Eskolek aurre hartu diote Jaurlaritzari desteknologizazioan

  • Joan den ikasturtean ikastetxeak –batzuk behartuta– pantaila erraldoiez eta web-kamerez josi ostean, Eusko Jaurlaritzak ikasturtea hasi du aitortuz eskoletako digitalizazioa berraztertu eta birpentsatu behar dela. Eskola eta klaustro ugaritan dagoeneko aurre hartu diote, ordea.

Freepik

2026ko urriaren 5ean - 07:00
Azken eguneraketa: 09:34
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Pantailak Haur Hezkuntzako ikasgeletan (ere), Chromebook indibidualak ikasle helduxeagoentzako, arbel digitalak eta web-kamerak, kasik bi hamarkada daramatza Eusko Jaurlaritzak hezkuntzaren digitalizazioan ikur izan nahian, multinazional teknologikoen poltsikoetara milioika euro bideratuz eta ikastetxean haur eta gazteek pantaila aurrean beste inon baino denbora gehiago igarotzea sustatuz. Lehenengo etorri ziren gailu elektronikoak eskolara eta gero hasi ziren pentsatzen –eta irakasleak formatzen– ea horri zein erabilera eman. Ikas-prozesua hobetu zezakeen inongo ebidentziarik edo bermerik gabe arrapaladan sartu zen teknologia digitala hezkuntzan, eta bi hamarkada geroago dator gogoeta prozesua administrazioaren aldetik.

Kuriosoa da, joan den ikasturtean bertan galdetu niolako Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuari digitalizazioa berraztertzeko prozesu baten beharraren inguruan, eta iskin egin zion galderari. Mugikorrek arretan eta menpekotasunean duten eraginaz galdetuta ere, eragin horien ebidentzia zientifikorik ez dagoela erantzun zuen. Baina hara non, PISA azterketak EAEri eman dion muturrekoa eta gaiaren inguruan gero eta kontzientzia handiagoa hartzen ari diren herritarrak eta nazioarteko legediak akuilu (presio?) izan diren azkenean: Imanol Pradales lehendakariak agertu behar izan du esatera eskoletako digitalizazioa berrikusi eta egokitzeko konpromisoa hartzen duela Jaurlaritzak. Atzetik etorri dira Pedrosaren adierazpenak, baietz, gogoeta egingo dutela, ikastetxeetan teknologia noiz eta nola erabili.

Hara non, PISA azterketak EAEri eman dion muturrekoa eta gaiaren inguruan gero eta kontzientzia handiagoa hartzen ari diren herritarrak eta nazioarteko legediak akuilu (presio?) izan diren azkenean

Hortik zer etorriko den ikusteke, errealitatea da gero eta ikastetxe gehiago direla korronte teknopatari buelta eman diotenak eta digitalizazioaren lilura-garaia gaindituta teknologiaren erabilera murrizteko apustua egin dutenak. Izan ere, klaustro ugaritan leku egin diote duela bi hamarkada egin behar zen gogoetari: ikerketa eta esperientziek zer diote, teknologia berri bat ikasgelan sartu delarik utzi duen ondorioez, eta kendu dutelarik izan duen eraginaz? Zein konpetentzia lantzen lagundu du eta zein konpetentzia kamustu? Ariketa jakin bat digitalean egiteak ekarpenik egiten al dio ikasketa prozesuari? Google gisako multinazionalen ikas-programak erabiltzea egokia al da, jakinik zein interesi erantzuten dioten? Chromebookek zer nolako presentzia hartu dute eskolan eta etxean?...

Hezkuntza komunitatean zabalduta dagoen kezkaren seinale, Altxa Burua kolektiboak berriki eman duen notizia: analogikoa lehenesten, pantailen kontsumoa mugatzen eta Chromebooken erabilera murrizten duen programa eskolan inplementatzea eskatu duten ikastetxeak asko direla.

Administrazioak aipatu du ebidentziak behar direla eta horretan ere aurre hartu diete. Altxa Buruak iragarri du bi urte iraungo dituen ikerketa potentea abiatuko dute EAEn, hogei bat ikastetxetan neurtzeko Chromebookarekin ikasteak duen eragina arlo akademikoan, kognitiboan eta ongizate sozioemozionalean. Emaitzek zeresana emango dute, ziur.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.