UEMAk Esnatu dinamika aurkeztu du, eremu euskaldunen gainbehera “iraultzeko arduratik”

  • “Arnasguneak eta lurgune euskaldunena giltzarriak dira euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa da”, azaldu dute aurkezpenean. Hamazortzi kirol elkartek, mugimendu herritarrek, enpresek edo erakundek helburu hori bultzatzeko hartu dituzten konpromisoak jakinarazi dituzte.

UEMA

2026ko apirilaren 14an - 16:04
Azken eguneraketa: 2026-04-15 13:52
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Astearte goizean aurkeztu dute Esnatu ekimena, Orioko (Gipuzkoa) Arraunetxen. Azaldu dute joera aldatu ezean hurrengo urteetan euskarak atzera egingo duela “eremu euskaldunenetan ere”, eta Esnatu dinamika “horri erantzuteko eta egoera iraultzeko arduratik" sortu dela: “Era guztietako eragileak ahalduntzea eta eremu euskaldunek bizirik iraun dezaten eragileen konpromisoak sustatzea de ekimenaren asmoa”.

Agerraldian, Martin Aramendi UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariarekin eta Anuska Esnal Orioko alkatearekin batera, dinamikaren barruan konpromisoak hartzen lehenak izan diren hamazortzi eragileetako ordezkariak izan dira: AEK, Bankoa Abanca, Bilgune Feminista, Cederna-Garalur, ELA, Euskadiko Futbol Federazioa, Euskaldendak Konfederazioa, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Euskal Pilota Federazioa, Fagor taldea, Hekimen, lKA, Kutxabank, LAB, Laboral-Kutxa, Lanartea eta Plazaola Partzuergo Turistikoa.

Azaldu dute dinamika herriz herri zabaltzeko asmoa duela UEMAk, “hitzaldiak, foroak eta eragileekin bilera zuzenak antolatuta”. Helburutzat hartu dute eragileak “ahaldundu eta kontzientziatzea”, eta bakoitzak har ditzakeen konpromisoez hausnarraraztea.

UEMAko lehendakariak hartu du hitza lehenik. Mankomunitatearen “kezka handia” agertu du, arnasguneak “gainbeheran” daudelako eta etorkizunerako aurreikuspenak okerragoak direlako. Joera aldatzearen garrantzia azpimarratu du Aramendik: “UEMAk argi du arnasguneak eta lurgune euskaldunena giltzarriak direla euskararentzat, eta eremu horiek babestea eta sendotzea ezinbestekoa dela, euskararen lurralde osoan eragin dezaten eta euskararen biziberritzean motor izan daitezen”.

Bertsozale Elkartea pizgarri

Esnatu ekimena nola jaio den azaldu du Aramendik. 2025eko uztailean Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria, 2036 ikerketa argitaratu zuen UEMAk, eta emaitza oso kezkagarriak jaso zituen, hamarkada batean “arnasguneak ia desagertzeraino". Horren aurrean, Bertsozale Elkarteak hitzordua eskatu zion mankomunitateari, “eta egoerari buelta emateko udalerri euskaldunetan bere esku zegoen guztia egiteko prest agertu zen, hartu beharreko konpromisoak hartuta”.

Izan ere, arnasguneak desagertzeak euskara bera desagertzea ekarri dezakeela ondorioztatuta, Bertsozale Elkarteak "ardura" sentitu zuen, "bertsolaritza bera arnasgune delako kultura eta euskaratentzat"; Ainhoa Urien Bertsozale Elkarteko lehendakariaren hitzetan.

Beste eragile askok ere antzeko prestutasuna zutela ohartu ziren UEMAn gerora, eta hortik abiatu zen dinamika. “'Esnatu ala hil' esan digute ikerlari, soziolinguista eta euskaltzale adituek, eta udalerri euskaldunok eta hainbat eragilek, dagokigun arduratik, argi dugu: esnatzea da gure hautua”, azaldu du Aramendik. 

Eta horretarako, indarrak batu dituzte, Urienen hitzetan: "Aurrerapauso bat eman eta datuen esanahia irauliko duten konpromisoak hartzeko garaia dela uste dugu: euskara indarberritzeko ekimenak martxan jarriz, pizkunde berri batean gure ekarpena eginez, eta euskararentzat arnasgune diren udalerrietan euskal kulturak, eta zehazki, bertsoak, presentzia izan dezan". 

Euskararen aldeko konpromiso zehatzak

Horrela, konpromisoak aipatuta, ekimenera batutako eragileek zerrendatu egin dituzte hartuko dituzten konpromisoak. Momentuz hamazortzi eragile edo elkartek egin dute bat Esnatu dinamikarekin, eta guztien izenean Ana Urkizak hartu du hitza, Bankoa Abanca finantza erakundeko Euskara Koordinatzaileak. Erakundeak hartutako konpromisoa azaldu du Urkizak: “Gure bulegoetan, herritarrek, etxean bezala, modu naturalean euskaraz aritu daitezkeela sentitu dezaten eta aritu daitezen eragitea. Herritarrak ahaldundu daitezen nahi dugu, eta diruari buruz euskaraz aritzea naturala dela sentitu dezaten: dela dirua ekarri, eraman edo eskatzeko. Euskaraz bizi nahi dugulako gure bizitzako eremu guztietan. Eta finantzez, ekonomiaz, zenbakiez… euskaraz jarduteko prestatuta gaudelako”.

Urkizak azaldu du agerraldian parte hartu duten eragile bakoitzak bere konpromiso propioak hartu dituela, nor bere alorretik, “gure esku dagoena ‘eta dagokiguna’ egiteko prest gaudelako”.

Hauek dira eragile bakoitzak gaur iragarri dituen konpromisoak:
 

AEK: UEMArekin elkarlanean, "Etorri euskarara!" ikastaroak zabaltzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen du AEKk, baita herri txikietan euskara eskolak ematen jarraitzeko konpromisoa ere.

Bankoa Abanca: gure bulegoetan, herritarrek, etxean bezala, modu naturalean euskaraz aritu daitezkeela sentitu dezaten eta aritu daitezen eragitea. Herritarrak ahaldundu daitezen nahi dugu, eta diruari buruz euskaraz aritzea naturala dela sentitu dezaten: dela dirua ekarri, eraman edo eskatzeko.

Euskaraz bizi nahi dugulako gure bizitzako eremu guztietan. Eta finantzez, ekonomiaz, zenbakiez… euskaraz jarduteko prestatuta gaudelako.

Irauli nahi dugu pentsatzea zenbakiak gaztelaniaz errazago direla, gaztelaniaz kontratuak errazago ulertzen direla, hipoteka bat gaztelaniaz eskatzeak seguruago sentiarazten gaituela.

Egunerokotasuna ekarri nahi diegu ekonomia eta finantza gaiak euskaraz bizitzeari. Hauxe gure konpromisoa.

Bertsozale Elkartea: UEMAko udalerri guztietako ikasleek Hezkuntza Arautuan bertsolaritzako eskolak jasotzea zein beharraren araberako saioak edo formazioak eskaintzea. Esate baterako, Hezkuntza Arautuko bertsolaritza saioetan ikasleek lantzen duten guztiaren berri emateko hitzaldiak eskaintzea bertsolaritza gertuko ez zaien familientzat; edota, UEMAko udalerrietako euskal hiztunak ez diren familiei zuzendutako bertsolaritzaren inguruko saio teoriko-praktikoak. 

Bilgune Feminista: feminismotik, gure jardunean, hizkuntzaren balio politikoa lantzea, hizkuntza intersekzionalitatearen ikuspegitik urratsak ematea eta hizkuntza eraldaketarako motore bilakatzea, denontzat eta eskuragarria izan dadin.

Cederna-Garalur: Cederna Garalurren lantzen ari garen euskara plan berrian euskararen arnasguneak berariaz zaintzeko neurriak hartzea.

ELA: arnasgunetan euskara planak enpresetan ezartzeko kanpaina bat egiteko konpromisoa hartzen due ELAk, baita gure egoitzetan harrera planetan errefortzua egiteko konpromisoa ere, non hizkuntza eskubideak guztiz errespetatuko diren.

Euskadiko Futbol Federazioa: arnasguneetako futbol klubetan eta futbol partidatan erailera orokorreko hizkuntza euskara izan dadin sustatuko du Federazioak.

Euskaldendak Federazioa: Euskaldendak-ek egiten dituen komunikazioetan euskara lehenesteaz gain, bereziki sustatuko du euskararen erabilera arnasguneetan.

Euskalgintzaren Kontseilua: Batuz Aldatu dinamikan udalerri euskaldunetan eragiteko lurralde estrategia txertatzeko konpromisoa hartzen du Kontseiluak.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartea: 

  • UEMAko udalerri guztietako ikasleek Hezkuntza Arautuan bertsolaritzako eskolak emateko konpromisoa hartzen du Elkarteak (UEMA udalerrietako LHko haurrak)
  • Beharraren araberako saioak edo formazioak eskaintzea UEMAko parte diren udalerrietan. Izaera ezberdineko saioak izan daitezke:
  • Hezkuntza Arautuko bertsolaritza saioetan ikasleek lantzen duten guztiaren berri emateko mahai-inguru edo hitzaldiak bertsolaritza gertuko ez zaien familientzat.
  • UEMAko udalerrietako euskal hiztunak ez diren familiei zuzenduta eta UEMAko udalerrietako familia etorkinei zuzendutako bertsolaritzaren inguruko saio teoriko-praktikoa.
  • Ahozkotasuna lantzeko tailerrak. Bertsogintzatik abiatuta, lanketa horretarako lehen urratsak ematea.
     

Euskal Pilota Federazioa: Euskal Pilota Federazioak, arnasguneetako pilota klubekin zein horri dagozkion administrazioarekin komunikazioak euskara hutsean bideratuko ditu eta pilota klub horietan entrenatzaileak euren jardunari dagokionean zein pilota partidatan erabilera orokorreko hizkuntza euskara izan dadin bermatuko du.

Fagor Taldea: arnasguneetako enpresatan euskara lehenetsi eta hizkuntza irizpide aurrerakoiak ezartzeko konpromisoa hartzen du Fagor Taldeak.

Hekimen: Hekimen elkarteak arnasguneetako euskaldunen hizkuntza eskubideak aintzat hartu eta euskal prentsa sustatzeko konpromisoa hartzen du.

Ika euskaltegiak: orain arte bezala, aurrerantzean ere, herritar guztiak euskalduntzeko eta alfabetatzeko lanean segitzeko konpromisoa berresten du IKAk, gure herrian gure hizkuntza nagusi izan dadin bizitzaren alor guztietan.

Kutxabank:UEMArekin eta UEMAko kide diren udalekin dugun hitzarmena betetzea eta arnasguneetan ditugun bulegoetan hizkuntza irizpide aurrerakoiak ezartzen jarraitzea.

Laboral Kutxa: UEMArekin eta UEMAko kide diren udalekin dugun hitzarmena betetzea eta arnasguneetan ditugun bulegoetan hizkuntza irizpide aurrerakoiak ezartzen jarraitzea.

LAB sindikatua: barne funtzionamenduari begirako konpromisoak.

Barne-bilkurak euskaraz garatzea.

  • Ahozko bestelako barne-jarduerak euskaraz garatzea.
  • Barne-idazkiak euskaraz idaztea.
  • LABen egoitzetako errotulazio, ohar eta bestelakoak euskaraz izatea.
  • LABek arnasguneetan lan egiteko kontratatuko dituen langile berriak ezinbestean euskaldunak izatea.

Kanpora begirako jarduerarako konpromisoak.

  • Bere eguneroko jarduera sindikala euskaraz garatzea, bai idatzizkoan bai ahozkoan.
  • Lan munduaren euskalduntzean eragiteko konpromisoak.
  • Euskaraz lan egitea normalizatu eta orokortzeko, administrazioz administrazio eta enpresaz enpresa euskalduntzeari begirako neurriak aldarrikatzea, horien artean: euskara-planak sustatzea, hizkuntza-irizpideak indarrean jartzea eskatzea, eta, langileak euskalduntzeko bitartekoak eta erraztasunak eskatzea.

Lanartea: garai hobeak helburu, garairik ilunenetako grina beraz, LANARTEAn biltzen garen kulturgileok lan egingo dugu gure jarduna eta ekimenak euskararentzako arnasgune eta elikagune izan daitezen.

Plazaola:

  • Euskarari buruzko atal propioa sortzea webgunean (plazaola.eus).
  • Turismo bulegoko bisitarien artean euskarazko hiztegi bat banatzea.
  • Partzuergoko bazkideen artean euskararen erabilera handiagoa sustatzea.

Irakurri gehiago: Euskara UEMA Euskalgintza
Euskara kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 12
Garikoitz Goikoetxea, 'Esnatu ala hil' liburuaren egileetako bat
"Ea gai garen Aiaraldeko euskaltzaleen txinparta zabaltzeko"

2026ko maiatzaren 12
Etxekalte

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.