argia.eus
INPRIMATU
Espainiakoa, hipoteka ordaintzerik ez dutenentzat soluziorik txarrena
  • Espainiako Kongresura helduko da etxea hipotekaren truke kitatzeko Herri Ekimen Legegilea. Hainbat formula erabiltzen dituzte Europako herrialdeetan ehunka mila pertsonari eragiten dion arazoa konpontzeko. Gehienetan bi aldeen arteko negoziazioa eta akordioa izaten dira soluzioa, Vilaweb guneak argitaratu duen Espainia, hipoteka ordaintzerik ez dutenentzat soluziorik txarrena artikuluaren arabera. Hona artikuluaren itzulpena.

ARGIA @argia 2013ko otsailaren 12a
Hipotekak Kaltetutakoen Plataformako kideak protestan artxiboko irudi batean.

Ingalaterran banku eta zordunek alternatiba "justu eta arrazoizkoak" bilatzea nahitaezkoa da hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituztenen kasuetan. Elkarrizketa prozesu honetan ez badute akordiorik lortzen, bankuak auzitegietara jo dezake, etxebizitzaren jabetza aldarrikatu eta hala zorra kitatzeko.

Belgikan ere negoziazioa gakoa da eta bankuak zorra kitatzeko epea atzeratzea onartu ohi du. Hala eta guztiz ere, bi aldeek ez badute egoera konpontzen, etxebizitza notario baten bidez salgai jartzen da. Jasotako diruarekin ez bada zorra kitatzen, bankua da zorra bere gain hartu behar duena, eta zordunaren erreferentzia erregistro batean gordetzen dute.

Frantzian, elementu berri bat erabiltzen dute: pisua edo etxea erosi aurretik baldintza zorrotz batzuk bete behar dituzte hipoteka eskatzen dutenek, adibidez, aseguru bat hartzea noizbait lanik gabe geratuko balira hipoteka ordaintzen jarraitu ahal izateko. Hipoteka indarrean den bitartean, zordunak hiru hilabete baino gehiago ematen baditu ordaindu gabe, Frantziako Bankuak bitartekari lana egingo du eta zorraren atzeratze adostua bilatuko dute. Helburua etxe kaleratzeak saihestea da. Azarotik apirilera ezin da Frantzian inor etxetik bota, "garai hotza" baita.

Italian, ordainketa eteten bada, hipotekaren epeak negoziatzen dira bankuarekin, hilabeteko kuotak txikitzeko. Horrez gain, lanik gabe geratu dela edo bestelako arrazoiak frogatzeko gai denak, gehienez urtebetez ordainketa eteteko eska dezake. Aldi berean, 2008ko lege dekretu batek galarazten du urtean 27.000 euroko diru sarrerak dituzten familiak etxetik botatzea.

Alemaniaren kasuan, ohikoena jabeak etxebizitza saltzea da hipoteka ordaindu ahal izateko, horren zaila ez den neurria, kontutan hartuta herrialdearen egoera ekonomikoa. Adostutako kuoten ordainketa ez balitz beteko, legeek negoziazio epe bat aurreikusten dute. Bankuak eta zordunak ez badute adostasuna lortzen, legeek bankuari onartzen diote etxebizitza enkantean jartzeko aukera, baina bertan bizi direnak bota gabe. Hori bai, zordunak azkenean etxetik kaleratuak izan daitezke, enkantean etxea erosi duena baita, une horretatik aurrera, jabea. Estatuak etxetik kaleratuak eta alokairua ordain ezin dezaketenak laguntzeko lerro bat du.

Portugalek eta Greziak, Espainiakoaren antzeko egoera –edo okerragoa– duten bi herrialdeok, dagoeneko hartu dituzte arazo hau konpontzeko neurriak.

Portugalen, 150.000 familia daude hipoteka ordaindu ezinik. Lege berri bat onartu dute 2015 amaiera arte ezohiko egoera ezartzen duena. Zailtasun ekonomikoak dituzten familiei baldintza hobeak onartzen zaizkie bi urtez hipoteka ordaintzeko. Neurrien helburua zorra birnegoziatzea da eta etxean bizitzen jarraitzea errenta baten truke. Arazoa ez bada konpontzen, hurrengo fasea litzateke bankua etxearen jabe egin eta hau saltzea, zorra kitatzeko.

Grezian, etxe kaleratzeak eguneroko ogi diren honetan, 2010. urtean Gobernuak zorpetutako kontsumitzaileen zorrak erregulatu behar izan zituen. Legearen arabera bi aldeek akordioa lortu behar dute auzitegietatik at. Irtenbidea askotan hipotekaren ordainketa izoztea izan ohi da, edo erosdunaren egoera aldatu bitartean kuotak berrezartzea. Ordura arte, hipoteka ordaintzen ez zutenak Espainiako egoera berean aurkitzen ziren, hipoteka etxearen truke kitatu ezinda.