Ba al zenekien Guardia Zibilak zazpi langile hil zituela tiroka manifestazio batean Donostian? Euskal Herrian XX. mendean langileen aurka egindako sarraskirik handiena izan zen, eta ziurrenik ezezagunenetakoa. Ategorrietan izan zen zehazki, 1931n. Gai hori ardatz hartuta, komiki ederra argitaratu dugu ARGIAn: Ategorrietan Fisterra.
Horrela dio sinopsiak:
1931ko maiatzaren 27a. Ategorrieta, Donostiaren ekialdean. Guardia Zibilak Pasaiatik datorren manifestazioa geldiarazi du. Protestaren buruan haurrak eta emakumeak daude. Haien atzetik, 2.000 pertsona baino gehiago. Arrantzaleak, portuko langileak eta bizilagunak. Aurretik, Loiolako kuarteleko soldaduekin egin dute topo, baina manifestazioak aurrera jarraitu du, eta orain ez du zertan bestela izan. Azken finean, Espainiako Bigarren Errepublika ezarri berri da. Halako batean korneta soinua entzun da, eta berehala tiroak. Bat, bi, hogei, berrogeita hamar, kargagailuak hustu arte.
Ategorrieta. Finis Terrae. Ekialdetik hirira sartzeko Ate Gorria lurraren amaiera bihurtu zen egun hartan. Hildakoak eta zaurituak. Gerra-egoera eta atxiloketak. Lan honek itsaso zakar honetan nabigatzera garamatza.
Pasaiako Udalaren babesarekin, sarraskiaren 95. urteurrenaren testuinguruan, memoria ariketa egin nahi izan dugu. Ilustrazioak Malen Gainzarainek egin ditu eta gidoiaz Beñat Apalategi, Lander Arbelaitz eta Markel Ormazabal arduratu dira; autoreek komikigintzan egiten duten lehen lana da. Koldo Izagirrek hitzaurrea eta amaierako poema idatzi ditu, eta komikiko elkarrizketen idazketa-aholkulari izan da.
210 orriko lan mardula da eta biniloa ere kaleratu dute egileek, bi kantu berrirekin. Batetik, Niña Coyote eta Chico Tornado donostiarrek eta Bala galiziarrek elkarrekin egin dutena hemen entzun dezakezu, eta bestetik, Gailu andoaindarrek eta Nakar donostiarrek, Beñat Gaztelumendiren letrarekin egin dutena hemen dituzu entzungai, biak komikiko ilustrazioekin eginiko bideoklipekin.
ARGIAko kide bazara, lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizugu, zure ekarpenagatik argitara baititzakegu horrelako proiektuak. Mila esker, bihotzez hor egoteagatik. Horrez gain, jakinarazi nahi dizugu maiatzaren 20a baino lehen bidalketa gasturik gabe eskura dezakezula liburua 25 euroan. Liburua + biniloa pack-a ere prest dago 30 euroan, baina jakin biniloa ekainaren lehen astean iritsiko dela eta bidalketa orduan egingo dela.
Eta ez bazara ARGIAkoa, baina proiektu hau estimatzen baduzu, opari honekin animatu nahi zaitugu pausoa ematera. Keinu txiki honekin gure independentzia ekonomikoa babesten ariko zara, eta horixe da gure independentzia periodistikoaren bermea, zalantzarik gabe.
ARGIAk ‘Ategorrietan Fisterra’ komikia Donostian aurkeztuko du asteazkenean, sarraskiaren 95. urtemugaren atarian. Maiatzaren 13an jendarteratuko da lana Parte Zaharreko San Jeronimo kaleko Kripta aretoan, 18:30ean. ARGIAko kazetari eta liburuaren editore Urko Apaolazaren gidaritzapean, komikia aurkeztuko dute Beñat Apalategi, Markel Ormazabal eta Lander Arbelaitz gidoigileek, baita Malen Gainzaran ilustratzaileak ere.
Lehen jendarteratze horrez aparte, maiatzaren 21ean Donostiako Gros auzoko Marruma elkartean egongo dira egileak. Izan ere, hainbat ostegunetan jendaurreko bideopodcastak grabatzen dute Marruman, eta Ategorrietan Fisterra proiektuko kideak izango dira gonbidatuak egun horretan. 19:00etan grabatuko da, publikoarekin.
Bestalde, Ategorrietako sarraskiaren 95. urteurrena maiatzaren 27an izango da, asteazkenez. Pasaiako Udalaren babesaz argitaratu da Ategorrietan Fisterra komikia, eta udal horrek hainbat ekintza antolatuko ditu egun horretan; goizean, besteak beste, mural bat margotuko dute, eta irudigileak propio erabiliko ditu komikian ageri diren irudiak eta estiloak. Arratsaldean, berriz, Ategorrietan Fisterra proiektua aurkeztuko da Trintxerpeko liburutegian, 19:00etan.
Aurreikusitako agenda ekainaren 11n borobilduko da, biniloaren aurkezpenarekin. Ostegun horretan Donostiako Egia Recordsen egingo da aurkezpena, 18:30ean.

Zure herrian aurkezpen edo hitzaldiren bat lotu nahiko bazenu, idatzi solasaldiak@argia.eus helbidera