Eskuin muturreko AfD aise nagusitu da Alemaniako Saxonia-Anhalt eskualdeko bozetan

  • Botoen %44 jaso ditu, baina gehiengo osotik hiru diputatura geratu da. Friedrich Merz kantzilerraren CDU 40 ordezkari izatetik hamasei izatera igaroko da, eta aurreikusitakoa baino kolpe handiago jaso du. Ultraeskuinak beste alderdi baten babesa behar du agintzeko, eta BSW ezkerreko alderdiak adierazi du ez duela parte hartuko AfDren aurkako koalizio batean.


2026ko irailaren 7an - 09:42
Azken eguneraketa: 2026-09-08 10:29
AfD eskuin muturreko hautagai Ulrich Siegmund, bozetako emaitzak jakin ondoren. Fabrizio Bensch / Reuters
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Inkestek erraz nagusituko zela aurreikusten zuten, eta hala izan da; AfD Alemmaniarentzako Alternatiba Alemaniako Saxonia-Anhalt eskualdeko bozetan lehen aldiz gehiengo osoa lortzetik gertu geratu da. Duela bi urte Turingia eskualdeko hauteskundeak irabazi zituen, baina parlamentuan gehiengo osorik lortu ez zuenez ez zen agintera iritsi. Halere, AfDko hautagai Ulrich Siegmundek azpimarratu du "historia" egin dutela, eta eskua luzatu die gainontzeko alderdi politikoei, "aldaketa politikora" dei eginez.

Friedrich Merz herrialdeko kantzilerraren alderdiak, CDU demokristauak, berriz, aurreko bozetan lortu babesaren erdia galdu du –botoen %17.3 jaso ditu–, eta eskualde horretako parlamentuan 40 diputatu izatetik hamasei izatera igaroko da. Bozen emaitzak jakin ondoren bestelako giroa egon da kontserbadoreen bulegoan: alderdiko idazkari nagusi Franziska Hoppermannek adierazi du porrota "garratza" izan dela. 

Demokristauak 2002tik daude Saxonia-Anhalt eskualdean agintean, baina azken urteetan nabarmen jaitsi da haren babesa: horren erakusle, hainbat inkestek diote eskualdeko bozkatzaileen %9 soilik dagoela ados Alemaniako kantzilerraren politikarekin. Orain, AfDk gehiengoa lortu ez duenez, ultraeskuinaren aurkako alderdiak koalizioan batu eta gobernua osatzea izango litzateke alternatiba ziurrena –SPD alderdi sozialdemokratak botoen %9,3 lortu ditu, Berdeek %8.9 eta Die Linke ezkerreko alderdiak %8,6–.

Kontrara, AfDk beste alderdi baten babesa behar du gobernura iristeko: BSW Bundnis Sahra Wagenknecht taldeak, esaterako, Siegmund ez dutela babestu esan arren eskuin muturraren aurkako "horma" gaitzetsi du behin baino gehiagotan. Horrez gain, alderdi horretako hautagai Thomas Schulze astelehenean adierazi du ez dutela parte hartuko AfDren aurkako koalizio batean, eta alderdi guztiekin mintzatzeko prest daudela. Botoen %5,3 eta bost eserleku lortuta, haien abstentzioa nahiko izango litzateke AfD lehen aldiz Alemaniako eskualde batean gobernura iristeko 1945az geroztik.

Eskualdeko egoeraren ondorio

Der Spiegel Alemaniako astekariak, bozen testuinguruan, artikulu zabala egin zuen Siegmund AfDko hautagaiaren eta Saxonia-Anhalt eskualdearen inguruan, eskuin muturraren gorakadaren harira. Izan ere, eskualdeak Alemania osoko langabezia tasarik altuena du, eta garai batean haren indargunea izan zen industria-ehuna desegiten ari dira. Horrez gain, herrialdeko migrazio tasa txikienarekin –%8koa– eta bertako gazteak hiri handiagoetara mugituta, eskualdea ere nabarmen despopulatzen ari da. Hain zuzen, egoera horretan zentratu du Siegmundek kanpainako diskurtsoa, "iragan loriatsu alemaniarra" gogoratuz behin eta berriz. 

Erreakzioak

Ultraeskuinaren garaipenak eragindako mamuak erreakzio ugari ekarri ditu Euskal Herrian eta Europan. Esate baterako, Imanol Pradales lehendakariak astelehenean Cadena SER irratian eginiko elkarrizketan adierazi du AfDren garaipena demokraziek egun aurre egin behar dieten "arriskuen" adibideetako bat dela. Gainera, ultraeskuinaren mamua Europa guztira hedatu ez dadin, EAJren buruak hausnartzeko dei egin die Espainiako Estatuko gainontzeko alderdi politikoei.

Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak Euskadi Irratian esan du Espainiako Estatua "krisi betean" murgilduta dagoela eskuin muturraren aurka, eta estatuko aparatu asko "estatu kolpe arin" bat ematen ari direla: "Ez dut uste partida galdua dagoenik, baina zer egin behar dugu iritsiz gero [eskuin muturra]? Guk uste dugu herrialde bat jarri behar diogula aurrean".

Gainera, sindikatuek eta gobernuz kanpoko erakundeek deituta, AfDren aurkako manifestazioak egin zituzten Alemaniako hainbat hiritan. Ultraeskuina herrialdeko eskualde bateko gobernura iristeko arriskuaren aurrean, manifestazio jendetsuena Berlin hiriburuan izan zen. Saxonia-Anhalt eskualdeko hiriburu Magdeburgen ere irten ziren kalera manifestariak.


Nazioartea kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.