Martxoaren 21ean Korrikako furgoneteroek ez dute bezperako Pirinioetako gailurrik ikusi. Korrikalarien atzean ikusi duten gailur zuri-zuri bakarra Moncayoko mendilerroa izan da, Nafarroak Soria eta Zaragozarekin muga egiten duen puntua. Goizalderako Tuteraraino jaitsi ostean, berriz iparralderantz jarraitu du Korrikak, eta kilometro andana egin dituzte Erriberako lautadan, Ebro ibaia paraleloan eta Espainia atzean zituztela. Errigorako ehunka kidek auzolana eta nekazarien lana goraipatu dute, aurtengo omenduen kilometro berezian.
Landutako lursailen hektareak eta hektareak errepidearen bi albotara izan dira uneoro, baina Erriberan bizi ez diren eta ohituta ez dauden euskaltzale gipuzkoar eta bizkaitarrei –makina bat izan dira asteburuko plana bertan egin dutenak– beste zerbaitek ere eman die arreta: eoliko erraldoiz beteta dago inguru guztia, paisaiaren parte izango balira bezala. Eguzkiak gogorrenen jo duenean, korrikalariek “Erriberan ere euskaraz” aldarrikatu duten bitartean, aldameneko lursailetan pestizidak botatzen segitu dute larunbat eguerdian.
Baina euskaltzaleen paisaia bakarra Korrikako furgoneta denez, euren momentua aprobetxatzen ikusi ditugu asko eta asko; besteak beste, Zarrakazteluko euskaltzaleak, aurten Korrika euren herritik pasatu ez den arren, mezua iritsi, iritsi baita, eta Corellatik Castejonerako bidean euskara izan dute eskuetan eta ahotsetan. Nahiko lan izan du lekukoak aurrera egiten larunbatean, euskaltzaleei kosta egin zaie aurrera egitea, haurrek izan baitute protagonismoa, eta euren erritmora joan da: tipi-tapa, geldoago baina beti aurrera, euskararen herria lortzeko bide luzea egin beharko baitute txikienek ere, lasterketa luzea baita euskaldunona. Larunbat gauean lekukoa bultza dutenek ederki sufritu dute ordu erdiko atzerapena, ziur. Halaxe da euskaltzaleen borroka ere: batzuen nekea besteen indar berriz arindu behar da, eta hark deskantsatutakoan, alderantziz.
Neketsua izan daiteke, adibidez, Corellan kilometroen kartelak kenduta aurkitzea, gertatu den bezala. Neketsua, Tuteran, Castejonen, San Adrianen... bandera espainola balkoian duenaren bizilaguna izatea. Baina paisaia argitzen dute pareta eta pankarta batzuek ere: Voxen aurkako pintadak, "Corella antifascista", Milagron Korrikari ongietorria emateko jendea...
Furgonetako mikrofonotik ere faxisten aurrean mezu argiak eman dituzte, martxoaren 21a arrazakeria eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna izanik: "Euskara aterki eroso eta zabala dela aldarrikatu nahi dugu, pertsona guzti-guztiontzat! Euskara gara!
Euskal Herria Anitza! Harrera Herria gara!".
Erriberan ikusitako paisaiak badu zerikusirik bertako jendearekin, Errigorako kideek erakutsi dutenez: lurrarekin kontzientziatutako herritarrak dira asko eta asko. San Adrianen, 528. lekuko-hartzean dozenaka lagun elkartu dira, bertan hartu baitu lekukoa 24. Korrikaren omenduak, Errigorak. Duela 13 urte sortu zuten proiektua, auzolana oinarri, eta bertako ekoizleek, kontsumitzaileek, dinamizatzaileek zein babesa ematera etorri direnek orburuak eskuan hartuta itxaron dute, berriketan. Aintzane Ariztegi Errigorako kideak ARGIAri gogorarazi dio euren balioak argi dituztela: “Hasieratik euskararen auzia mahai gainean paratu izan da, baina berdin lehen sektorea: desprestigioa dute amankomunean. Lehen sektoreko gure nekazari txiki horiek bizitzen ari direna da, eta hortaz, ezinbestekoa da kontsumitzaile sare arduratsua sortzea beraiei babesa emateko. Gaurkoan ere mezu hori doakiela hemendik”. Ariztegik ziurtatu du elikadura burujabetzaren alde gero eta eragile gehiago ari direla, eta oroitarazi du kontsumo hautuen bidez asko egin daitekeela.
Errigorako ekoizleei babesa iristen zaiela dirudi. Iturri kontserbak familia-enpresaren Arronizko senar-emazteak ilusioz daude kilometroa ikusteko, urtero bezala. Kontatu dute oraintxe eskualdean duten borroka nagusietako bat: biometano instalazioen aurka ari dira, sortzen duten kutsaduraren jakitun. Errigorako beste ekoizle batek kilometroa iragartzen duen kartela eraman du, lantegian jartzeko; aitortu digu lanpetuta dagoela amaitu berri den Eskutik Eskura kanpainako eskari guztiak prestatzen. Euskal Herriko hamaika etxetara helduko da bere uzta ere. Bi ekoizle horiek ez dakite euskaraz, baina argi dute euren produktuak euskarazko etiketekin saldu behar dituztela, Erribera euskaldunera bidean euren alea jartzen dute.
Adriana Urmeneta Errigorako kideak, Aroztegiko auzipetuen elkartasuneko kamiseta horia soinean, azpimarratu du Errigorak Korrikaren balioekin bat egiten duela: “Ikuspegi nazionala, euskara, auzolan eredua... partekatzen ditugu. Bidelagun izan gara beti. Eta udaberriko kanpainak Eskutik Eskura du izena, eta lekukoa ere eskutik eskura doa!”, azaldu du emozioz. Korrika den bezala, Errigora ere herria egiteko modua dela berretsi dute kideek: “Hizkuntzak egiten gaituen bezala, kontsumitzeko erak ere egiten gaitu herri. Kontsumo-ohiturak aldatzea beharrezkoa da herriaren alde egiteko”. Kilometro berezian lekukoa eskutik eskura ibili ostean, Korrikak aurrera jarraitu du, baina Errigorak Korrikaren omenaldia ospatzen jarraitu du San Adrianen, Ebron kontserben pabiloian prestatutako meriendarekin. Furgonetatik usaindu daiteke bertan dastatutakoak zer zapore duen: bertakoa, euskalduna, auzolanean egindakoa. Korrikako arduradun Ane Elordi ere batu zaie meriendara, kilometroan korrika egin ostean. Izan ere, AEKk eta Korrikak larunbatean ere nabarmendu nahi izan dute zein balio diren eurek defendatzen dituztenak. Zeren eta batzuen gustukoa ez izan arren, argi geratzen ari da Korrika badela aldarrikapenak egiteko espazioa, euskaltzaleek beste borroken alde ere egiteko momentua. Nafarroa iparralderantz jarraitu du. Benito Lertxundiren “Zure lur emankorretan/isurtzen diren asmoak/gogotsu hartuko al ditu/lur gozoak” doinuak gero eta urrunago entzuten dira. Igandea egun handia da, hiri buruzagiaren eguna.