UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Lurralde Estrategia euskararentzat proposamena aurkeztu du otsailaren 25ean. Orain arteko hizkuntza politikan norabide aldaketa proposatu du, eta eremu euskaldunenek euskararen indarberritzean lidergoa hartzea. Martin Aramendi UEMAko lehendakariaren ustez, bidegurutzea gurutze-bide bihurtzen hasita dago eta bide berria hartzeko garaia da.
UEMAk Lurralde Estrategia euskararentzat proposamena aurkeztu du. Zer da zehazki lurralde estrategia?
Euskara Euskal Herri osoan indarberritzeko proposatzen dugun estrategia da. Hizkuntza politikek eraginkorragoak izateko norabide aldaketa behar dutela sinetsita gaude, eta politika berriak lurralde ikuspegitik berrantolatzea planteatzen dugu. Abiapuntua argia da: euskararen egoera ez da berdina Euskal Herri osoan, eta hizkuntza politika moldatu egin behar da, dagokion errealitate soziolinguistikoaren arabera. Lurralde guztietan eragin behar da, orain baino gehiago, argi dago. Baina bereziki arnasguneei eta udalerri euskaldunei trataera berezia ematea ezinbestekoa da, horietan atzerakada nabaria erakusten baitute datuek eta ikerketek. Gure ustez, ezinbestekoa da lurgune euskaldunena legez babestea eta sendotzea, giltzarria baita euskararentzat, gero euskararen lurralde osoan eragin dezan eta euskararen indarberritzean motor izan dadin.
Zergatik orain? Zer aldatu da proposamen hau mahai gainean jartzeko?
Urteak dira ikerketek eta datu soziolinguistikoek eremu euskaldunenean beherakada erakusten dutenetik, baina azken ikerketek alarma guztiak piztu dituzte. Euskara indartsuen dagoen eremuetan oso agerikoak dira ahultze-zantzuak. Gune horiek oso zaurgarriak dira, eta gertatzen ari diren aldaketa guztiek udalerri hauetako hiztunen tipologia bera ere asko aldatzea ekarri du. Horri guztiari aurre egiteko hizkuntza politika errotik aldatu beharra ikusten dugu. Izan ere, denak bere horretan jarraituz gero arnasguneak ere desagertzeko bidean egon daitezkeela diote ikerketek eta proiekzio demolinguistikoek. Hori larria litzateke euskararentzat, lurgune euskaldunena ahultzeak euskararen egoera orokorra larriagotuko bailuke. Bidegurutzea gurutze-bide bihurtzen hasita dago, eta bide berria hartzeko garaia da. Orain arte lan handia egin da, eta emaitza ez da nolanahikoa, baina ez da nahikoa. Testuinguru horretan aurkeztu dugu Lurralde Estrategia, gainbehera eteteko eta egoera iraultzeko beharrezkoa dela sinetsita. 120 udalerri euskaldun biltzen dituen erakunde publikoa da UEMA, eta daukagun arduragatik egiturazko neurriak eta estrategia zehatzak mahai gainean jartzea dagokigu.
Zein da estrategiaren hartzaile nagusia? Lurgune euskaldunena bakarrik ala herrialde osoa?
Bi maila bereizi behar dira. Batetik, lurgune euskaldunena, gure ustez eremu estrategikoa delako, eta hor egiten denak eragin handia duelako gero lurralde osoan. Baina gune erdaldunagoek ere eragin handia dute lurgune euskaldunenean. Elkar-eragin horiek kontuan hartu gabe, hizkuntza politikak mugatuak dira. Izan ere, euskal hiztunen gehiengoa eremu erdaldunagoetan bizi da, eta ezin da indarberritzea haiek kontuan hartu gabe egin. Lurralde ikuspegiak elkar-eragin hori aitortu eta kudeatu nahi du, bakoitzari dagokion rola aitortuz eta emanez.
Zer neurri zehatz proposatzen ditu estrategiak?
Lurgune euskaldunena legez babestea eta lurgune hori sendotzeko plan integrala egitea. Baina lurgune horretan eragiteko bost irizpide nagusi ere biltzen ditu: lurralde guztietan eragin beharra, esku-hartzeak egoera soziolinguistikoaren arabera moldatzea, lurgune bakoitzari dagokion rola aitortzea, arnasguneei eta lurgune euskaldunari arreta berezia eskaintzea, eta lurgune hori gainerako eremuak euskalduntzeko baliabide eraginkorragoa bihurtzea. Azkenik, irizpide horiez gain hiru norabide ere finkatzen ditu. Lehenik, politika integralen beharra, demografia, etxebizitza, ekonomia, turismoa edo lurralde antolaketa bezalako arloek eragin handia baitute hizkuntzan, eta horiek ere hizkuntza ikuspegitik lantzea beharrezkoa da. Bigarrenik, politika aurreratuak hezkuntzan, kulturan, aisian edo helduen euskalduntzean, errealitate soziolinguistikoari egokituta eta sustapena landuta noski, baina baita araugintza ere. Eta hirugarrenik, ahalduntzea: herritarren eta erakundeen kontzientzia eta konpromisoa indartzea ezinbestekoa da, ezagutzak soilik ez baitu bermatzen erabilera.
Zein izango dira hurrengo urratsak aurkezpen honen ondoren?
Proposamen irekia da, eta adostasun zabala bilatu nahi dugu. Datorren astetik aurrera bilerak egingo ditugu erakunde publikoekin, alderdi politikoekin, euskalgintzarekin eta hainbat eragilerekin. Epe laburrean bi helburu ditugu, eta horiek adostu nahi ditugu askoren artean: batetik, lurgune euskaldunena babestuko duen marko legal egokia eta sendoa, gaur egungo oztopoak gainditzeko; bestetik, lurgune euskaldunena sendotzeko plan integrala, neurri zehatzak, helburuak eta jarraipen mekanismoak bilduko dituena. Bigarren hori arloz arloko eragileekin eta adituekin lankidetzan osatzea da asmoa.
Hizkuntza politiketan eragiteko beste proposamen batzuk ere aurkeztu dira, norabide aldaketa eskatzen dutenak. Bateragarria al da UEMAren estrategia horiekin?
Erabat. Horien osagarri da Lurralde Estrategia, zalantzarik gabe. Euskalgintzak, esaterako, lan handia egin du azken hilabeteotan proposamen berriak mamitzen eta euskarak pizkunde berria behar duela jendarteratzen. UEMAk ere bat egin du ekimen horiekin. Horregatik, horiek sendotzera eta zehaztera dator Lurralde Estrategia, beti ere arnasguneak eta udalerri euskaldunak ardatz estrategiko gisa hartuta, horrek euskarak behar duen pizkundeari eta indarberritzeari hauspoa emango diolakoan. Euskararen aldeko urrats eta ekimen guztiak dira beharrezkoak, zalantzarik gabe, hurrengo urteotako erronkari erantzuteko.