Espainiako Diputatuen Kongresuak atzera bota dituzte eskuineko indarrek aste honetan Ministroen Kontseiluak onartutako etxebizitzari buruzko bi lege-dekretuak. PP, Vox, UPN eta Juntsek kontra bozkatu dute bi dekretuetan; EAJ haiekin batu da bigarren dekretua atzera botatzeko orduan.
Lehenengo dekretuak, zabalena zenak, ondorengo neurriak planteatzen zituen: etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzea, etxegabetzeak 2030era arte debekatzea, alokairuen igoerak mugatzea, sasoiko eta gela solteen alokairuak arautzea eta maizterrentzat zerga-kenkariak eta errentak murrizten dituzten hobariak ezartzea jabeentzat. Halaber, "funts putre" deiturikoen erosketa espekulatiboaren aurkako neurriak ere jasotzen zituen, nahiz eta oso modu lausoan egin “funts putreen”inguruko definizioa.
PSOEren gobernuak Sumarren ERC, EH Bildu, Coalicion Canaria, BNG eta EAJren babesa izan du lehen dekretuan, baina ez da nahikoa izan. Lehen dekretua atzera bota dute PP, Vox, Junts eta UPNk 178 botorekin, aldeko 172ak gaindituz. Bigarrenak, alokairu-kontratuak automatikoki berritzeari buruzkoak, 184 boto izan ditu kontra eta 166 alde. Bigarren bozketa horretan, EAJk ere bat egin du eskuineko eta eskuin muturreko alderdien botoarekin.
Kongresutik kanpo, ehunka lagunek jarraitu dute bozketa, eta Maizterren Sindikatuak ezetzaren berri jakin bezain pronto greba orokorrerako dei egin du. Hainbat hedabidek zabaldu dute, krisi honek ateak ireki dizkiola hauteskundeak aurreratzeari.