argia.eus
INPRIMATU
Iñaki Zubizarreta
"Eskola jazarpena bere horretan erakutsi behar da"
  • Maiatzaren 2a, Bullying-aren aurkako Nazioarteko Eguna izan da, eta horregatik, eskola jazarpenaz aritzen den hizlari Iñaki Zubizarretagaz (Getxo, 1972) mintzatzeko aukera izan dugu. Bere fisikoari erreparatuta, inork ez luke esango saskibaloi jokalari profesional ohiak txikitan eskola jazarpenik pairatu zuenik. Aitzitik, hala da, eta, bere istorioa ezagutu daiteke Paniniren eskutik euskaraz ere kaleratutako Subnormal eleberri grafikoaren bidez. Hala, Zubizarretaren helburua da eskola jazarpenaren errealitatea "apaingarririk gabe" erakustea; izan ere, bere buruaz beste egiteko zorian egon zen txikitan jasotako indarkeriaren eraginez.

Hiruka .eus Nahia Martinez Gondra 2023ko maiatzaren 04a
Eskola jazarpenari buruzko hitzaldiak ematen ditu Zubizarretak. Argazkia: Iñaki Zubizarreta

Nola erabaki zenuen eskola jazarpenagaz bizi duzun esperientzia publikoki kontatu gura zenuela?

Eskola jazarpenaren aurkako ekimenetan zebilen jendeagaz lan egiten hasi nintzen, eta, hasieratik, asmoak ekintzak baino nabariagoak ziren. Inflexio-puntua Javier Perez Aznar psikologoa ezagutu nuenean izan zen; berak motibatu ninduen nire istorioa publikoki kontatzera, eta sartuta nengoen putzutik ateratzen lagundu zidan. Beste pertsona oso garrantzitsu bat Alcalá de Henares (Madril) ikastetxeko zuzendaria den Jesus Pernas da, izan ere, berak eman dizkit jazarpenetik ateratzeko gakoak. Bi pertsona horiek bizitza aldatu didate, eta, gaur egun, oso kolaboratzaile estuak dira. Haiei esker eman dut nire istorioa kontatzeko urratsa. Beraz, erabakia progresiboa izan da. 

Zelako eragina izan du txikitan bizitako jazarpenak zure oraingo bizitzan?

Gu ez gara gure istorioa, baizik eta istorio horren interpretazioaren araberakoak gara. Gerta dakidakeen guztiaren barruan, beti daude bi irakurketa: bata, positiboa, eta bestea, negatiboa. Hurbilegitik ezagutzen dut zer den bidean okertzea eta galtzea, beraz, txikitan bizitakoak eragin handia izan du nigan. Uste dut gakoa dela ez tematzea zergatietan, baizik eta zentzua aurkitzea zertarako gertatu zaidan hori guztia. Honen harira, gogoan dut eman nuen hitzaldi batean 10 urte inguruko haur batek esan zidana. Azaldu zidan berarentzat jazarpena ezpata bat zela, iraintzen zaituzten eta gauzak esaten dizkizuten bakoitzean zorrotik atera eta barrutik sartzen eta txikitzen hasten dizun hitz-ezpata. Pentsa nolako aurpegia geratu zitzaigun denoi hain gaztea zen ume batek hori esan zigunean.

Eskola jazarpena bizitzen ari zinenean laguntza eskatu ahal izan zenuen?

Eskolan, familian, lanean edota bizitzako edozein beste eremutan jazarpena egiten duen jendeak zure barne-hizkera lapurtzen dizu. Beldurrean sartzen zaituzte, blokeatu egiten zara, eta ez duzu hitz egiten. Oso zaila da laguntza eskatzea, eta, egiten duzunean, agian, garaiz artatuko ez zaituen jendea dago. Horregatik, haurrakaz beti esaten dut begiakaz entzun behar dela: egiten ari zaren guztia utzi eta ahal duzun arreta guztia jarri behar duzu haurrarengan, batzuetan hori egiten ez bada beranduegi izaten baita.

Nolakoa izan zen Subnormal eleberri grafikoaren sormen-prozesua?

Nire baitan aldaketa handia igarri dut obra hori egin eta gero. Prozesu horretan nire beldurrei aurre egin behar izan nien eta nire barneko zati batzuk oraindino landu gabe nituen. Zorionez, niretzako terapia bat izan da obra hori sortzea, hain gaizki tratatu nauen jende guztiarekiko atsekabea eta gorroto puntu hori kentzen lagundu didalako. Prozesua oso gogorra izan arren, uste dut beharrezkoa dela eskola jazarpena bere horretan erakustea. 

Eleberri grafikoan ateratzen den guztia benetakoa da, telefono mugikorraren elementua izan ezik, garai hartan ez nuelako halakorik. Era horretan, inolako apaingarririk gabe erakusten dut zer den eskola eremuan ematen den indarkeria hori. Ez zait gustatzen jendeak esaten duenean jazarpena haurren kontua dela, izan ere, edozein indarkeria mota gertatzeko hiru premisa bete behar dira: lehena, ez dela kontuan hartzen; bigarrena, justifikatzen dela; eta, hirugarrena, minimizatu egiten dela. Bestalde, komikiak nire Instagram edota Wikipedia profiletik eskura daitekeen gida didaktiko bat ere badu, edukiak zuzenean landu ahal izateko. Euskaraz egoteaz gain, galegoz, katalanez eta gaztelaniaz eskuragarri dago.

Zer gomendio emango zenioke eskola jazarpena pairatzen dabilen ume bati?

Isiltasunagaz apurtzeko esango nioke, baina ez soilik berari, baizik eta jazarle pasiboei ere. Izan ere, jazarpenaren aurrean isilik geratzen diren pertsonak konplize bihurtzen dira. Duela 40 urte gertatzen zen, eta gaur egun ere txantiloi berdinak errepikatzen ditugu; ez dugu ezer aurreratu. Teknologia-mailan beldurra ematen duen erritmoan aldatu da mundua, baina maila-emozionalean erabat zaharkituta dauden kodeakaz ainguratuta eta programatuta jarraitzen dugu.