Eskola-jantokiko menuan intsektuak egotea lehengai fresko eta hurbilekoak erabiltzearekin lotu du Hezkuntza sailburuak

  • Eskola-jantokietako menuen kalitateaz eta janarian zizareak agertzeaz galdetuta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak erantzun du kalitatea prozesu osoan dagoela bermatuta eta intsektuak agertzea ez dela, berez, kalitate-gabeziaren adierazgarri. Aitzitik, “hurbileko produktuekin eta pestizidarik erabili gabe landutako produktuekin lan egiteak horrelako gorabeherak eragin ditzake”.

Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Dani Blanco | ARGIA CC BY SA

2026ko urtarrilaren 7an - 09:32
Azken eguneraketa: 2026-01-08 15:18
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zehazki, Leioako Lamiako eskola publikoko jangelako menuen kalitateaz galdetu du EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arresek: ikastetxeko menuetan zizareak agertu direla nabarmendu du eta catering enpresarekiko kontratuan eraginik izango al duen galdetu dio Begoña Pedrosari. “Zer egingo du sailburuak hau berriro gerta ez dadin?”, luzatu dio.

Pedrosak garbi utzi nahi izan du zerbitzuaren kalitatea “modu integral eta jarraituan bermatuta dagoela prozesu osoan zehar; esleipenetik hasi, instalazioak, ekipamendua eta tresnak gainbegiratu, lehengaiak hautatu eta menuak prestatu arte”. Adierazi du sistema osoa kontrol eta betekizun tekniko “zorrotzek” arautzen dutela, “profesional kualifikatuek” gainbegiratzen dutela eta auditoriak eta elikagaien “etengabeko analisiak” egiten direla.

“Irizpide teknikoaren arabera, plater batean intsektu bat egotea ez da, berez, janariaren kalitate-gabeziaren adierazgarri; aitzitik, produktuaren jatorriaren hurbiltasunarekin eta lehengai fresko eta naturalen erabilerarekin lotuta egon daiteke –gaineratu du–. Hurbileko produktuekin eta pestizidarik erabili gabe landutako produktuekin lan egiteak erabilera kimiko txikiagoa dakar, eta horrek, salbuespenezko kasuetan, horrelako gorabeherak eragin ditzake, baina horrek ez du esan nahi ezarritako elikagaien kalitate- edo segurtasun-estandarrak betetzen ez direnik”.

Dena den, prozedurari jarriki, catering enpresari dagozkion analisiak eta egiaztapenak aurkezteko eskatu zaiola jakinarazi du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak.

Catering enpresekin haserre

Behin baino gehiagotan izan dira albiste eskoletako jangelak eta horiek hornitzen dituzten catering enpresak, janarian zomorro edo antzekoren bat agertu delako (berriki kontatu dugu ARGIAn Basauriko ikastetxeko kasua) edo guraso elkarteek salatu dutelako kalitate eskaseko menuak zerbitzatzen dituztela (adibiderako, Bizkaiko Guraso Elkartearen inkesta hau).

Gero eta gehiago dira beren sukalde propioa izatea eskatu duten ikastetxeak, eta aspaldiko aldarrikapena da eskola jantokiek catering-enpresetatik kanpo funtzionatu ahal izatea, baina horretarako araudia aldatu beharko luke Eusko Jaurlaritzak.


Utzi erantzuna

Iruzkin bat

Jon
2026-01-16 // 08:47
zelako titularra. Argian klikbatik ez mesedez.
Eskola jantokiak kanalean gehiago
2025eko maiatzaren 12
Ikastetxeetan Elikadura Osasuntsu eta Jasangarria Sustatzeko Espainiako dekretua
Beste behin ere... ezer ez aldatzeko

Eguneraketa berriak daude
⚠️ Hezkuntza kanal berria ARGIAn
Ikas-komunitatearen jarraipen berezia, Mikel Garciaren eskutik
Hezkuntzari egiten diogun jarraipenak koska bat egingo du gora, bai edukiz bai diseinuz berrituta datorren Hezkuntza kanalarekin