Eskuin muturrak Zanpantzarren auzia bere alde manipulatuta


2026ko otsailaren 13an - 13:48
Hazparneko Zanpantzarren auziaren pasarteak Frantziako komunikabideetan zabaldu dira, kasu honetan RITV kanalean. RITV
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Badirudi lana ematen diotela faxistek Baionako prokuradoreari. Uztailean Ane Lindane artista transfeministaren EHZko emanaldiari buruzko ikerketa abiatu zuen eta aldi honetan Hazparneko ihauteetako Zanpantzarren auzia ikertzen hasi da, plazaren erdian erretako Zanpantzarrek Jordan Bardella RN Batasun Nazionaleko lehendakaria irudikatzen zuelakoan.

Badirudi Washingtondik Budapestera, oraingoan Hazparnetik pasata, jukutria bera errepikatzen dabilela eskuin muturra: eskandalua sortu dezakeen gertakizun isolatu bat atzeman, demokraziaren aurkari gisa zein munstro gisa aurkeztu eta sare sozialetan zabaldu, zabaldu, zabaldu, zabaldu, zabaldu... komunikabideetara eta goiko agintarien belarrietara iritsi arte.

Iazko uztaileko fenomeno bera errepikatu zaigu aste honetan Ipar Euskal Herrian: Hazparneko ihauteak iragan ziren larunbatean eta biharamunean bideotxo bat zintzilikatu zuen baten batek Facebooken. Tonua emana zuen: "Ihauteak herra zabaltzeko epaitegi bihurtuta. Adierazpen askatasun gisa asumituta dauka indarkeria ezker muturrak". Hor arte nahiko lasai zihoan guzia, baina aurreikusi zitekeena etorriko zen laster: batetik bestera punpaka, birala bihurtu da bideotxoa, Parisetik adierazpenak egin ditu RNak, komunikabideek gaia berenganatu dute eta helburua lortu da: eskuin muturra da biktima eta beste behin kokatu da tokiko aktualitatearen lehen lerroan. Atzo transfeminismoa jomugan zuten berberek ezker muturra jarri dute jomugan.

Kolono izaera ere hartu diet aste honetako iruzkinei. Ihauteak ez dira Carnaval-ak –edo izan zitezkeen, Frantziako Estatuko hirietako carnaval-ek oraindik ere tonu politikoa atxiki balute, baina, maleruski, mozorroak jarri eta mami politikorik gabeko desfileak bihurtu zaizkie hiri gehienei–. Euskaraz bideraturiko ohitura zaharra izanda ere Zanpantzarren auzia, frantses herritarraren begiradatik irakurri eta interpretatu dute Hazparneko plazan pasatakoa. Udaberri bezperako asteburuak ihautez, libertimenduz zein maskaradez josiak ditugun honetan sekulan baino gehiago sendi dugu gutasun hori. Guk bai, baina Zanpantzarren auzia "ezker muturraren" esku jarri duen horrek ez.

Bi egunetara desagertuko da buzz-a, bonbo-a. Hori ere ikasi genuen iragan uztailean. Baina anartean, aurre egin behar zaie eskuin muturraren erasoei –eta lehen lerroan direnek tarte luzeagoa beharko dute mina arintzeko eta bide judizialari aurre egiteko–. Guziari alde on bat atera behar zaionez, zera: besta herrikoi baten erdigunean mezu antifaxista jartzen duen herri gisa agertu dela Ipar Euskal Herria Frantziako Estatuko komunikazio kanaletan. Gaitz-erdi hori horrela izan balitz, baina ez: RN bozkazale hori hor zegoen, segur aski mozorrotuta eta desfilea itxaroten, lasai-lasai, hori bai, Zanpantzarren auzia hasi arte... Eta ez zen RN bozkazale bakarra izanen, jakinda 2024ko Frantziako Legebiltzarreko bozketen lehen itzulian bigarren indarra atera zela eskuin muturra Hazparnen, botoen %28,3 jasota.

 

 


Eskuin muturra kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.