Bilboko Pagasarribide eskolako 4 urteko haur bat ospitalera eraman dute asteartean bero-kolpe baten eraginez. Azken egunetan eskolan gertatu den hirugarren kasua da eta guraso elkarteak azpiegitura berritzeko beharra dagoela azpimarratu du. Ez da egoera “jasanezina” salatu duen eskola bakarra eta Bige Bizkaiko Guraso Elkarteak sare osoan zabalduta dagoen arazo orokorra dela salatu du. Eusko Jaurlaritzari denbora luzez eskakizunak egin dizkietela gogorarazi dute eta Jaurlaritza eskola bakoitzeko beharretara egokitutako neurriak baloratzen dabil.
Azken 30 urteetako beroena izaten ari den maiatzaren ondorioz, Euskal Herriko hainbat ikastetxeetan ezohiko egoerak jasaten ari dira. Bilboko Pagasarribide eskolako 4 urteko ume bat ospitalera eraman dute asteartean, bero-kolpe baten eraginez. Ikastetxeko Guraso Elkarteak salatu duenez, ez da beroaren ondorioz eskolan izandako lehen ezbeharra, hirugarren kasua da: ostiralean ondoezik zegoen haur bat Basurtuko ospitalera eraman behar izan zuten eta astelehenean 3 urteko haur bat zorabiatu zen.
Garazi Andres Guraso Elkarteko kideak egoera “jasanezina” dela salatu du, Eitbk jaso duenez. Beroari aurre egiteko azpiegiturak behar dituztela azpimarratu du, daudenak “zaharkituta” daudelako: “pertsianak apurtuta daude leku askotan, eta kartulinak ipintzen dituzte babesteko”, gainera, “leihoak ezin dira zabaldu” eta ez dago korronterik sortzeko aukerarik. Horretaz gain, 2 eta 4 urte arteko haurrek ez dute itzala duen patiorik eta gimnasioan edo psikomotrizitate gelan egon behar dira berotik babesteko. Andresen esanetan, “ez da justua”.
Hala ere, Pagasarribide eskola ez da beroari aurre egiteko oztopoak dituen bakarra. Bige Bizkaiko Gurasoen Elkarteak salatu du Bilboko sare publiko osoan zabalduta dagoen arazo orokorra dela eta “ikasleen ongizatea” arriskuan dagoela. Indautxuko Eskolan, esaterako, gela batzuetan 32 eta 36 gradu artean erregistratu dituzte eta salatu dute baldintza horietan “ezinezkoa” dela saio edo azterketa bat egitea. Gainera, adierazi dute ezin direla patiora irten, “bero handia egiten duelako”.
Horregatik, urgentziazko neurriak hartu dituzte Luis Briñas-Santutxu, Indautxuko Eskola, Zurbaran eta Pagasarribide eskoletan, besteak beste. Nagusiki, aireztapen sistema erreformatu dute eta ordutegiak moldatu dituzte. Horren adibide da Pagasarribide eskola, zeinetan Hezkuntza Saileko arduradunek ordutegi jarraitua jartzea erabaki duten, Santutxuko Luis Briñas ikastetxean egin duten bezalaxe. Asteazkenetik ostiralera arte ikasleak 08:00etatik 15:00etara egongo dira eskolan. Eskolako zuzendaritzak erabakia “oso epe motzean” hartu dela onartu du familiei igorritako mezuan, eta egoeran sor ditzakeen “zailtasunen” jakitun da. Hala ere, “osasuna lehenetsi” behar dutela azaldu dute, 32 gradutan ezinezkoa dutelako “normaltasunez jardutea”.
Eusko Jaurlaritzari neurriak hartzeko eskakizuna
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak adierazi du zentro bakoitzaren beharrak eta egoera ezberdinak direnez, modu indibidualizatuan erantzun behar diotela eskola bakoitzari Deiak jaso duenez. Jaurlaritzak dioenez, hilabeteak daramatzate irtenbide teknikoak bilatu nahian eta plan bat osatzen dabiltza. Epe labur, ertain eta luzean egin beharreko inbertsioak zehazten ari dira. Epe laburrean hartutako neurrien artean, eguzkitik babesteko toldoak instalatzea adostu dute, uda honetan abiatzeko asmoa dutena. Bestalde, eraikinak egokitzeko aldaketa arkitektonikoak egitea baloratzen dabiltza.
Eskolek “urteak” daramatzate neurriak hartzeko eskakizunak egiten, Bigek adierazi duenez. Luis Briñas ikastetxeak, esaterako, otsailean jakinarazi zuen beharra, eta prozesu tekniko eta administratiboa abiatu bazen ere, Bilboko Udalaren onespenaren zain daude. Indautxuko Eskola, Pagasarribide, Legarda, Antonio Trueba eta Bagetza zentroek bide bera jarraitu dute. Hain zuzen ere, Andresek salatu du Pagasarribide eskolan Aste Santurako toldoak jarrita eduki beharko lituzketela, Deiak jaso duenez.
Bige guraso elkarteak “tenperatura gomendatuak nabarmen gainditzen dituzten ikasgelak, patio eta leihoetan itzalik ez izatea, eta pertsianarik edo aireztapen sistemarik ez izatea” onartezina dela salatu du, eta erantzun falta “egiturazko arazo” baten ondorio dela: inbertsio faltarena. Beroaldiak jada ez direla “ezohiko gertakariak” nabarmendu dute eta administrazioei dagokien ardura har dezaten eskatu diete, hezkuntzaren aldeko “apustu irmoa” egin dezaten. Horretaz gain, Andresek Pagasarribide eskolaren izenean “Eusko Jaurlaritzak dirua inbertitu” dezan eskatu du.
Beroaldiari aurre egiteko neurriak
Eskolatik haratago, Eusko Jaurlaritzak beroaldiari aurre egiteko plana abiatzen du urtero ekainaren 1etik irailaren 30era arte, Berriak jaso duenez. Datozen egunetan Euskal Herriko zenbait zonaldetan tenperaturak 35 gradura igoko direla aurreikusten da eta arrisku ugari sor ditzake, besteren artean: osasun arazoak eta sute arriskuak. Hain zuzen ere, azken egunetan hamazazpi kide artatu behar izan dituzte beroagatik osasun zentroetan, Osasun Sailak jakinarazi duenez.
Osasun Publikoko zuzendari Guillermo Herrerok adierazi du beroari aurre egiteko plana 2027tik aurrera maiatzaren 15etik aplikatzeko beharraren inguruan hausnartzen dabiltzala. Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, "klima aldaketa hemen” dagoen honetan, administrazio publikoen ardura da beharrezko baliabideak identifikatu eta erabakiak hartzea.