“Eskola-garraiorako dekretuak ez du ez hanka ez bururik, ez dute herrietako errealitatea ezagutzen”

  • Lehertu egin da Zaldibiako ikasle eta familiek Hezkuntza Sailarekin duten gatazka, 14-16 urteko ikasleak eskola-garraiorik gabe utzi dituztelako. 200 metroen aitzakia funsgabeaz, eguerdian autobusa bai jartzearen kontraesanaz eta hurrengo urratsez hitz egin du Aloña Jauregi gurasoak ARGIArekin.


2026ko irailaren 16an - 07:00
Azken eguneraketa: 2026-09-17 18:35
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Eusko Jaurlaritzaren 2023ko dekretuak dio DBH 3 eta 4. mailako ikasleei eskola-garraioa dagokiela ikastetxetik 4 kilometrora edo urrunago bizi badira. Gipuzkoan, Ordiziako Oianguren institutura doazen Zaldibiako ikasleak 3,8 kilometrora bizi direla ebatzi du Hezkuntza Sailak, herri kaskoa ardatz hartuta, eta hortaz, eskola-garraiorik ez dagokiela. “200 metrogatik, benetan? Ikasleetako batzuek, gainera, 4 kilometro baino urrunago dute ikastetxearekiko bizitokia –azaldu digu DBHko guraso batzarreko kide Aloña Jauregik–. Zer egin behar dugu, autobus geltokia 200 metro urrunago mugitu? Joko horretan sartu behar dugu?”.

Funtsa dago gaizki, Jauregiren arabera: batetik, halako erabakiak herrietako errealitatea eta bizimodua ezagutzen ez duten hirietako bulegoetan hartzen direlako, dio; eta bestetik, dekretua bera “txiste bat” delako: “Zergatik daude garraiorako eskubidea duten ikasleak eta garraiorako eskubidea ez dutenak, derrigorrezko hezkuntzaz eta adin txikikoez ari garenean? Zergatik ez zaizkie dekretu hori eta irizpide horiek helduei ere aplikatzen, lanera joateko garraio publikoa izan dezaketen ala ez ebazteko? Eta zergatik dira lau kilometro? Azaldu ez duten zenbaki hori jarri duten bezala, beste zenbaki bat ere jarri dezakete”. Ez litzatekeela kilometro mugarik jarri behar uste du Jauregik.

Gogor mintzatu da DBH3ko ikaslearen ama: “Aspaldi, 14 urtera arteko eskolatzea Zaldibian mantentzea eskatu genuen, baina 12 urtetatik Ordiziako makrozentrora joatera derrigortu dituzte gure seme-alabak; ez al zuten garraioaren arazoa aurreikusi? Baliabide gutxien dugun herriei aplikatzen dizkigute halakoak”.

"Zergatik daude garraiorako eskubidea duten ikasleak eta garraiorako eskubidea ez dutenak, derrigorrezko hezkuntzaz eta adin txikikoez ari garenean?"

Aurten, 40 ikasle

DBH 1 eta 2ko Zaldibiako ikasleek badute eskola-garraiorako eskubidea, adin horretan 2 kilometro baino gehiagoko distantzia bermatzen duelako Hezkuntza Sailak. Autobus horretan libre dauden plazetan baimenduta dute DBH3 eta 4ko ikasleek joatea, baina ez dira denak sartzen. Gaur egun, 40 ikasle daude DBH 3-4n, eta horietatik 17 doaz DBH1-2ko autobusean. Gainerako 23ek linea erregularra hartu behar dute. Asmoa da ikasturtean zehar aldatzen joatea zein ikaslek erabili dezakeen DBH 1-2koen eskola-garraioa eta zeinek ez, txandaka.

Zaldibiatik Ordiziara gazteak oinez joatea da bide ez seguruetatik gutxienez 45 minutu ibiltzea, eta ez da aukera bat. Herriarteko autobusa hartu behar dute, eta ohiko bidaiariei batuta, saturazioa sortzen dela eta ikasleak esertzeko lekurik gabe geratzen direla salatu dute. Ikasturte honetan dagoeneko 12 ikasle gelditu ziren egun batean eserleku gabe, eta beste egun batean 10. Datorren urtean, 40 ez, baizik eta 68 ikasle aurreikusten dituzte maila horietan Zaldibian, arazoa handituz eta kronifikatuz.

Hezkuntza Sailak ez du erabakia aldatzeko asmorik agertu, adierazia du herriarteko autobusak bermatzen duela ikasleak institutura garaiz iristea, eta eserlekurik ez duten gazteek zutik bidaiatu dezaketela. “Garraio erregularreko herri arteko ibilbideetan, arau orokorra erabiltzaileak eserita bidaiatzea da, eta zutik bidaiatzeak salbuespenezko behar luke, ez eguneroko egoera”, kexatu dira gurasoak. Kontuak kontu, oinarrian eskola-garraiorako eskubidea aldarrikatzen dute Zaldibian. “Bileretan aurpegiratu digute gure eskaera dela diru publikoaren erabilera txarra egitea; benetan hasiko gara diru publikoaren erabileraz hizketan?”, dio Jauregik.

Astelehenean, Zaldibiatik Ordiziara oinez joan ziren, protesta moduan, eta murala margotu zuten institutu aurrean. Datorren asterako ere ekintza gehiago dituzte buruan. Arartekoaren eta oposizio politikoaren ateak joko dituztela ere iragarri digu Jauregik.

Zergatik ez den ulertzen Hezkuntza Sailaren erabakia eguerdirako

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren sailak goizean ez, baina eskola bukatzean bai jarriko die Ordiziatik Zaldibiara itzultzeko autobusa ikasleei, argudiatuta eguerdiko ordutegi horretan ez dagoela linea erregularrik ikasleen ordutegiekin bat egiten duenik. Bitxia da, zeren goizean 8:00etako autobus erregularra hartu behar dute ikasleek eta 20 minutu itxaron behar dituzte (8:10etik 8:30era) institutuan sartu ahal izateko, eta eguerdian, beste 20 minutu dira institututik irten eta autobus erregularra iristen den arte itxaron behar dituztenak (14:30etik 14:50era). “Berdin-berdina da goizean eta eguerdian itxaron behar dutena! Hezkuntza Sailaren argudioak ez du zentzurik, eta gainera, eguerdian eskola-garraiorako autobus bakarra jarri dutenez eta bi txanda egiten dituenez, bigarren txandakoak berdin-berdin itxaron behar dituzte 20 minutu”.

"Bileretan aurpegiratu digute gure eskaera dela diru publikoaren erabilera txarra egitea"

SMSak gurasoei

Zaldibiako Lardizabal eskolako Lehen Hezkuntzako ikasleek planto egin zuten astelehenean, elkartasunez, eta etorkizunean haiei eragingo dien egoera salatzeko. Lardizabal eskolako gurasoek SMS bana jaso zutela kritikatu du Aloña Jauregik, ikasleen hutsegiteaz ohartarazten.

Zaldibiako ikasle eta familien protestak.
Zaldibiako ikasle eta familien protestak.
Zaldibiako ikasle eta familien protestak.

Zaldibia ez da kasu bakarra

Herri eta eskola bat baino gehiago dira eskola-garraioarekin arazoak azaleratu dituztenak. Nafarroan, Antzinen esaterako, 20 kilometro gehitu dizkiote ikasturte honetan autobusaren ibilbideari, eta ondorioz, 20 minutuko bidaia zena 45-50 minutukoa bilakatu da. Garralda eta Basaburuko familiak ere haserre daude, ikasleek autobusean egin beharreko ibilbideak eta denborak luzatu dituztelako, gainera errepide arriskutsuetatik. Landa eremuko familiek zerbitzu duina aldarrikatu dute.

Protesta Antzingo eskolan.

Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Hezkuntza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.