“Etxegabetzeen aurrean eskolak espazio aproposak dira familiei babesa emateko eta elkarrekin borrokatzeko”

  • Urriaren 5ean kontzentrazio jendetsua egin zuen Gasteizko Abendaño ikastolako hezkuntza komunitateak, eskolako bi familiaren etxegabetzea salatzeko. 5ean bertan etxegabetu zuen Poliziak bi adin txikiko dituen familia, eta, konponbiderik ezean, 23an sei adin txikiko dituen familia geratuko da kale gorrian. Gero eta ugariagoak dira eskola komunitatean salaketak etxegabetzeen aurrean. Abendañoko guraso elkarteko Nagore Encisorekin mintzatu da ARGIA.

Abendaño ikastolako hezkuntza komunitatean elkarretaratzea, urriaren 5ean. Nagore Enciso da hitza hartu zutenetako bat. Antolatzaileak

2026ko urriaren 12a - 09:41
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Bi etxegabetzeen berri astebete lehenago izan zutela azaldu du Encisok, eta orduan hasi zirela bi familiei babesa adierazteko antolatzen. Urriaren 5ean egin zuten kontzentrazioa, eta egun berean etxegabetu zuten eskolako bi familietarik lehena. “Egun horretan, familia goizean goiz joan zen udaleko gizarte larrialdietarako zerbitzura. Esan zieten etxera bueltatzeko, Poliziak eguerdian desalojatuko zituela, eta ondoren bueltatzeko. Ertzaintzak etxegabetu ostean larrialdi zerbitzuetara bueltatu zirenean, hotelen eta ostatuen telefono zerrenda bat eman zieten, beren kabuz toki bat aurkitu eta ordaindu zezaten”, laburbildu du.

“Haurrek negar egiten dute, etxegabetzeak beldur handia eragiten die”

Urriaren 23an du etxegabetze eguna eskolako bigarren familia batek, sei adin txikiko dituenak. Familia zer moduz dagoen galdetu diogu guraso elkarteko kideari. “Urduri daude, oso urduri. Gurasoek esan digute haurrek negar egiten dutela, etxegabetuz gero zer egingo duten eta zer egoeratan geratuko diren ez jakiteak beldur handia eragiten diela”. Familiako lau haur Lehen Hezkuntzan ari dira, Abendañon, beste biak Samaniego ikastetxean, eta horietako nagusiena Batxilergoa ari da egiten. “Aitak dio semeari ezinezko zaiola ikastea, ezin dela kontzentratu”.

Erakundeen ardura eta gizarte osoaren arazoa

Urriaren 5eko kontzentrazioan erakunde publikoei zuzendu zitzaien eskola komunitatea. “Eskatu genien, batetik, bermatu dezatela familientzat etxebizitza duin eta egonkorra, eta haurren eskubideak betetzen direla, baita haien hezkuntza eta gizarte ingurunea babestea ere”.

Bestetik, haien arteko lana koordinatzeko eta zentzuz antolatzeko galdegin zieten erakundeei. “Deskoordinazioa harrigarria da, ez da batere argia nora jo behar den gauza bakoitzerako, familiak noraezean ibili dira”, salatu du Encisok. “Etxebizitza sindikatu eta elkartasun sareei esker soilik lortu dute nora jo jakitea”.

Eskola komunitatetik sortzen diren sareen lana txalotu eta azpimarratu du bi familien egoera “gizarte osoaren arazoa” dela. Pozik agertu da urriaren 5eko kontzentrazioan, guraso eta familiez gain, hainbat irakasle ere agertu zirelako. 

Eskola sareak

Gero eta ohikoago bilakatzen ari da hezkuntza komunitateek elkartasuna antolatzea adin txikikoak dituzten familien etxegabetzeen aurrean. Gasteizen, esaterako, urriaren 6an "geldialdi akademikoa" eta elkarretaratzea egin zituzten Federico Baraibar ikastetxeko ikasle batzuen etxegabetzea salatzeko, eta egun berean Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatu zuen mobilizazioarekin bat egin zuten ikastetxe bereko eta Errota eskolako hainbat kidek. Irailaren 30ean Alde Zaharreko Ramon Bajo eskolako familiek eta irakasleek prentsaurrekoan salatu zuten bi haur dituen familia bat “kalean” geratzeko arriskuan zegoela. Edo, 2023an, Armentia ikastolak jakinarazi zuen eskolako hiru familia etxegabetuak izateko arriskuan zeudela, eta Auzoan Bizi etxebizitza sindikatuak deitutako mobilizaziora bertaratzera deitu zuen.

Bi etxegabetze salatzeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren mobilizazioa, urriaren 6an. Etxebizitza Sindikatu Sozialista
Ramon Bajo eskolako hezkuntza komunitatearen agerraldia, irailaren 30ean. Antolatzaileak

Abendañoko guraso elkarteko kidearen iritziz salaketa horiek islatzen dute, batetik, etxegabetzeen arazoaren dimentsioa zein den, eta hein berean, erakusten dute eskolak "babesa emateko eta elkarrekin borrokatzeko espazio aproposak" direla. Besteak beste, eskolak direlako "hainbat errealitateren elkargunea".

Hain zuzen ere, hasitako lana sakondu asmoz, hurrengo egunetan sarea zabaldu eta bildu egingo dira kaltetutako familiak, Abendañoko ikastolako eta Unamumo ikastetxeko hezkuntza komunitateetako kideak eta auzoko Etxegorri auzo elkartea.

Etxebizitza

Etxebizitzaren gaiak zentralitate osoa hartu duenean mintzatu gara Encisorekin. Iragan astean gutxienez hiru etxegabetze gertatu dira Gasteizen soilik, "eskolako familiarena, Zerkabakarren kalekoa eta Judimendikoa", zerrendatu ditu guraso elkarteko kideak. Ia egunero jasotzen ditugun etxegabetzeen inguruko albisteei, ordea, etxebizitza eskubidearen aldeko mobilizazio ugari eta oso jendetsuak batu zaizkie, eta azaroaren 11rako greba orokorra iragarri berri dute Hego Euskal Herrian.

Etxebizitzaren arazoa gizarte osoarena dela esan digu aurretik Encisok, eta uste du ere egiturazko arazo orokor baten adierazpena dela. “Sistema osoa da arazoa, sistema honek ez ditu pertsonak eta pertsonon beharrak erdigunean jartzen. Oinarriak aldatzen ez ditugun bitartean, eskoletan familien etxegabetzeak salatzen jarraituko dugu”.


Etxegabetzeak kanalean gehiago
2026ko urriaren 28
Ekarpena

2026ko urriaren 12
BARRA WARROAK
Arratoiak eta gezurrak

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.