migratzaileak “ahalik eta azkarren” kanporatuko dituztela bermatu arren, Albaresek ez du zehaztu noiz izanen den: “Bistan denez, epai judizialak daude eta Espainiako legedia dago, baina borondatea da Ceutak bere normaltasuna lehenbailehen berreskuratzea, adin txikiko guztiak ahalik eta azkarren itzultzea”.
Horretarako, Albaresek baieztatu du egunero elkarrizketak dituela Naser Burita Marokoko homologoarekin, eta nabarmendu du Marokok "erabateko prestutasuna” duela herritarrak beren herrialdera itzultzea errazteko. Hain zuzen, Marokoko Justizia ministro Abdellatif Uahbik astelehenean exijitu zuen bakarrik dauden adin txikiko migratzaile marokoarrak aberriratu ditzala Espainiak.
Felix Bolaños: "Dagoeneko 1.527 adin txikiko identifikatu ditugu"
Adin txikikoen harrerari bizkar emanda, Espainiako Gobernuko Presidentetza ministro Felix Bolañosek ere ziurtatu du Marokoko Gobernuarekin lanean ari direla “adin txikiko guztiak beren familiekin Marokon elkartu ahal izateko”. Gaineratu du poliziek hiri autonomoan dauden adin txikikoen datuak hartzen jarraitzen dutela, eta dagoeneko 1.527 identifikatu dituztela.
Atzerri ministroak migratzaile guztiak kanporatzea “lehentasuna” dela adierazi arren, errealitatea da ezinezkoa dela denak kanporatzea, Atzerritarren Legeak ez baitu baimentzen. Izan ere, batetik, gatazketatik-eta ihesi doazen eta marokoarrak ez direnek asilo eskubidea dute.
Bertzetik, adin txikikoek jaioterrian duten egoerari erreparatu beharko dio Espainiako Fiskaltzak, berresteko ez direla muturreko egoeraren batean bizi, erraterako, muturreko pobrezia edo tratu txarrak. Bertze zenbait egoerari ere arreta berezia jarri beharko dio Fiskaltzak; hala nola, haurdun dauden emakumeak, gaixoak, eta salerosketaren balizko biktimak.
Gatazketatik ihesi doazenek asilo eskubidea dute, eta adin txikikoak haien jaioterrian muturreko egoeraren batean bizi badira, legeak ez du onartzen itzularaztea
Haur eta nerabeei dagokienez, haiek entzun ondoren, Fiskaltzak txosten bat egin beharko du. Prozesu horri muzin eginez gero, prebarikazioa egotzita kondena batekin amai daiteke, Ceutako Gobernuaren ordezkari Salvadora Mateosi 2021ean gertatu zitzaion bezala, baita Mabel Deu hiriko presidenteordeari ere.
2021eko krisi hartan, 55 adin txikiko berehala itzuli zituzten Marokora, lege eskakizunak bete gabe. Oraingoan, beraz, presak alde batera utzi, eta espedientez espediente ebatzi beharko dituzte kanporatzeak, giza eskubideak bermatzeko.
Guardia Zibilak ohartarazi du sare sozialetan Ceutara sartzeko bertze saiakera masibo bat antolatzen ari direla, abuztuaren 15erako. Posibilitate horren aitzinean, Atzerri ministroak mezua bidali nahi izan die muga zeharkatzea pentsatzen ari diren migratzaileei, eta eskatu die ez saiatzeko.
“Ceutatik zuzentzen natzaie Marokon edo Afrikako edozein puntutan Ceutan modu irregularrean sartuz lor dezaketenari buruzko informazio faltsua irakurtzen edo jasotzen dutenei: ez ditzatela beren bizitzak, dirua eta etorkizuna arriskatu porrotera bideratutako abentura batean”, erran du Albaresek. Ohartarazi die Ceutan edo Melillan modu irregularrean sartzen direnak itzuli eginen dituztela: “Ez dira Penintsulara edo Europara iritsiko eta ezinen dira Ceutan edo Melillan betiko geratu”.