Eskoletako gatazken eztabaida erdigunera ekarri du Kataluniako ikastetxeetan Polizia sartzeak

  • Kataluniako ikastetxe batzuetan Mossoak sartuko dituztela-eta, gurera iritsi da polemikaren oihartzuna: erasoak eta gatazkak areagotu egin al dira Euskal Herriko eskola eta institutuetan? Elkarbizitza arazoei nola egiten diete aurre?

Freepik

2026ko maiatzaren 6an - 00:35
Azken eguneraketa: 05:35
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Kataluniako hamar ikastetxek baietz esan diote Polizia euren eskoletan sartzeari, gatazken “prebentzio eta bitartekari lanetan” laguntzeko. Baina elkarbizitza Poliziaren gain delegatzeak hain justu elkarbizitzaren beraren porrota baino ez du islatzen, zerbaitek huts egin duela adierazten du. Zenbateraino behar du etsita, beldurtuta, galduta, babesgabe klaustroak, beren patioan esku-hartze polizialari ateak irekitzeko? Halako tentaziorik izango al luke Euskal Herriko klaustroren batek? Ez dut uste, baina gatazkak egon badaudela erakusten dute datuek. Berriki ELA sindikatuak azaleratu duenez, azken bost hilabeteetan 173 eraso salatu dituzte irakasleek EAEn, batez ere ikasleek irakasle emakumeen aurka eginak. Sindikatuen azken inkestekin jarraituz, Nafarroako irakasleen gehiengo handiak hitzezko erasoak salatu ditu, batzuetan eraso fisiko bilakatzeraino. Eta ikasleen arteko jazarpenari erreparatzen badiogu, 2022-2023 ikasturtetik 2024-2025 ikasturtera kasuak bikoiztu egin ziren EAEn. Nafarroan, Hezkuntza Departamentuak bideratutako azken galdeketaren arabera, ikasleen ia erdiek diote aurrez aurreko jazarpena sufritu dutela. Zenbateraino dira datuok gatazken areagotze baten seinale eta zenbateraino kontzientzia gero eta handiagoaren isla? Bietatik izango dute akaso. Ikastetxeek protokolo gero eta gehiago irekitzen dituztela nabarmena da eta irakasleei autoritatea kentzen dieten gurasoek ere ez dute askorik laguntzen.

Horren aurrean, zer? Hezkuntza komunitateak sarri errepikatu du: baliabide gehiago behar dituzte. Tutoreak eta irakasleak gero eta gehiago formatzea edota ikastetxeetan Ongizate koordinatzaileak eta Bullyingaren Aurkako Taldeak eratzea ongi dago, baina praktikan baldin bada irakasle kopuru berak funtzio gehiago hartzea, ez da eraginkorregia. Irakasle, harrera-gela, orientatzaile, psikopedagogo, hezitzaile, bitartekari gehiago eta ratio txikiagoak eskatzen dituzte hezkuntza komunitatearen ahots kritikoek, zaintzari eta elkarbizitzari kreditu (ordu) gehiago eskaintzea lanorduetan, behar bezala heltzeko. Bizikidetzari begira, talde-kohesioa jorratzea oinarri-oinarrian dute gero eta ikastetxe gehiagotan, baita harreman osasuntsuak eta tratu onak lantzea ere, ikasleei tutoretza edo laguntza pertsonalizatua eskaintzea, gatazkaren bat dagoenean bitartekaritza fundamentuz egitea... Horrek guztiak denbora eskatzen du.

Ongizate koordinatzaileak eta Bullyingaren Aurkako Taldeak eratzea ongi dago, baina praktikan baldin bada irakasle kopuru berak funtzio gehiago hartzea, ez da eraginkorregia

Gizarte zerbitzuekin eta auzoko osasun etxearekin sare egituratu eta sendoa ere eskatzen dute hezkuntzako profesionalek. Are, Polizia ez, baizik eta gizarte langileak, erizainak eta psikologoak ikastetxeetara maiztasun jakin batekin gerturatzea aldarrikatu du batek baino gehiagok. Izan ere, hainbat gatazkaren atzean dagoen jatorria maiz soziala baldin bada, prebentzioak eta esku-hartzeak ez al lukete ildo horretan joan behar? Adibide argia da Kataluniakoa: Mossoak sartzeko aukeratu dituzten ikastetxe gehienak daude justu egoera sozioekonomiko txarra eta segregazio sozial handia duten auzoetan –bide batez, neurriak are gehiago estigmatizatuko ditu konplexutasun handiko ikastetxeak–. Halako auzo eta eskoletan, haur eta gazteek bizi dituzten oinarrizko baldintza penagarriak eta bazterketa koktel arriskutsua izan ohi da, beraz gabezia horiei erantzuteko bitartekoak jartzea litzateke lehen urratsa. Oso esanguratsua da Mossoak hartuko dituen ikastetxe bateko irakasleak El Paísen dioena: “Ume tristeak ditugu, antsietatea edo depresioa dutenak. Mossoa baino beharrezkoagoa dugu erizaina, antsietate krisi gehiago dugulako erasoak baino”.

Talde-kohesioa jorratzea, harreman osasuntsuak eta tratu onak lantzea, ikasleei tutoretza edo laguntza pertsonalizatua eskaintzea... Horrek guztiak denbora eskatzen du

Nafarroan, "eremu garbiak"

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak adierazi dute ikastetxeetan ez dutela inoiz poliziarik izan eta ez dutela halakorik aurreikusten. Dena den, eskola barruan ez, baina eskola inguruetan “segurtasuna ziurtatzeko” Polizia egotea jasotzen du Nafarroako planak. “Hilero deitzen dit Guardia Zibilak, ea gure institutu inguruan elkarbizitza arazo larririk dugun, eta egoeraren berri ematen diot”, azaldu du Euskadi Irratian Igor Arruabarrenak, Nafarroako institutuetako zuzendarien elkarteko presidenteak. Eta kontatu du, Erribera aldeko ikastetxeren batean izandako gatazken harira, bertako zuzendariak esan ziona: “Trapitxeo edo droga salerosketa dezente zegoen, eta eskola inguruan poliziak zeuden trafiko hori uxatzeko. Ikasleek bazekiten eskolatik ateratzerakoan edo autobusera bidean Poliziaren kontrolak egon zitezkeela, eta gunea garbi mantentzeko balio zuela zioen zuzendariak, zentroak gune garbiak izatea lagungarria dela” elkarbizitzaren ikuspegitik.

Shock doktrinaren garaiotan, beldurra haizatzen eta konponbidetzat Polizia saltzen duten diskurtsoen garaiotan dator Generalitatearen plana, baina gai potoloa da bizikidetza, eta ezin da Poliziaren esku utzi. Gatazkei aurre egiteko soluzio onena bizikidetza on bat bada, bizikidetza indartzeko erreminten eta estrategien aldeko apustua izango da bidea, eskolan bezala baita auzoan, herrian eta gizartean ere.

ARGIAren Hezkuntza kanal berezian aurkituko duzu ikaskuntza eta irakaskuntza munduari lotutako bideo-erreportaje, podcast, artikulu eta albiste bilduma zabala.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 13
Eric Etxart (Seaskako lehendakaria)
"Azken urteetako Herri Urratsik jendetsuena izan da igandekoa"

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.